Etxebizitza Sailak 71,6 milioi euro bideratuko ditu alokairua eta birgaitzea babesteko programetara (Gobernu Bilera 2022-5-31)

fotoconsejo.jpg

2022-05-31

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailak guztira 71.663.253 euro bideratuko ditu alokairu sozialerako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzera. Hala jasotzen da Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaion Iñaki Arriola sailburuaren Aginduan. Agindu horren bidez, argitara ematen dira etxebizitzen eta eraikinen alokairua eta birgaitzea sustatzeko 2022ko ekitaldi honetan emango diren urte anitzeko dirulaguntzen lerroak finantzatuko dituzten ordainketa- eta konpromiso-kredituak.

Gobernu Kontseiluaren bileran, programa horien aurrekontu-estaldurarako baimena ere eman da. Hona hemen programak:

-Dirulaguntzetan 38 milioi euro esleitu dira egiturazko berrikuntzen (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasunaren (igogailuak instalatzea, batez ere) eta energia-efizientziaren bidez bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea bultzatzeko. Horietatik 9 milioi ekitaldi honetan sortuko dira, eta 2022an bertan 24 milioiko gastuak konprometituko dira 2023rako eta 2,9 eta 2 milioikoak hurrengo bi urteetarako, hurrenez hurren. Zenbatetsi da 250 milioi eurotik gorako inbertsio pribatuak mobilizatuko direla (jabeen komunitateen kontura, batez ere) aipatutako dirulaguntzen bidez.

-Errentamendu babestua sustatzera 19 milioi euro bideratuko dira guztira: 1,7 milioi ekitaldi honetan sortuko dira, eta 2022an bertan 5,5 milioiko gastuak konprometituko dira 2023rako, eta 11,8 milioikoak 2024rako. Funtsean, sustapen berriko operazioak sustatzeko edo aurretik zeuden etxebizitzak birgaitzeko erabiliko dira, aldez aurretik eskuratu ondoren, sustatzaile publiko eta pribatuek alokairu sozialeko eta eskuragarriko etxebizitzetarako, baita zuzkidura-bizitokiak (AZBak) sustatzeko, gizarte-ekimenaren bidez cohousing-a edo etxebizitza kolaboratiboak sustatzeko, Alokairu programa sustatzeko (lankidetza publiko-pribatuko mekanismo berria, zeinaren arabera Jaurlaritzari eraikin pribatuak epe luzera lagatzen baitzaizkio inbertsore instituzionalentzako errenta ziurtatuen bidez) eta eremu hustuetan alokairurako jarduketak sustatzeko ere.

-Guztira 14,1 milioi esleitu dira hurrengo 20 urteetan (gehi gabealdia) finantza-erakundeek sustatzaile publiko eta pribatuei, etxe eta jabeen komunitateei, irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta erabilera-lagapeneko kooperatibei ematen dizkieten kredituen interes-puntuak subsidiatzeko, alokairu babestuko etxebizitzak eta birgaitze integrala sustatzeko (irisgarritasuna, energia-efizientzia, digitalizazioa, eraikinen azterketa teknikoen ondoriozko obrak eta etxebizitza hutsen mobilizazioa, aurretiazko birgaitzeren eta/edo eraberritzearen bidez), Jaurlaritzak EAEn diharduten kreditu-erakundeekin dituen finantza-hitzarmenen bitartez.