Euskadik 2021-2023 aldirako 1.090 M " inguru xurgatzea lortu du Europako MRR Funtsetatik

2022-06-24

 

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, Euskadira Europako funtsak iritsi direla jakinarazteko. Euskadik -oraingoz- 1.090 milioi euro inguru xurgatzea lortu du 2021-2023 aldirako. Hala, 856 M Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu; 143 M Estatuak, eta 90 M toki-erakundeek.

Azpiazuk adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza 2020tik ari da MRRaren gobernantza eskatzen, Estatuak ezarritakoaz bestelakoa, baina, egia esan, ezarritako kudeaketa-formula horixe da, eta une honetan “oso pragmatikoak izan behar dugu, eta Europako ahalik eta baliabide gehien erakartzen saiatu”, Next Generation funtsak aukera bat baitira Europar Batasunaren aurrerabidearen eta oparotasunaren oinarriak hurrengo belaunaldientzat ezartzeko. Hala, sailburuak adierazi du 2022ko bigarren seihilekoa funtsezkoa dela Europako funtsak ezartzeko.

Era berean, kezkatuta agertu da exekuzio-mailagatik; izan ere, Estatuko Gobernuak 2021eko eta 2022ko ekitaldietarako MRR funtsen aurrekontuetan aurreikusitako 52.000 milioi euroetatik % 44ren (23.000 milioi) obligazioak aitortu dira, baina horrek ez du esan nahi zenbateko hori dagoeneko exekutatua dagoenik. Europako Batzordeak argitaratutako kontabilitate nazionaleko datu ofizialen arabera, Espainiak Europako funtsetatik 2.400 milioi baino ez zituen exekutatu iaz. Izan ere, gertatu dena da sektore publikoko beste erakunde batzuetara, besteak beste ADIF, IDAE, portu, sare edo autonomia-erkidegoetara transferentziak egin direla, eta erakunde horiek lizitatu eta ebatzi egin behar dute.

EUSKO JAURLARITZAREN ZUZENEKO KUDEAKETA

2021-23 aldirako konferentzia sektorialen edo zuzeneko emakidaren bidez autonomia-erkidegoei banatutako 17.853 milioi euroetatik, Euskadiri 856 milioi euro esleitu zaizkio guztira (748 milioi konferentzia sektorialen bidez eta 108 zuzeneko emakidaren bidez); guztizkoaren % 4,79. Funts horien erabilerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren erabakitzeko ahalmena oso txikia da, helburu finalistak baitituzte.

Sailen arabera, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa; Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak; eta Lana eta Enplegua dira funts-bolumen handiena esleituta dutenak. Oro har, guztizkoaren % 88 baino gehiago dira.

Orain arte jasotako funtsekin, Eusko Jaurlaritzak hainbat kolektibori zuzendutako diru-laguntzen 29 deialdi egin ditu, guztira 164 milioi euroko bolumenarekin. 44 kontratu lizitatu dira, 102 milioi euroko zuzkidurarekin, eta 4 enkargu egin zaizkio EJIEri, 1,8 milioi euroko balioarekin.

2022ko bigarren seihilekoan, diru-laguntzen 25 deialdi berri, kontratazio publikoko 22 lizitazio eta EJIEri 7 enkargu egitea aurreikusi da, beste 289 milioi euro gehiago mugiarazteko.

Horrek esan nahi du 2021ean eta 2022an konferentzia sektorialetan Euskadiri esleitutako 644 milioi euroetatik (2023rako 104 dira), urte honen amaierarako % 86,4 zirkulazioan jarriko direla.

ZEHARKAKO KUDEAKETA

Espainiako Gobernuaren datuen arabera, Euskadin 143 milioi euro banatu dira Estatuko administrazio orokorrak ebatzitako deialdien bidez.

  • 18 milioi euro, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak kudeatutako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Planaren deialdietan jasoak.
  • 54 milioi euro proiektu pilotuak direlakoentzat: gizarte-eskubideei lotutako ekimenak; gizarteratzeko ibilbideak; hiri-agenda eta enplegu-programak kolektibo kalteberentzat eta ekintzailetzarentzat.
  • 4,2 milioi euro, zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin lotutako erronka estrategiko handiei heltzea helburu duten sektore anitzeko eta aniztasun teknologikoko Misioak I+g programakoak.

Estatuko kudeaketaren figura nagusiari dagokionez (PERTEak), Azpiazuk nabarmendu du euskal enpresek eta teknologia- eta ikerketa-zentroek parte hartu dutela Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren deialdian, ibilgailuen fabrikazioaren balio-katearen maila guztiak ordezkatzen dituztenek, alegia. Deialdi hori ez da oraindik ebatzi eta, beraz, ez dakigu zer euskal proiektuk lortuko dituzten Europako baliabideak.

Bestalde, Abangoardiako Osasuna PERTEan, hainbat erakundek (Biodonostia, Biocruces, BioAraba, CIC Biogune, Kronikotasunari buruzko Ikerketaren Nazioarteko Bikaintasun Zentroa eta Euskal Herriko Unibertsitatea) finantzaketa lortu dute doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren esparruan ikerketa-proiektuak garatzeko.

Sailburuak agerraldia aprobetxatuz berriro eskatu du tresnak martxan jartzea, ESKUALDEKO PERTE figura Gobernu Zentralak diseinatutako leihatila-sarean sar dadin. Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiarekin lerrokatutako arlo estrategikoak ordezkatzen dituzten ekimenak dira, eta ez daude behar bezala jasota Estatuko 11 PERTEen barruan.

TOKI-ERAKUNDEAK

Toki-erakundeetara bideratutako 1.500 milioi euroetatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 185 udalek 90 M hartu dituzte guztira. Hauek dira helburuak: hirietan mugikortasun-eredu jasangarri, seguru eta konektatu bat sustatzea (65,3 milioi euro), mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua (14,6 milioi euro), enpresa txiki eta ertain urbanoak bultzatzea (5,8 milioi euro), konektagarritasun digitala, zibersegurtasuna bultzatzea eta 5G hedatzea (3,5 milioi euro), hiri-birgaitzea eta -berroneratzea (0,85 milioi euro) eta lanbide-heziketa bultzatzea (0,02 milioi euro).

185 udalerrietatik, 35 Arabako Lurraldekoak dira, funtsen % 15,5 bildu dituztenak guztira; 77 Bizkaikoak, % 40,2 jaso dutenak, eta 73 Gipuzkoakoak, zenbateko horren % 44,3 iritsi zaienak.

PRTR-AREN GEHIGARRIA

Espainiako Estatua bere Berreskuratze Planaren gehigarria prestatzen ari da une honetan, maileguetan legozkiokeen 70.000 milioi euroak eskatzeko. Oraingoz, erabateko hermetismoa erakutsi dute Autonomia Erkidegoekiko.

Azpiazuren iritziz, aukera-leiho handi bat da, balioan jarri beharrekoa, erreforma eta inbertsio egokienak diseinatuta, euskal ekonomia- eta gizarte-sarearekin lotuak. Izan ere, ESKUALDEKO PERTE figurarako sarbidea izan daitekeela adierazi du.

“Eusko Jaurlaritzatik gogor eta jarrera konstruktibo batekin jarraituko du lanean, gure ekonomia eta gizartea bultzatzeko proiektuetarako baliabideak erakartzea lortzeko” esanez amaitu du.