EAEko bost saltoki handik Euskaraldiarekin duten konpromisoa berretsi dute

Argitalpen-data: 

Euskaraldiaren hirugarren edizioa hasteko aste bete falta denean EAEko azalera handiko bost saltoki handik bat egin dute gaur ariketa sozialarekin. El Corte Inglés-ek, Carrefour-ek, Uvesco-k (BM), Mercadona-k eta Eroski-k euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko urratsak emateko konpromisoa berretsi dute gaur Bilbon egin den agerraldian. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek,  Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eta Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok ere parte hartu dute agerraldian merkataritza gune hauetako ordezkariekin batera. 

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta merkataritza entitate hauen arteko lankidetza 2016. urtetik dator. Orduan euskararen erabileraren normalizazioan aktiboki inplikatzeko konpromisoa hartu zuten aldeek. Orain, aurreko edizioetan bezala, Euskaraldiarekin bat egin dute eta beraien langile, bazkide eta bezeroei ariketa sozialean parte hartzeko deia luzatu die.  

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gogorarazi duenez,  merkataritza gune hauek aurreko edizioetan ere Euskaraldiaren babesle eta “langileen aktibazioaren eragile izan dira”. Sailburuak gaineratu duenez “eguneroko bizitzan gero eta toki handiagoa duten espazioak dira saltoki hauek, izan erosketak egiteko, izan aisialdiaz ere gozatzeko ere. Euskararen aldeko jarrera honekin zerbitzuaren kalitatea bermatzen dute: kontsumitzeko aukerak bertakoa den hizkuntzan ere eskaintzeak esan nahi du kontsumitzaileak hautatu duen hizkuntzan erantzutea, Zerbitzua ematea. Eta hori kalitatezko Zerbitzua ematea da”. 

Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarrizek era guztietako entitateak ariguneak sortzeko hartzen ari diren konpromisoa azpimarratu du, “erakundeen funtzionamendua euskalduntzeko urratsak emango dituztela adierazten duelako eta herritarroi euskaraz aritzeko babesguneak eskaintzen dizkigutelako”. Euskaraldia abiatzeko astebete falta denean herritarrak “ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta Euskaraldian izena ematera” deitu ditu Amonarrizek, “hizkuntza ohitura aldaketak egin eta ingurukoengan eragiteko garai egokia izango da eta”. 

Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean  egingo da “Hitzez ekiteko garaia” lemapean. Ahobizi edo Belarriprest rolean izena eman nahi duten herritarrek  izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dute. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek ere parte hartzea berretsi behar dute. Entitateek ere Euskaraldiaren atarian eman dezakete izena eta beraien erakundeetan Ariguneak sortu ditzakete.