Euskadik erabat aldatu nahi du hondakinak kudeatzeko eredua, eta kanonak horren balorizazioa hobetzeko izan behar du; izan ere, 54 proiektu ari dira lanean eredu horretan

Argitalpen-data: 

  • Arantxa Tapiaren adierazpenak Onda Vascan: “Hondakinen arloan erantzukizunez eta elkartasunez lan egin behar dugu gainerako lurraldeekin”

gaur goizean Onda Vascan egindako elkarrizketan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, Euskadik aldaketa osoa eman nahi dio hondakinak kudeatzeko ereduari.

 “Alde batetik, ekonomia zirkularrean aurrera egiten ari gara, materialak nola berrerabil ditzakegun aurreratzen ari gara, eta 54 proiektutan ari gara lanean. Bestetik, hori martxan jartzen den bitartean, industria-hondakinak isurtzeko gaitasuna behar dugu. Gaur egun balorizatu ezin diren hondakin guztiak gelaxketan bota ahal izatea nahi dugu, berrerabili ahal ditugunean ireki ahal izateko”.

 “Gure ekoizpen-prozesuek hondakinak sortzen dituzte, eta gero eta gutxiago sortzen ditugun arren, 2030. urtera arte 9.000 milioi tona hondakin sortuko ditugu. Hortik aurrera, urtean 200.000 baino ez ditugu sortuko. Hala ere, ordura arte isurtzeko gaitasuna izan behar dugu”.

 “Gure ustez, behar besteko edukiera duten zabortegiak egonda, ez litzateke logikoa izango hondakinak kanpora eramatea, inguruko lurraldeetara alegia, izan ere hondakinen arloan, erantzukizunez eta elkartasunez lan egin behar dugu gainerako lurraldeekin”.

Trantsizio energetikoa eta klimatikoa

“Eremu kezkagarria da, ez baikara trantsizio energetikoa azkar egiten ari. 2050ean gure ekonomian karbono-neutraltasunera iristeko, egun ez dugun neurri bateko instalazio berriztagarri gehiago jarri behar dira martxan, eolikoak zein fotoboltaikoak. Berriztagarrien atalean, batez ere, oraintxe egiten ari garena baino askoz gehiago egin dezakegu”.

“Guztioi handitu zaigu elektrizitatearen faktura. Dirulaguntza-lerro asko jarri dira martxan, eta Europar Batasuna bera konturatzen ari da erregulazioa aldatu egin behar dela. Bat nator energia enpresen ezohiko mozkinak zergapetzeko Europaren ikuspegiarekin; hori litzateke egokiena, eta zerga horren bidez lortutakoa ez dadila kontu orokorrera joan, gehien behar duten enpresei eta pertsonei baizik”.

“Statkraftek berriztagarrien bi proiektu ditu, bata Zestoa-Azpeitian, eta bestea Aramaion, biak industria-beharrizanetara zuzenduta. Instalazio berriztagarriak behar ditugu, gure enpresek behar dituzte. Trantsizio energetiko horretan aurrera egitearen alde eta CO2 gutxiago isurtzearen alde bagaude, proiektu horiek beharrezkoak dira. Eta guk egin behar ditugu, ez auzokoek”.

Lehen sektorea

“Elikadura Katearen Legeak dio ekoizpen-kostuak kate-maila bakoitzean izan behar duela eragina. Gaur egun, pentsuen, elektrizitatearen, ongarrien eta abarren prezioak garestiagoak dira, eta horrek eragina du azken prezioan. Gurean ez dugu makro-ukuilurik, eta hori baloratu behar dugu; gogoratu behar dugu ezin dugula onartu ekoizleek produktuaren kosturaen azpitik lan egitea”.