Energiaren arloko Konferentziaren bileraren balorazioa

Arantxa_Tapia.png

2022-08-08

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Industriako sailburuorde Mikel Amundarain bide telematikoz joan dira Energia Trantsizioko ministro Teresa Riberak eta Industriako eta Merkataritzako ministro Reyes Marotok deitutako Energiaren Sektoreko Konferentziaren Osoko Bilkurara. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburua ere bileran izan da.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak atseginez hartu du topaketa, batez ere hiru arrazoirengatik:

  1. Errege Lege Dekretua kontrastatzeko eta hitz egiteko aukera eman da, eta hori ona da berez. Bilera indarrean sartu eta ordu gutxira izan da, maniobratzeko tarte txikiarekin, baina gaiaren garrantzia dela eta, ezinbestekoa da autonomia-erkidegoen parte-hartzea, Ribera presidenteordeak eta Reyes Maroto ministroak aitortu duten bezala.
  1. Bi ministerioen bilerak eta azalpenek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak defendatutako tesia. Energia aurreztearen aldeko apustua zalantzarik gabekoa da, baina errealismo-irizpide bat dela eta, ezinbestekoa da araudia aplikatzean sektore eta/edo establezimendu bakoitzaren baldintzak kontuan hartzea. Hala aitortu du presidenteordeak berak ondorengo hitzaldi publikoan.
  1. Eusko Jaurlaritzak kontingentzia-plan bat lantzen jarraituko du Bruselaren eta inplikatutako ministerioen jarraibideen ildotik, energiaren aurrezpena eta ekonomiaren deskarbonizazioa bizkortzeko helburuarekin. Orain, Espainiako Gobernuak abuztuaren 31n ezarri du proposamenak bidaltzeko epea. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak lankidetza estua izango du, eta, ahal den neurrian, Euskadiko Kontingentzia Planaren zirriborroa bidaliko die erakunde guztiei (ministerioa eta foru-aldundiak eta euskal udalak). Jakinik hilabete honetan zehar Eusko Jaurlaritzak dokumentuan sartuko dituela foru- eta toki-erakundeetatik irits daitezkeen proposamenak, joan den uztailaren 29an Lakuan egindako bileran erabaki zen bezala.

Gaurko bileran, ArantxaTapia sailburuak iradoki du Espainiak Europara bidaltzeko plana aldez aurretik autonomia-erkidegoekin kontrastatzea.