Europako Batzordeak eraldaketa digitala eta eraldaketa energetiko-klimatikoa helburu dituen Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa 21-27 onartu du

Transformacion-digital.jpg

2022-12-01

Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa 2021-2027, Errioxak eta Melillak aurkeztutakoekin batera, Europako Batzordearen zerbitzuek onartutako Estatuko lehenengo hiruretako bat da, eta eraldaketa teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa ditu helburuen artean.

Programari esker, 414 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasunak kopuru horren % 40 finantzatuta. Inbertsio horiek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek egingo dituzte; hala, 56 M euro gehiago inbertituko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 Programan, aurreko aldiko (2014-2020) programarekin alderatuta.

Programari esleitutako EGEF laguntzaren 165 milioi euroak Europako Erregelamenduek ahalbidetzen dituzten 5 helburu politikoetatik (HP) bitan bildu dira:

  • Laguntzaren ia erdia “Europa lehiakorrago eta adimentsuago bat” HP1ean programatu da, Euskal Autonomia Erkidegoaren eraldaketa teknologiko-digitalari aurre egiteko helburuarekin, Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin – RIS 3 Euskadi 2030 (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030) bat etorriz:
  • I+G+B proiektuak sustatzea enpresa-sektorean.
  • Administrazio publikoaren digitalizazioa bultzatzea.
  • EGEFen gainerako laguntza “Europa berdeago bat” HP2an programatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa energetiko-klimatikoari aurre egiteko helburuarekin, Basque Green Deal ekimenaren eta Europako Itun Berdearen ildotik:
  • Eraikin publikoetan energia-efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera hobetzea.
  • Uholdeen aurkako defentsa eta suteen prebentzioa.
  • Ur-hornidura hobetzea.
  • Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea.
  • Hiri-garraioko sistema inklusiboagoak, jasangarriagoak eta efizienteagoak bultzatzea.

2021etik 2027ra bitartean Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Euskal Autonomia Erkidegoan batera finantzatu beharreko jarduketak programatu dituen Programaren estrategia eta Helburu Politikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrerabiderako definitutako Plan Estrategikoen arabera diseinatu dira —“Kohesio Funtsak Kudeatzeko Euskal Esparru Estrategikoa 2021-2027” dokumentuan laburbiltzen dira—, Espainiaren eta Europako Batzordearen arteko 2021-2027 Elkartze Akordioarekin bat etorriz.

Programak % 43ko ekarpen zenbatetsia egiten du Europar Batasunak klimaren arloan dituen helburuetarako, % 45ekoa ingurumenaren arloan, % 15ekoa biodibertsitatearenean eta % 40koa berdintasunaren, inklusioaren eta diskriminaziorik ezaren arloan.