Ertzaintzak herritarrak ohartarazi nahi ditu bankuko identitateak ordezkatzen dituzten mezuen bidez telefono mugikorretan egiten ari diren iruzurrez

PHISING_EU.jpg

2022-01-21

Ertzaintzak jakin du, herritarren laguntzari esker, Euskadiko hainbat herritarrek bankuko identitate bat ordezkatzen duen sms iruzurgile bat jaso dutela telefonoetan, iruzurraren bidez diru-transferentzia bat egin ahal izateko Bizum aplikazioaren bitartez.

Iruzurra hasten da sms bat jasotzen duzunean. Bertan ohartarazten dizute “ekipo ezezagun bat zure kontura konektatuta” dagoela, eta “ezagutzen ez baduzu, linkera sartzeko” eskatzen du. Esteka “sakatzean” banketxearen antzeko webgune batera sartzen zara. Webgunean sartzean, zure bankuko kontuaren datuak eta erabiltzailea osatzeko eskatzen dizute. Ziberdelitugileak zure datu pribatuak erabiltzen ditu zure kontuan sartzeko eta iruzurra egiteko.

Kasu batzuetan beste datu batzuk ere eskatu dituzte, hala nola NANa edo telefono-zenbakia.

Iruzurgileek zure datu guztiak lortzen badituzte, transferentzia bat egiten diote beste pertsona bati Bizum bidez, eta, segur aski, horren identitatea ere ordezkatuta izango dute. Transferentzia baliokoa izan dadin, banketxeak sms bat bidaltzen dizu kode batekin. Delitugileek kode hori eskatzen dizute banketxeko langileen lekua hartuta, diru-transferentzia osatu ahal izateko.

Domeinuak aldatzen eta blokeoak egiten joan dira, baina litekeena da ziberdelitugileek euren jarduerekin jarraitzea, eta oso garrantzitsua da, beraz, herritarrak erne egotea era horretako iruzurren aurrean, horien biktima izan ez daitezen.

Edozein pertsona edo erakunde izan daiteke iruzur horren biktima. Une hauetan banketxeak dira biktima, eta aurretik enpresa logistiko handiak, paketeriako enpresak eta beste hainbat izan ziren.  

ERA HORRETAKO IRUZURREN AURREAN BABESTEKO OINARRIZKO NEURRIAK:

- Inoiz ez sartu ustezko banketxeetatik sms, watsApp edo posta elektroniko bidez iristen diren esteketan.

Banketxeek inoiz ez dizute eskatuko link batean sartzeko zure kontuen segurtasuna berriz ezartzeko.

- Halako mezu bat jasotzen duzunean, oso garrantzitsua da banketxearekin telefonoz harremanetan jartzea benetakoa den egiaztatzeko, aldez aurretik zenbakia egiaztatu ondoren.

- Halako mezu bat iristen zaizunean salaketarik jarri nahi ez baduzu, komeni da Ertzaintzari eta dagokion banketxeari jakinaraztea prebentzio-neurriak har ditzan.

- Inoiz ez birbidali plataformetatik telefonoan jasotako kodeak; izan ere, transferentziak osatzeko delitugileek behar duten bigarren autentifikazio-datua dira.

- Gauza bera gerta liteke watsApp kontuekin, modu horretara lapurtu baititzakete.

- Inoiz ez bidali agirien kopiarik ezezagunei; izan ere, beste identitate faltsu batzuk sortzeko, bankuko kontuak irekitzeko, kredituak eskatzeko, telefoniako kontratuak izenpetzeko eta beste hainbat gauzatarako erabil ditzakete.