Europako ikuskariak inklusioaz, ekitateaz, kalitateaz eta hezkuntza-hobekuntzaz ari dira gogoeta egiten, Gasteizen

2022-06-23

  • Hezkuntza Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorra Arabako hiriburuan ari da urteroko workshop saioa egiten
  • Gaur eta bihar, Hezkuntza Ikuskaritzako 40 profesional inguru elkartuko ditu, Europako 14 herrialdetatik etorriak

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasiera eman dio, gaur goizean, Hezkuntza Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorra egun hauetan Gasteizen burutzen ari den bilkurari. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatuta, eta “Inclusion, Equity, Quality, and School Improvement” lelopean (“Inklusioa, ekitatea, kalitatea eta hezkuntza-hobekuntza”), Europako 14 herrialdetako Hezkuntza Ikuskaritzako 40 profesional inguruk eztabaidatu eta esperientziak partekatu dituzte, gaur eta bihar, Gasteizko Villa Suso jauregian bilduta.

Arabako hiriburuan aurrez-aurre elkartu diren parte-hartzaileez gain, egun hauetan Goiuri Jauregian egiten ari diren bilkura eta eztabaidak streaming bidez jarraitzen ari dira Europako gainerako herrialde eta eskualdeetan ere. Guztira 40 herrialde eta eskualdek osatzen dute SICI (Standing International Conference of Inspectorates), Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorra.

Irekiera ekitaldian, Pedrosa sailburuordeak azpimarratu du Ikuskaritza Zerbitzuak berebiziko garrantzia duela hezkuntzaren hobekuntzan, eta gogorarazi du Euskal Hezkuntza Sistemak aldaketa sakonak burutzen ari den unea bizi duela egun: Hezkuntzako Lege berri bat eraikitzeko lanean, eta berebiziko garrantzia duten gaiei buruzko eztabaida betean, hala nola belaunaldi berrientzat nahi dugun gizarte motari buruz, etorkizuneko erronkei erantzuteko behar ditugun irakasleen profilari buruz edo irakasle horiek behar duten prestakuntzari buruzko gogoetan.

Sailburuordearen esanetan, zalantzarik gabe, XXI. mendeko irakasleek gaitasun digitaletan eta metodologia urratzaileetan trebatuta egon behar dute, baina, batez ere, ikasteko eta eraldatzeko gogo biziz. «Helburua ez da soilik etorkizuneko hezitzaileei trebetasun instrumentalak ematea, baizik eta pertsona kritikoak prestatzea, beren ingurune aldakorra kudeatzeko gai izan daitezen», adierazi du.

“Ikaskuntza-esparru berri honetan” Pedrosak nabarmendu duenez, “irakasleen, gurasoen eta herritarren parte-hartzea bultzatu behar dugu. Eta badakigu Ikuskaritzaren zeregina funtsezkoa dela gure eskoletako edozein ekintzatarako”. Testuinguru horretan, hiru kontzeptu nagusi aipatu ditu: ezagutza, jarrera eta egiten jakitea. “Badakigu gauzak egiten, tresna eta ebaluazio-proposamen berriak garatu ditugu ikaskuntza-esparrurako, eta oraindik zertan hobetu behar den hausnartzen jarraitzen dugu. Horixe da izpiritua”. Baina, batez ere, garrantzi handiko osagai bat hartu du hizpide: pasioa. “Euskal Hezkuntza Sistema hobetzeko eta eraldatzeko garaia da, baina ez dezagun ahaztu badagoela osagai bat gure eskoletara eramaten dugun edozein esku-hartze eta proposamenetan beharrezkoa dena; eta uste dut hori pasioa dela”.

Esperientziak trukatzea

Bilkuraren bi egunetan zehar egingo diren saioak workshop formatuan egingo dira, hau da, bertaratutako pertsona guztiek, aldi bereko lantalde txikitan banatuta, iritziak eztabaidatu eta partekatuko dituzte, tailerretan. Tailer horietan, parte-hartzaileek aukera izango dute beste herrialde batzuetako lankideen esperientziak entzuteko, jardunbide egokiak partekatzeko eta inklusioari, ekitateari, kalitateari eta hezkuntzaren hobekuntzari buruz hausnarketa egiteko.

Gasteizko topaketa europarrak foro bat izan nahi du nazioarteko esperientziak trukatzeko, gai horiekiko kideen ezagutza hobetzeko eta jardunbide egokiak identifikatzeko. Horrez gain, SICI elkarteko kideen arteko harreman profesionalak eta pertsonalak sendotzeko ere bai. Jardunbide egoki horiek eta topaketa honetatik aterako diren ondorioak baliagarriak izango dira Europako hezkuntza-ikuskaritzei gomendioak egiteko.

Ukrainara begirada

Gasteizko topaketak, gainera, Ukrainari eskainitako tarte bat gorde du programazioan, herrialde horrek gaur egun bizi duen gerra-egoera aintzat hartuta. Alde batetik, Ukrainako hezkuntza-ikuskaritzako ordezkaritza bat telematikoki konektatuko da bihar Gasteizekin, gerra garaian herrialde hartan hezkuntza-arreta bizi izaten ari de egoera azaltzeko. Ondoren, Villa Suso Jauregian bildutako ikuskatzaileek euren herrialdeetara iritsi diren neska-mutil ukrainarrei zein arreta ari zaien ematen azalduko du, eskolatze-esperientziak gainerakoekin partekatuz.

Bisita kulturalak

Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorrak tartea egingo du agendan kultur jarduera batzuetarako ere. Atzo arratsaldean, atzerriko ordezkariei harrera egin ondoren, Gasteizko Erdi Aroko hirigunera eta katedral zaharrera bisita gidatua egiteko aukera izan zuten. Larunbaterako, ekainaren 25erako, Arabako Errioxara txango bat dago programatuta, upategi baterako bisita eta guzti.

Gasteizen egun hauetan egiten ari diren topaketa eta tailerren ondoren, ikuskatzaile guztiak berriro elkartuko dira udazkenean Irlandan, SICI-ren batzar orokorra dela eta.