"Eskatzen dugu Estatuak Bruselari 70.000M"-ko maileguak eskatzeko aurkeztu behar dion Errekuperazio Planaren eranskinaren diseinuan parte hartu ahal izatea", planteatu du Azpiazu Sailburuak

2022-06-08

Noticias DEIA taldeak antolatutako "Next Generation Euskadi - Next Generation Funtsen Foroa" jardunaldiaren inaugurazioan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak berriro ere aldarrikatu du autonomia-erkidegoek Europako funtsen kudeaketan betetzen duten zeregina.

Topaketa horretan zehaztu duenez, Estatua Espainiako Errekuperazio Planaren eranskina prestatzen ari da. Eranskin hori Bruselari aurkeztu behar zaio 70.000 milioi euroko maileguak eskatzeko. “Ez dugu informazio-lerro bat bera ere. Hermetismoa erabatekoa da. Eta garrantzi handiko kontua da, eranskin horrek mugarri eta helburu gehigarriak sartzen baititu, eta autonomia-erkidegoek, exekuzio fasean ez ezik, diseinu fasean ere ahotsa izateko aukera eman baitezake”.

Sailburuaren iritziz, aukera paregabea zabaldu da autonomia-erkidegoak aldaketa horren diseinuan inplikatzeko eta “gure esku-hartzeak erreforma eta inbertsio gisa barne hartu ahal izateko, betiere gure eskumenen barruan”. Azpiazuk aditzera eman du mailegu horiek ezin dutela, inola ere, gure autogobernua murriztu, gure zorpetze-ahalmena murriztu.

“Funtsezko 24 hilabete ditugu, eta, oraingoz, ez dugu eranskinaren berririk, ezta eranskin horren prestaketan parte hartzeko aukerarik ere”, nabarmendu du Bilbon egin den foro horretan.

Testuinguru horretan, Azpiazu sailburuak Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenak nabarmendu ditu: “proposamen konstruktiboak dira; gure helburua da Euskadik, gure produkzio-ehunak, gure hirugarren sektoreak, euskal udalerriek eta gure herritarrek Europako ahalik eta baliabide gehien bereganatzea. Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoaren erabilera arrakastatsuaren erronka partekatzen dugu”.

Ildo horretatik, eta erabilera arrakastatsu hori bermatze aldera, zera aditzera eman du: “hori gauzatzeak dakarren kudeaketa-ahalegin itzelaz jakitun izanik, funtsezkoa da kudeaketa arinagoa izatea”, eta “ezin dugu onartu “labirinto burokratikoek” exekuzio erritmoa moteltzea”.