Europak Euskadiren garapen sozioekonomikoari egindako ekarpen garrantzitsua

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak antolatutako dibulgazio-jardunaldiak Europar Batasuneko eskualde-politikak Euskadin azken 35 urteetan izan duen eragina nabarmendu zuen - bereziki, Eskualde Garapenerako Europako Funtsa (EGEF) - eta Euskadiko garapen sozioekonomikoan eta ingurumenekoan izan duen ekarpena.

Lehen programazio-alditik (1986-1993) gaur egungora arte (2014-2020), Euskadik 5.267,80 milioi euro jaso ditu Europako Funtsetatik. Kopuru horri esker, inbertsioak bultzatu ahal izan dira. Inbertsio publiko guztien % 9,5a dira oraindik ere, EAEko BPGaren % 0,21a.

Datu horiek Iñaki Barredo Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendariak eman zituen ezagutzera, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak antolatutako “Europa Euskadin” jardunaldian. Jardunaldi horretan, EBren eskualde-politikak –bereziki, Eskualde Garapeneko Europako Funtsarena (EGEF)– azken 35 urteetan EAEn izan duen eragina nabarmendu zen, bai eta jasangarritasunaren arloan gauzatzen diren zeharkako jarduketen garrantzia ere.

Iñaki Barredok bilera horretan azaldu zuenez, Europar Batasuneko eskualde-politikak eta euskal erakundeek Europatik datozen funtsen inguruan egin duten kudeaketak zerikusi handia izan dute Euskadik azken hiru hamarkadetan izan duen eraldaketa sozioekonomikoan eta ingurumenekoan. Eta, Europako funtsetatik jasotako 5.200 milioi euro baino gehiago “ekarpen handia” direla onartu arren, zehaztu zuen, ikuspegi kuantitatibotik, “zenbateko horrek ez lukeela berez azalduko Euskadik urte horietan lortutako garapen-maila”. Hala ere, ikuspegi kuantitatibotik, “garrantzia nabarmen handiagoa da, eta, erakundeen garapen handiarekin eta autogobernurako gaitasunarekin batera, faktore garrantzitsua da bizi izandako eraldaketa handia azaltzeko”, gaineratu zuen Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendariak.

Programazio-aldiak errepasatzean, Iñaki Barredok gogorarazi zuen 1986 eta 1993 artean Europar Batasunaren laguntzak eta kohesio-politikak industria-krisi larritik irteten lagundu ziotela Euskadiri. 1994tik 1999ra euskal ekonomiaren lehiakortasuna biziberritzeko eta berreskuratzeko prozesuari ere lagundu zion. 2000-2006 aldian, Europako funtsek enpresak bultzatzen, ingurumena hobetzen eta azpiegiturak garatzen lagundu zuten.

1997-2013 aldian, Europako kohesio-politika birbideratu egin zen, eta, Lisboako Estrategiaren ildotik, funtsen xedea eskualdeko lehiakortasuna eta enplegua sustatzea eta ezagutzaren ekonomia garatzea izan zen, enpresetan I+G+Ba bultzatuz. Berrikuntza-azpiegiturak; ingurumena eta energia-baliabideak; eta tokiko eta hiriko eta landa-eremuko garapen jasangarria ere bultzatu ziren. Eta ildo beretik joan dira 2014-2020 aldian jasotako baliabideak: IKTen erabilera hobetzera, I+G+Ban eragina izatera, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunari laguntzera, ekintzailetza berritzailea sustatzera, trantsizio digitala eta ingurumenekoa bultzatzera, energia berriztagarriak bultzatzera eta, gainera, Covid-19ak sortutako osasun-krisiaren konponketa bultzatzera.

Ildo horretan, Iñaki Barredok nabarmendu zuenez, pandemiaren ondoren, 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF Programa Operatiboaren hasierako zenbatekoari beste 319,15 milioi gehitu zitzaizkion REACT-EB programaren, hau da, kohesioa eta Europako lurraldeak suspertzen laguntzeko tresnaren, bitartez.

Jardunaldia Roberto Urkitza Enpresa Estrategiaren kontseilari delegatu-zuzendariak aurkeztu eta moderatu zuen, eta Koldo Atxutegi Bizkaiko Ekintzarako zuzendari nagusiak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak ere hartu zuten parte.

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak gogorarazi zuenez, “EGEF funtsek gure eguneroko jarduera guztia baldintzatzen dute, gu konturatu barik”, uraren hornidurari eta saneamenduari, hirietako hirigintzari, errepideei eta bestelako azpiegiturei… erreferentzia eginez. “Ezjakintasun hori marketin-arazoa izan daiteke”, esan zuen, eta herritarrak onura horiez guztiez kontzientziatzea “beharrezkoa” dela gaineratu zuen. Koldo Atxutegik adierazi zuen, halaber, eskualde-politikan Europak “lerro bat markatzen duela” eta erakundeek ildo horretan planifikatu behar dituztela euren jarduketak, eta nabarmendu zuen NextGenerationEU funtsak aukera bat direla, baina baita erantzukizuna ere, behar bezala kudeatu behar direla azpimarratuz.

Hala ere, Koldo Atxutegik gaineratu zuenez, Europaren finantziazioa “lagungarri izango zaigun” arren, Aldundiak, “trantsizio digital eta energetikoarekin, mugikortasun jasangarriarekin eta zaintza soziosanitarioarekin konprometituta”, Europako funtsen zain egon barik eramango ditu aurrera bere proiektu estrategikoak.

Berdintasuna

Bestalde, Emakundeko zuzendariak nabarmendu zuenez, EGEFek kofinantzatutako ekintzetan berdintasun-printzipioak aplikatuko ez balira, “ez ginateke Europako funtsei erantzun ona ematen ariko, horien premisetako bat inor atzean ez uztea baita”. Izaskun Landaidak gaineratu zuenez “inbertsioak ez dira neutroak generoaren aurrean, eragin desberdinak dituzte gizonengan eta emakumeengan”, eta, beraz, jarduketetan genero-ikuspegia txertatzeak ez du bakarrik inbertsioek pertsonengan duten eragina neurtzea ahalbidetzen, “berritzeko aukera eta aurrean ditugun erronkei erantzun egokia emateko estrategia ere badira”. Era berean, Emakundeko zuzendariak txalotu egin zuen programazio-aldi berrian genero-ikuspegia eta berdintasuna indartzea, proiektu guztietan eta fase guztietan txertatuz, eta “berdintasuna bereiziko gaituen faktore bat izan daitekeela” gaineratu zuen. Izaskun Landaidak ez zuen bere hitzaldia amaitu gura izan Emakundeko taldeak eta Europako funtsen erakunde arteko lantalde teknikoko pertsona guztiek programetan genero-ikuspegia eta berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko egiten duten lana aitortu barik.

Jasangarritasuna

Ihobeko zuzendari nagusia bat etorri zen esatean berdintasunak bezala, jasangarritasunak “hobeto kokatuko gaituela Europan”, eta, beraz, lehenetsi beharreko faktorea izan behar duela. Alexander Botok azpimarratu zuenez, “ingurumenaren kontzeptua garapen ekonomikoari lotu behar zaio. Europak karbonoan lehen kontinente neutroa izan gura du, eta horrek gure ekonomia aldatzea eskatzen du. Horregatik, Itun Berdearen estrategia europarra estrategia ekonomikoa ere bada”. Modu berean, “helburu berdeetara” bideratutako Europako funtsen bolumena azpimarratu zuen, eta trantsizio berdeari dagokionez, EB bi gauza oso ondo egiten ari dela esan zuen: “Norabidea adierazten ari zaigu eta helburuetara iristeko abiadura markatzen ari zaigu”.

Baina, horrez gain, Alexander Botok herritarrek Europako funtsen inguruan duten pertzepzio eskasak sortzen dion kezka bertaratutakoekin partekatu gura izan zuen; EBren eskualde-politika hautemateko modua, laguntza komunitarioaren ekarpen kualitatiboa eta kuantitatiboa ulertzeko modua… Laburbilduz, jendeak Europarekiko eta honen ekarpenarekiko duen “gertutasun falta”.

Horri dagokionez, Iñaki Barredok aitortu zuen programa guztiek komunikazio-estrategia bat duten arren, hori ez dela lehentasuna izan. “Orain arte, kudeaketa komunikazioaren aurretik egon da”, esan zuen. “Hala ere, programazio-aldi berrian, komunikazioa, zeharkako estrategia gisa, funtsezkoa izango da. Horregatik ideia berriak pentsatzen ari gara, sofistikatuagoak, komunikazio-dinamika gehiago. Gainera, EBk eskatu egingo ditu”.

Jardunaldiari amaiera emateko, Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendariak hau azpimarratu zuen: “Europak orientazio estrategiko gisa Euskadin duen eragina garrantzitsua da. Horregatik, argi izan behar dugu zer egin gura dugun herrialde gisa, eta hori Europari eta onenei begira egin behar dugu. Hori da Next funtsak ondo aprobetxatzeko, gizarte gisa eraldatzeko, gehiago hazteko eta hobeak, berdeagoak eta inklusiboagoak izateko gai izango diren proiektuak garatzeko modu bakarra.”