Etxebizitza Sailak web-orri berri bat sortu du hiritarrek Euskadiko alokairuen prezio errealak jakiteko

2022-07-01

  • Alokairu berriak hilean 711 eurokoak dira batez beste autonomia erkidegoan, Alokairu Merkatuaren Estatistikaren arabera

  • Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du herritarrek datu objektiboak izan behar dituztela etxebizitzaren arloan erabakiak hartzeko.

 Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak ostiral honetan aurkeztu du herritarrek parke pribatuko alokairuen datu errealak  eskuratzeko webgune berri bat. Tresna berriak Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (AME) azken eguneratzekoaren datuak erabiltzen ditu, 2021eko bigarren hiruhilekokoak.

Tresna berri honen bidez, alokairuaren merkatu libreari buruzko xehetasunak ikus daitezke auzoaren (10.000 biztanletik gorako herrietan), herriaren, eremu funtzionalaren edo lurralde historikoaren arabera, geolokalizatutako datu objektiboekin. Webgunean agertzen denez, Euskadin ohiko etxebizitza gisa erabiltzen diren etxebizitzen alokairu berriak hilean 711 eurokoak dira batez beste, eta metro koadroko prezioa 9,5 eurokoa da. Datuen arabera, alokairuek % 1,4 egin dute gora eta metro koadroak % 1,6, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Estatistika honen xehetasunak herritarrentzat gaur bertan ireki den www.euskadi.eus/emalen dauden mapen eta grafikoen bidez azter daitezke.

Sailburuak azpimarratu duenez, “etxebizitzaren gaiak herritar asko arduratzen eta kezkatzen ditu, eta baliagarria eta komenigarria da zalantzak argituko dituen eta espekulazioei aurre egingo dien egiazko informazioa izatea oinarridun erabakiak hartzeko”. Horregatik, eta etxebizitza-politika publikoetan erabakiak hartzeko eta jarraipena egin ahal izateko, Sailak AME eta web-orri berria sortu ditu. Azken tresna horretan sasoiko etxebizitzen eta lokalen prezioen bilakaerari buruzko informazio gehigarria ere badago.

AMEren helburua da Euskadiko etxebizitzen alokairu libreko kontratuei lotutako fidantza-gordailuen kopurua eta hileko errentak ezagutzera ematea. Estatistika fidantzen eta alokairu-kontratuen erregistroan jasotako datuetan oinarritzen da; izan ere, 2015etik errentamendu bakoitzeko nahitaez fidantza jarri behar baita bertan. 2021eko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, erregistroan alokairu libreko 67.033 kontratu daude, eta horietatik 64.123 ohiko etxebizitzak dira –gainerakoak sasoiko etxebizitzei edo familia bakarreko etxebizitzei dagozkie–.  

Araba

Lurralde historikoen arabera, erregistroan ohiko etxebizitzen alokairuen 9.227 fidantza daude Araban (guztien % 14,4). Gasteizen biltzen dira Euskadiko merkatu libreko alokairuen fidantzen % 11,9. Auzoz auzo aztertuta, Abetxuko da alokairu merkeenak dituena, eta San Martin garestienak dituena.

2. HIRUHILEKOA 2021

ARABA

VITORIA-GASTEIZ

Alokairu berrien batezbestekoa

644,5 euro hilean

671 euro hilean

Urte arteko aldakuntza

+% 1,1

+% 0,6

M2aren batez bestekoa alokairu berrietan

8,5 euro

9 euro

Bizkaia

Bizkaiko lurralde historikoan, Etxebizitza Sailak ohiko etxebizitzen 30.366 fidantza ditu erregistratuta (Euskal Autonomia Erkidegoko guztien ia erdia, % 47,4). Bilbok ditu Euskadiko fidantzen % 18. Bizkaiko hiriburuan Indautxu da auzorik garestiena eta Iturrigorri-Peñascal merkeena.

2. HIRUHILEKOA 2021

BIZKAIA

BILBO

Alokairu berrien batez bestekoa

704,5 euro hilean

780 euro hilean

Urte arteko aldakuntza

+% 1,2

+% 0,1

M2aren batez bestekoa alokairu berrietan

9,8 euro

11,3 euro

Gipuzkoa

Gipuzkoaren kasuan, 24.530 fidantza daude (guztien % 38,3). Donostiak 7.944 kontratu ditu, Euskadiko fidantzen % 12,4. Donostian Martutene da auzorik merkeena eta Aiete-Lugaritz garestiena.

2. HIRUHILEKOA 2021

GIPUZKOA

DONOSTIA

Alokairu berrien batez bestekoa

739,3 euro hilean

911,4 euro hilean

Urte arteko aldakuntza

+% 1,5

-% 0,2

M2aren batez bestekoa alokairu berrietan

9,5 euro

11,9 euro

Era berean, estatistikan ikus daiteke 2.500 biztanletik beherako udalerrietan alokairu-kontratu berriak batez beste 529,8 eurokoak direla, eta 40.001 biztanletik 100.000 biztanlera bitartekoetan 711,9 eurokoak.