Duela 40 urte Euskararen Legeak lortutako adostasuna gogoratuz ospatu da gaur Euskararen Nazioarteko eguna

2022-12-03

  • Lehendakariak adierazi duenez legea landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa ospatzeko eguna da
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek eta Eusko Jaurlaritzak Euskararen Eguneko Adierazpena adostu dute

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da gaur Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiaren buru. Gasteizko Europa Jauregian egin den ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Gorka Urtaran Gasteizko Alkatea ere izan dira beste agintari eta euskalgintzako ordezkari batzuekin batera.

Ekitaldian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 40 urte bete dituela gogoratu da. Euskararen Lege bezala ezagutzen duguna 1982an onartu zen eta legearen sorreran parte hartu zutenei omenaldia egiteko balio izan du gaurko ekitaldiak. Horrela Europa Jauregian Pedro Miguel Etxenike, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohien lekukotzak entzun ahal izan dira. Ekitaldian Inmaculada Boneta, Jose Luis Lizundia eta Jon Olaberria legebiltzarkide ohiak ere izan dira, besteak besteak.

Gasteizko ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak esan duenez, berrogei urte bete dituen legea “landu, onartu eta bideratu zutenen ausardi demokratikoa ospatzen dugu. Ospatzearekin batera, gorazarrea ere egin nahi diegu euskararen aldeko lanari etorkizun oparo baten bidea zabaldu zioten haiei. Ikuspegi, sentiberatasun eta joera desberdinetakoak lankide bihurtzeko ausardia izan zuten”. Lehendakariak gaineratu duenez “gogotsu erantzun die euskal gizarteak: euskararen herriak euskarak berrogei urteotan ezagutu duen hazkunde eredugarria eskaintzen die, oroigarri gisa, Euskararen Legea bideratu zutenei, haien jokabide ausart bezain adimentsuaren onespenez”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak lanari eta konpromisoari eusteko deia ere luzatu du: “Beharrezkoa izaten jarraitzen du, berrogei urte geroago, ausardi hura, erronka berriei ere adostasunez aurre egiteko”. “Euskaraldiak argi uzten digunez, euskararen erabilerarako dei ausartak badu gizartea elkartzeko gaitasuna… Ausardia eta zuhurtzia orekatzen asmatzen badugu… Eraginkortasuna eta batasuna lotzen asmatzen badugu… Euskararen Legea bideratu zutenen ausardiaz” adierazi du Lehendakariak.  

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez azken 50 urteotako bidea oso garrantzitsua izan da euskararentzat eta euskal hiztunontzat: “esango nuke inoiz izan duen goien gradura ekarri duela euskal erkidegoak gure hizkuntza. Egindako bideak, baina, eginkizun dagoena erakusten digu. Aurrera jarraitzeko aukeran gaude, eta alde ditugu egindako guztia, erakundeen babesa, herritarren atxikimendua eta akordioek ematen duten adostasuna. Goazen aurrera!”.

Euskararen Eguneko Adierazpena

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko udalek eta Eusko Jaurlaritzak Adierazpena adostu dute. “Adostasunetik, etorkizunaren giltzarri” izenburupean adierazpenak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea adostasun zabal sendo baten gainean eraikitakoa dela azpimarratzen du eta hortik “eraginkortasuna” datorkiola gogoratzen du: “asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza”.

Erakundeek adostutako adierazpenak nabarmentzen duenez “norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez”. Gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan  Euskaraldiak biltzen duen “adostasun sozial eta politikoaren neurria” “baliagarri eta bide-erakuslea” ere badela azpimarratzen du adierazpenak.

Ekitaldia

Sara Cozar eta Kepa Errasti aktoreek gidatuta, eta Janus Lesterren musikak lagunduta denboran zehar bidaia bat proposatu du gaurko ekitaldiak. Legearen inguruan lanean aritu diren gonbidatuak ere izan ditura oholtzan besteak beste, Pedro Miguel Etxenike (bideo bidez), Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate sailburu ohiak. Bide berrietan egiten ari den ibilbideaz hitz egin du, berriz, Paul Urkijo zinegileak. Horrez gain, legearen sorreran parte hartu zuten legebiltzarkide ohiei omenaldia egiteko ere baliatu da ekitaldia.