Eraso sexistarik gabeko kultur guneetarako gomendioen gida aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

2022-07-14

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere Berdintasun taldeak Emakunderen bitartez Emakumeen aurkako eraso matxistarik gabeko kultur gune baterantz. Hausnartzeko eta jarduteko gida aurkeztu du gaur goizean.

Aurkezpena Barakaldoko BECen egin da, hain zuzen ere, bertan egingo delako uztailaren 22tik 25era Euskal Encounter, gomendio horietan oinarritutako protokoloa izango duen lehen ekitaldi handietako bat. Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendariak aurkeztu du urtero informatikaren milaka zaletu biltzen dituen ekitaldiak izango duen protokolo espezifikoa.

Aurkezpenean Amaia del Campo Barakaldoko alkatea izan da, herriko jaietan hartutako neurriak azalduz, eta baita Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere.

Berdintasunerako sailburuak azaldu duenez, Emakundek egindako gidak ohar orokorrak jasotzen ditu, gero ekitaldi bakoitzaren ezaugarrietara egokitu daitezkeenak, Euskal Encounterrek egin duen bezala. Haren hitzetan, honen helburua da “urratsak ematea erasorik gabeko berdintasunezko espazioetarantz, gizonek eta emakumeek aisialdiaz eta denbora libreaz askatasunean eta berdintasunean gozatzeko aukera izango duten espazioetarantz”.

Artolazabalek jai-guneetan emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan azken urteotan egindako lana nabarmendu du, eta, ildo horretan, maiatzean aldundiekin eta EUDELekin batera aurkeztu zen  “Jaietan indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak bultzatzeko gida” ekarri du gogora. Bere ustez, “beharrezkoa da norabide berean lan egitea baita ere kultura- eta aisialdi-ekitaldietan”. Erakundeek ez ezik, sektoreak berak ere defendatzen du hori, laguntza-material horiek lantzearen alde agertu baitira sektoreko eragileak. “Gida honen zirriborroa kultur arloko hamalau erakunderi aurkeztu zaie, eta ekitaldi guztietan erasoak izan ez direla nabarmendu duten arren, horrelako jarduera bat beharrezkotzat jo dute”, adierazi du sailburuak.

Berdintasun sailburuak azaldu duenez, gidaren helburu nagusia da “aisialdi-eremuetan, edozein motatakoak direla ere, emakumeen aurkako indarkeria ez normalizatzea edo banalizatzea; ez dezala inork pentsa zenbait espaziotan jokabide sexistak onar daitezkeenik; erasoen mehatxuak ez dezala emakumeen askatasuna mugatu, ezta kulturaren arloan ere”.

Hala, gidak kultura-ekitaldietan, bereziki ekitaldi jendetsuetan, emakumeentzako arrisku-guneak identifikatzen ditu, eta gomendatzen du prebentzio- eta jarduera-protokoloak egitea, prebentzio-neurriak hartzea eta, erasoren bat gertatuz gero, arreta eta erantzuna ematea, bai eta erakundeko arduradunak gaian hezitzea ere.

Artolazabalen hitzetan, horrela, “kultura- edo aisialdi-ekitaldi bat, edozein motakoa, antolatzen hasten den lehen unetik bertatik gogoan izan dezaten elkarrekiko errespetua eta guztien eskubideak bermatzeko espazioak izan behar direla”.

Sailburuak, halaber, adierazi du ziur dagoela gero eta pertsona gehiagok dutela berdintasunaren aldeko eta erasoen aurkako jarrera aktiboa, eta adibide gisa jarri ditu Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herrialdeko Itunak biltzen dituen atxikimenduak. Artolazabalek atxikitzeko deia egin die herritarrei, www.emakunde.euskadi.eus webgunearen bidez.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, bere aldetik, Udalak abian jarri dituen prebentzio-kanpaina ezberdinak azaldu ditu. Hauetan, hiru ikuspuntu izan dira kontutan: lehena, positiboa, erasoak ez normalizatzea eta egoera aldatzea gure esku dagoela erakusten duten ekintzen bitartez; bigarrena, indarkeria matxistaren ezaugarriak ezagutzea, jaietan lan egiten duten pertsona eta sektoreei prestakuntza emanez; eta hirugarrena, autodefentsa feminista, emakumeek euren burua babesteko tresna seguru gisa.Eta aipatu ditu Udaltzaingoarekin konektatzeko App-a eta sumisio kimikoa eragin dezaketen erasoak ekiditeko edalontzientzako estalkiak.

Del Campok aitortu du oraindik lana dagoela egiteko indarkeria matxistarekin amaitzeko; baina, era berean, agerian utzi du aurrera egin dela erakundeen arteko lan koordinatuari esker, errespetuan eta aniztasunean oinarritutako hezkuntza-programei esker, eta orain, baita jai- eta kultura-esparruan ere.

Amaitzeko, Sabino San Vicente Euskal Encounterreko antolatzaileak azaldu duenez, protokolo honen helburu nagusia da konpromisoa erakustea eremu inklusibo eta indarkeria matxistarik gabeko baten alde: "Era berean, neurriek jokabide homofobo eta arrazistak saihesteko balio izatea nahi dugu", adierazi du.

Aurreko 29 edizioak parte-hartzaileen konpromiso handiarekin garatu direla esan du, eta honako hau gaineratu du: "Haien inplikazioa bermea da, bai espazio presentzialetan, bai birtualetan; izan ere, online espazio bat izanik, funtsezkoa da gerta litekeen ziberjazarpena antzeman eta haren aurrean jardutea, informatikaren esparruan ere berdintasunean aurrera egitea lortzeko".

Sabino San Vicentek jakinarazi du puntu more bat sortuko dela, aurrez aurrekoa zein birtuala, Euskal Encounterreko sareak dituen tresnak erabiliz.