Euskadik eskualdeko bioekonomia bultzatzen duten driverrak aurkeztu ditu Europan

evento_bioregiones.jpg

2022-06-28

• Eusko Jaurlaritzak "Bioekonomiako eskualde-trantsizioen desblokeatzea. Gaiaren egoera eta etorkizunerako perspektibak " ekitaldian hartu du parte, Bioregions Facilityk Leizpig-en (Alemania) antolatua

• Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren izenean hitz egin du, eta Bioregions platafomatik egindako azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu

"Eskualdeko trantsizioen desblokeatzea bioekonomian. Gaiaren egoera eta etorkizunerako perspektibak "izenburupean, Bioregions Facility (Euskadi bertako kide da) eta Biomasari buruzko Alemaniako Ikerketa Zentroak (DBFZ) bi eguneko tailerra antolatu dute Leipzigen (Alemania) -2022ko ekainaren 28 eta 29an-, eskualde mailan bioekonomia sustatzen jarraitzeko.

Lehen jardunaldian, DBFZren Leipzigeko instalazioetan, bioekonomian punta-puntakoak diren Europako eskualdeen ekimenak azaldu dira, hala nola Ipar Renania-Westfalia, Karelia edo Euskadi, eskualdeko motor eta bideratzaile nagusiak hobeto ulertzeko.

Eskualdeko beste ekimen enblematiko batzuen eta bioekonomiako inbertsioa desblokeatzeko politika arrakastatsuen azterketa ere egin da. Mahai-inguruetan, Nitrako (Eslovakia) Nekazaritza Unibertsitateko, Leipzigeko Ingurumen Ikerketaren aldeko Helmholtz Zentroko eta Finlandiako Ekialdeko Unibertsitateko partaideek eskualde bat bioekonomiako inbertsioetarako erakargarri egiten duten faktoreei buruz hausnartu ahal izan dute.

Leire Barañanok, NEIKEReko zuzendari nagusiak, Leipzigeko jardunaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzaren izenean. ‘Bioekonomia erregionala bultzatzen duten faktoreak, BIOREGIONS Facility-n ikasitako lezioak 'izeneko hitzaldian, Barañanok bioeskualdeen plataforma horrek Europako eskualde batean baso-bioekonomia zirkularraren garapena zehazten duten faktoreak identifikatzeko egin duen azterlana aurkeztu du. Era berean, Europako hiru eskualde liderretan baso-bioekonomiaren garapenaren ildo nagusiak azaldu ditu, halaber Ipar Karelia (Finlandia), Ipar Renania-Westfalia (Alemania) eta Euskadiren kasuak kontatu ditu.

Bere parte-hartzean, NEIKEReko zuzendari nagusiak Bioregions plataformaren ikerketaren ondorio nagusiak ere azaldu ditu. Eskualdeak funtsezkoak direla azpimarratu du baso-bioekonomia zirkularra ezartzeko, eta nabarmendu du agintari publikoek bultzada handia eman behar dutela lehenengo etapetan, bai eta eragileen (enpresak, klusterrak, inbertsio-funtsak, teknologia-zentroak, unibertsitateak) partaidetza goiztiarraren beharra, ekosistema optimoa sortzeko. Amaitzeko, Barañanok gogorarazi du eskualdeen arteko elkarlana eta lankidetza-sareak ezinbestekoak direla baso-bioekonomia zirkularrerantz eraldatzeko prozesuak bizkortzeko.

Bigarren egunean, ekainaren 29an, UPMBiochemicals enpresa Leunan, Saxonia-Anhalt eskualdean, eraikitzen ari den biorrefindegiko planta berria bisitatzea aurreikusi da, eskualdera bioekonomiako inbertsioak erakartzeko moduaren benetako adibide gisa. Munduko lehen biorrefindegia da eta ekoizpen eta birziklatze-prozesuak erabat integratuko ditu. Horrek produktu kimikoen balio-kate osoa zirkulartasun berriztagarrira eraldatzea ahalbidetuko du.