Euskadik 3,9 milioi euro jasoko ditu Next Generation funtsetatik, turismo-ostatuko enpresei lotutako energia-efizientziako proiektuetarako

Helburua turismo-enpresen lehiakortasuna handitzea da eta, horretarako, energia-kostuak eta karbono-aztarna murrizten lagunduko duten energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatzea.

Ministro Kontseiluak Euskadin 3,9 milioi euro banatzea onartu du Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko 14. osagaiaren esparruan turismo-enpresei lotutako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak laguntza lortzeko mekanismoak gaitu beharko ditu adierazitako onarpenaren ondoren. Programa berriari buruzko informazioa dagoeneko helarazi zaio sektoreari, eta parte hartzeko aukerari buruzko aginduaren xehetasunak landuko dira aurrerantzean.

Sailak dirulaguntzaren deialdia egin ondoren, azken hartzaileak Konferentzia Sektorialaren akordioan zehaztutako turismo-ostatuko enpresak izango dira: turismo-ostatura bideratutako eraikinen jabe diren pertsona fisikoak edo juridikoak, edota mota horretako eraikinen enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak.

Diruz lagundu ahal izango diren jarduketek honako hauek izan beharko dituzte xede: inguratzaile termikoaren energia-efizientziaren hobekuntza, energia berriztagarrien erabilera berokuntza, hozte, klimatizazio eta ur beroko instalazio termikoetan, eta argiztapen-instalazioen hobekuntza.

Jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren % 30eko murrizketa lortu eta justifikatu beharko dute, abiapuntuko egoerarekin alderatuta.

Diruz laguntzeko moduko jarduketak egiteko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da, aurretik aurrekontu erabilgarria amaitzen denean izan ezik.