Euskadik ekin dio bere osotasunean Osakidetzan egingo den "Car-t" minbiziaren aurkako lehen tratamenduari

2022-10-27

Terapia berri eta abangoardista bat da, oraintsu arte sendatzeko aukera gutxi zuten gaixotasun onko-hematologiko batzuen tratamenduan emaitza onak ziurtatu dituena

 

Osakidetzaren Donostiako Unibertsitate Ospitalea tratamendu hauek ezartzeko Euskadiko erreferentziazko zentro izendatu dute

Euskadik minbiziaren aurkako CAR-T terapiaren lehen tratamendua egin du; hala, medikuntza modernoaren gertaera gogoangarri honekin, aurrera urratsak egin dira, Osakidetzan Euskadiko biztanleriaren osasun zainketaren bikaintasun eta kalitate indizeak mantentzen jarraitzeko. Horrela adierazi du osasun sailburu Gotzone Sagarduik, Donostiako Unibertsitate Ospitalean –tratamendu hauek ezartzeko erreferentziazko zentroan– terapia hau gauzatu denean.

CAR tratamenduak T zelula immunitarioen (globulu zuri mota baten) aldaketa genetikoan oinarritzen diren terapia zelularrak dira. Terapia hauetan, pazientearen odola ateratzen da, gero zelula hauek laborategian alteratzeko; eta, ondoren, zelula horiek berriro pazienteari sartzen zaizkio, zelula tumoralak suntsitu ditzaten. Terapia mota honi zelula terapia geniko ere esaten zaio, geneak alteratzen baitira, edo baita medikuntza pertsonalizatua ere, lanketa eta arreta indibidualizatua eskatzen dituen prozesu konplexua baita.

 

OSAKIDETZA, CAR-T TERAPIAREN ERREFERENTZIAZKO ZENTRO

Antigeno-hartzaile kimerikoen bidezko T zelulen terapia (CAR-T) erabiltzen da T zelula deritzen zelula immunitarioek (globulu zuri mota batek) minbiziaren aurka eraso egiteko. Zelula horiek laborategian alteratzen dira, zelula tumoralak aurkitu eta suntsitu ditzaten. CAR-T zelula terapia, batzuetan, zelula terapia geniko mota bat dela esaten da; izan ere, T zelulen barnean geneak alteratzen dira, minbiziari aurre egiten laguntzeko.

CAR-T terapia ematen duten ospitale guztiek esperientzia sendoa dute transplante hematopoietikoan; hala, behin tratamendua eskuragarri jarrita, haren administrazioak eta pazienteen kontrolak antzekotasunak ditu paziente transplantatuen maneiuarekin.

Donostiako Unibertsitate Ospitalearen kasuan, Biodonostia osasun-ikerketaren institutuko Ehunen Ingeniaritza arloko arduradun Ander Izetak adierazten digunez, “hainbat urte dira zelula ama hematopoietikoen transplante alogenikoa  egiteko Euskadiko pazienteen erreferentziazko zentro garela, eta ez da hain zaila izan gure lan-protokoloak egokitzea; alabaina, dokumentazio- eta erregistro-lan handia egin behar izan dugu, eta, gainera, COVID-19aren pandemia garai betean,  presio asistentziala, berez, handituta zegoenean”.

Bestalde, prozesatze zelularraren instalazioak modernizatu behar izan dira, eta, horretarako, Osasun Sailak eta Osakidetzak erabateko laguntza eman dute, beharrezko finantza-ekarpena egin baitute azpiegiturak egokitzeko eta bi gela zuri martxan jartzeko –bata transplanteetarako, eta bestea CAR-T eta bestelako terapia aurreratuetarako–.

Hamalau zentro berri sartu dira Osasun Sistema Nazionalaren terapia aurreratuen sarean, eta horietako bat da Osakidetzaren Donostiako Unibertsitate Ospitalea. Sare horren hedapena oso garrantzitsua da pazienteentzat eta haien familiakoentzat; izan ere, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hematologia Zerbitzuko burua den Carlos Panizok azaltzen duen bezala, “ez dago pazienteak beste hiri batzuetara deribatu beharrik, eta haien inguru hurbiletik urrundu beharrik”. Bestalde, sare horretan sartzeak “ahalegin multidiziplinar handia eskatu digu, baina, halaber, aukera eman digu terapia aurreratuenak eskaintzeko, gure profesionalen gaikuntza hobetzeko, eta ospitalearen maila zientifikoa eta ikusgaitasuna areagotzeko”.  

 

Batzorde berrien osaera

CAR-T terapia emateko, funtsezkoa da lantaldeetan arlo desberdinetako profesionalek jardutea, prozesuaren arintasuna ziurtatzeko. Hala, espezialisten bi batzorde eratu dira: alde batetik, Batzorde Kliniko-Patologikoa, tratamenduaren indikazioa aztertu eta onartzen duena; eta, beste alde batetik, CAR-T Terapiaren Unitate Multidiziplinarra, tratamenduak ezartzeko eta konplikazioak maneiatzeko protokoloez arduratzen dena –hainbat zerbitzuk parte hartzen du bertan, hala nola Hematologiak, Farmaziak, helduen eta haurren ZIUek, Hematoonkologia Pediatrikoak, Neurologiak eta Immunologiak–. Dena den, lantaldeek osaera dinamikoa izan behar dute, terapia aurreratuen ezagutza-arloa garapen betean baitago”.

Horrelako lantalde multidiziplinar batean, ezin da falta praktika aurreratuko erizainaren figura; izan ere, Panizok dioen moduan, “arrakasta-gakoetako bat da, prozesu guztia modu arin eta koordinatuan egin dadin”.   

 

 

Indikazio berriak

Gaur egun, CAR-T terapiaren indikazioak Osasun Sistema Nazionalak onartu dituenak dira –zelula handien linfoma hedatsuak eta leuzemia linfoblastikoa, hain zuzen–, baina profesionalek iragartzen dute indikazio horiek areagotu egingo direla. Orain arte onartutakoen arabera, Osakidetzan, datorren urtetik aurrera, hilabetero infunditu beharreko pazienteak bi izatetik lau izatera helduko direla aurreikusten da, baina Carlos Panizok azaltzen duen bezala, “espero izatekoa da indikazioak beste patologia batzuk dituzten eta gaixotasunaren beste fase batzuetan dauden pazienteetara zabalduko direla; beraz, aurreikuspen hori ere areagotzen joango da”.

Espainian, dagoeneko hiru urte bete ditu CAR-T terapiak, baina oraindik aztertzeko dago tratamendu honek beste gaixotasun batzuk sendatzeko izan dezakeen ahalmena –adibidez, mantuko zelulen linfoma edo mieloma anizkoitza, tumore solidoak edo baita tumoralak ez diren beste gaixotasun batzuk ere–.