EAEko gazte gehienen iritziz, egungo egoera larrialdi klimatikokoa da (%78,7)

12_07_2017_df__2_.JPG

2022-05-21

  • Gazteen % 50,1ek uste dute klima-aldaketaren aurkako borrokak lehentasunezkoa izan behar duela EAErako.
  • Klima-aldaketa, trantsizio energetikoa eta garapen jasangarritasunerako helburuak; Gazteen Euskal Behatokiak jasotzen dituen iritziak

Vitoria Gasteiz, 2022 05 21

EAEko gazte gehienen iritziz, egungo egoera larrialdi klimatikokoa da (% 78,7), eta, nagusiki, amorrua eta sumina eragiten diete klima-aldaketaren gainean pentsatzeak (% 50,2 eta % 45,4, hurrenez hurren). % 50,1ek uste du klima-aldaketaren aurkako borrokak lehentasunezkoa izan beharko lukeela EAErako. EAEko gazte-kolektiboaren iritziz, “aurrerapen zientifikoek ezingo diote klima-aldaketari aurre egin, guk bizi-estiloa aldatzen ez badugu”. Gazteen ustez, egungo eredu ekonomikoa eta kontsumo-ohiturak aldatu behar dira.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Euskal Behatokiak eginiko galde-sorta baten arabera, gazte gehienek izan dute trantsizio energetikoaren (% 74,6) eta Europako Itun Berdearen (% 55,7) berri. Era berean, gehienek ez dute uste posible denik itun horren helburu nagusietako bat betetzea; alegia, 2050erako berotegi-efektuko gasen 0 emisio garbi lortzea.

Gehiago dira nahiago luketenak iturri berriztagarrietako energia erabili, nahiz eta elektrizitateak prezio handiagoa izatea ekarri (% 54,2), haren aurka agertzen direnak baino, baldin eta prezio altuagoa ordaindu behar izatea badakar (% 37,1). Nolanahi ere, hamar gaztetik zortzi prest egongo lirateke haien inguru hurbilean energia berriztagarrien instalazio bat izateko (% 83,3).

Ingurumena egunerokoan

“Gazte gehienek uste dute ingurumeneko kontu guztiek eragin handia edo nahikoa dutela haien egunerokoan eta osasunean (% 82,6), eta gehienek diote normalean ingurumenaren zaintzari lotutakotzat jotzen diren portaerei jarraitzen dietela, baina, proposatutakoetatik, bi baino ez dituzte egiten gehienek, ingurumen-motiboengatik, alegia, zaborra bereiztea birziklatzeko eta norberak poltsa eramatea erosketak egiteko. Beste kasu batzuetan, hala nola berogailuaren erabilera mugatzeari dagokionez, aurrezteak pisu handiagoa du”, nabarmendu du Agurtzane Llanok, azterlanetik.

Ingurumena zaintzeko ekintzak normaltasunez egiteari dagokionez, honako hau baino ez du gehiengoak egiten: plastikoen kontsumoa murriztea edo oinez edo bizikletaz joatea 3 km baino gutxiagoko hiri-ibilbideetan. Gazteak ez daude Internet bidezko erosketak murrizteko –horrek etxez etxeko banaketa dakar– edo hurbilekoa izateagatik kostu handiagoa dakarten erosketak egiteko prest.

Garapen jasangarrirako helburuak

EAEko gazteen % 66,2k Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030erako Agendaz hitz egiten entzun dute; hala, hogei puntuan gainditzen dute EAEko herritar guztietan erregistratutako ehunekoa.

Gazteek uste dute garapen jasangarrirako 17 helburuetatik, EAEn lehentasunez osasuneko eta ongizateko helburuei, kalitateko hezkuntzari eta pobreziaren amaierari heldu beharko litzaiekeela. Klimaren aldeko ekintza rankingeko zazpigarren postuan dago.

400 pertsonak baino gehiagok erantzun diote berez Gazteen Euskal Behatokiak galde-sortaren amaieran planteatutako galdera ireki bati. Honako kontu hauek aipatu dira sarrien: “Ingurumen-arloko hezkuntza gehiagorako beharra eremu guztietan; gure bizi- eta kontsumo-ohiturak aldatzeko inplikazioa; enpresek erantzukizuna hartzea beren gain; ingurumeneko legeria murriztaileagoa, bai enpresentzat, bai herritarrentzat, oro har; egungo eredu ekonomikoaren kritikak; zientzia-ikerketarako finantzaketa; gobernuen borondate politikoaren falta; energia berriztagarrien iturriak sustatzea; haragiaren kontsumoa mugatzea; ezegonkortasun ekonomikoa ingurumena zaintzeko oztopo gisa; mundu-mailako baterako ekintza; energia nuklearraren aldeko iritzi batzuk, erregai fosilen kontsumoaren alternatiba gisa, eta erakundeek garapen jasangarrirako helburuak green washing moduan erabiltzea”.