EAEko 105.000 emakumek hilekoaren higienerako produktuak erosteko zailtasun ekonomikoak izan dituztela uste da

2022-05-28

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak EAEko hileko pobreziari eta higieneari buruzko azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu, Hileko Higienearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan
  • Kontsultatutako emakumeen erdiak esan du produktu menstrualak gomendatutakoa baino denbora luzeagoz erabili izan dituztela, aurrezteko edo haiek aldatzeko leku egokietara jotzeko aukerarik izan ez dutelako
  • 700 emakume inguruk ez dute inolako hezkuntza motarik jaso edo hezkuntza partziala jaso dute lehen menstruazioaren aurretik
  • Pobrezia menstrualak eragin nabarmen handiagoa du kalteberatasun-egoeran dauden emakumeetan

Vitoria-Gasteiz, 2022/05/28

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) proposatuta, urtero, maiatzaren 28an, Higiene Menstrualaren Eguna ospatzen da. Ospakizun horren esparruan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, gaur, EAEko pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlana argitaratu du; lan hau Emakundek egin du EDE Fundazioaren laguntzaz.

Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, “pobrezia menstruala ez dago soilik pertsona baten gaitasun ekonomikoarekin lotuta. Hura baldintzatzen duten beste faktore batzuei ere badagokie, besteak beste: higiene-produkturik eza; komun garbirik eta segururik ez egotea, ekipamendu egokia duenik eta irisgarririk ez egotea, eta ziklo menstrualari eta hura kudeatzeko dauden baliabideei buruzko hezkuntza nahikorik ez egotea”.

Legebiltzarrak egindako eskaeraren ondorioz landutako azterlanak ondorioztatzen duenez, pobrezia menstrualak emakume guztiengan du eragina; izan ere, menstruazioaren kudeaketari egin behar diote aurre haien adin ugalkorrean. Baina bereziki eragin nabarmena du pobrezia- edo bazterkeria-arriskuko egoeran dauden emakumeetan; alegia, EAEn, haietako % 8,6an.

Azken talde horretan daude honako baldintza hauetan dauden emakumeak: etxegabetasun-egoeran daudenak; migratuak; prostituzio-egoeran daudenak; indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimak; presoak; ezkutuko ekonomiako enplegatuak; guraso bakarreko etxeei aurre egin behar dietenak; desgaitasuna dutenak; osasun mentaleko arazoak dituztenak edo krisi humanitarioen egoeretan daudenak. Baita beste genero-identitate batzuk izan eta menstruazioa dutenak, hala nola gizon transgeneroak eta identitate ez-binarioko pertsonak.

Beste lurralde-eremu batzuetan gai horren inguruan eginiko zenbait azterlani esker, EAEn pobrezia menstrualak duen eraginari buruzko zenbait estimazio egin daitezke. Hala, Jordi Gol i Gurina Lehen Mailako Arretako Ikerketako Unibertsitate Institutuak eginiko Ekitatea eta osasun menstruala (2021) txostenaren zifretan oinarrituta, gaur argitaratu den azterlanak ondorioztatzen du EAEn balitekeela 105.000 emakume inguruk zailtasun ekonomikoak eduki izana, haien bizitzako uneren batean, produktu menstrualak erosteko gastuak ordaintzeko.

188.000 emakumek baino pixka bat gehiagok produktu menstrual merkeagoak erosi behar izan dituzte zailtasun ekonomikoengatik, eta inkesta bete dutenen % 51,3k aitortu dute produktu menstrualak erosteari utzi diotela, elikagaiaren edo etxebizitzaren inguruko beste gastu batzuei aurre egin ahal izateko.

EAEn adin ugalkorrean dauden 349.108 emakumek izan dute noizbait produktu menstruala gomendatutakoa baino denbora luzeagoz, ez dutelako leku egokirik eta ekipamendu egokia duenik izan produktua aldatzeko; horrek areagotu egiten du infekzioak edo beste gaixotasun batzuk jasateko aukera, esaterako, Shock Toxikoaren Sindromea (SST), tanpoiak luzaroan erabiltzearekin lotuta dagoena.

Aldi berean, azterlanak erakusten du 37.270 emakume inguru beharbada onartzen ari direla menstruazioak min handia dakarrela, eta 18.900 inguruk ez dutela beharrezkotzat jotzen profesional bati kontsultatzea min menstrual handiagatik.

Aurrekoari dagokionez, 272.700 emakume inguruk, lehen menstruazioaren aurretik, ez dute inolako hezkuntza menstrualik jaso edo hezkuntza partziala jaso dute, zeina familia-eremura baino ez baita mugatzen.

EAEko pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlanak, modu berean, COVID-19aren ondoriozko pandemiak izan duen eragina azaltzen du; izan ere, bainu eta komun publiko ugari itxita egon dira, kutsatzeko fokurik ez egoteko, edo lan- eta ekonomia-jarduera murrizteak ezegonkortasun ekonomikoa ekarri du etxe askotara. Testuinguru horretan, COVID-19aren pandemian Espainian izan diren alterazio menstrualei buruzko txostenaren berri ere ematen du; txostenak ondorioztatu zuen kontsultatutako emakumeen % 39,4k esan zutela aldaketak izan dituztela menstruazioan aldi horretan, hala nola min handiagoa, ziklo menstrual luzeagoak edo laburragoak edo odol-galera oparoagoak.

Gastua

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak egindako kalkuluen arabera, higiene menstrualerako produktuetan egindako batez besteko gastua 50 eurokoa izan daiteke urtean. Emakumeen adin ugalkorraren iraupena, batez beste, 40 urtekoa dela kontuan hartuta, 2.000 euro ingurukoa izango litzateke, guztira.

Hondakinen Prebentziorako eta Kontsumo Arduratsurako Rezero Fundazioak, bestalde, erabili eta botatzeko menstruazioko produktuen urteko gastua 21 eta 125 euro bitartekoa dela dio.

Aldi berean, FACUA-Consumidores en Accion erakundeak egindako azterlan batek ondorioztatu zuen ezaugarri bereko konpresa-pakete baten prezioa % 400 arte alda daitekeela merkaturatzen den markaren edo establezimenduaren arabera. Tanpoien kasuan, gehieneko aldea % 185,3koa da.

EAEko pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlanak salatzen duenez, “pobrezia feminizatzen ari den eta genero-arrakala ekonomiko handiak dituen testuinguru batean, menstruazioa aparteko desberdintasun-faktore bat da. Emakume batzuek zailtasun gehigarri batzuei egin behar ditete aurre, eta haiek diskriminazio erantsia dakarte, eta generoaren egitura-desoreka larriagotu besterik ez dute egiten”.

Erabilitako metodologia

Datu horiek eskuratzeko, azterlana honako hauetan oinarritu da: erreferentzia-esparru bat finkatu ahal izateko kontsulta dokumentala eta datu estatistikoen berrikuspena; elkarrizketa sakonak adituekin, talde feministekin eta hirugarren sektore sozialeko erakundeekin;  EAEko 128 emakumeri eginiko galdetegi bat, eta hausnarketa kolektiborako talde-saio bat Cáritas Otxarkoagako Familia Hezkuntzako Programan parte hartzen duten emakumeekin.

Ondoriozko txostenak zenbait gomendio planteatzen ditu pobrezia menstrualaren eragina gutxitzeko, besteak beste, menstruazioaren produktuei aplikatutako BEZa kentzea edo murriztea, puntu estrategikoetan produktuok doan banatzea edo bainu eta zerbitzu publikoak 24 orduetan irekita izatea.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenaren arabera, “edozein pertsonak izan behar du menstruazioa duintasunez eta lotsarik eta estigmatizaziorik gabe kudeatzeko aukera. Eta normalizaziorako bide horretan, funtsezkoa da haren kudeaketak ekar ditzakeen eta funtsezko eskubideetan eragina duten arazoak osasun publikoko gai gisa interpretatzea, eta hala jasotzen dute NBEk zehaztutako garapen jasangarrirako zenbait helburuk”.