Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dute Euskadin abiaduraren kontrola

Argitalpen-data: 

Control.jpeg
  • Kontrolak uztailaren 4tik 10era bitartean indartuko dituzte Euskadiko bide-sareko errepide eta kaleetan

Eusko Jaurlaritzak areagotu egingo du abiaduraren kontrola datorren astean, uztailaren 4tik 10era bitartean, gauzatuko den kanpaina berri batekin. Ertzaintzak, udaltzaingoarekin lankidetzan, abiadura-mugak betetzen diren zainduko du, Euskadiko errepide-sareko istripuen tasa eta zaurituen eta hildakoen kopurua murrizteko.

Kontrolak, edonola ere, prebentziozkoak izango dira, eta abiadurari lotutako arriskuko bide-zatietan egingo dira, bai eta ezarritako muga gaindituta zirkulatzen den eta istripu-tasa handia dagoen puntuetan ere.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gogoratu du: “Abiadurak zerikusi zuzena du trafiko-istripuen kaltegarritasunarekin. Abiadura handian gidatzen denean, ezbeharren kopuruak eta horien larritasunak gora egiten dute modu esponentzialean. Berez, abiadura desegokia da hildakoak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, arreta-galtzeekin eta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin batera”.

Era berean, kontuan izan behar da zenbat eta handiagoa izan abiadura orduan eta distantzia handiagoa behar dela ibilgailua gelditzeko. Kalkulatzen da, batez beste, 120km/h-an zirkulatzen bada, futbol-zelai batena baino distantzia handiagoa beharko dela gelditzeko.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan dago.