Dirulaguntza zuzena Materials Physics Center Zentroari, Teknologia Kuantikoen laborategia indartzeko (Gobernu Bilera 2022-11-02)

logoconsejo.jpg

2022-11-02

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Materials Physics Center (MPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroari 200.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea, Teknologia Kuantikoen laborategia indartzeko. 

MPC BERC deituriko ikerketa-zentro bat da (Basque Excellence Research Center), Hezkuntza Sailari atxikia, eta bere helburuak dira materialen fisikan foro intelektual eta bikaintasunezkoa eratzea eta materialen fisikaren arloan graduondoko mailako ikerketa eta irakaskuntza-jarduerak sustatzea, egitea, laguntzea eta finantzatzea. 

MPCren Nanofotonika Kuantikoko Laborategia “Quantum nanophotonics Laboratory (QNL@D)”, Ikerbasque Molina-Terriza irakaslearen gidaritzapean, 2018an abiatu zen, optika kuantikoaren eta nanofotonikaren arteko interfazean esperimentuak egiteko. Hau da teknologia kuantikoak aztertzen dituen Euskadiko lehen talde esperimentala. Taldeak teknika esperimentalak garatzen ditu nanoegituren neurketa ultrazehatzak egiteko, teknologia kuantikoak erabiliz eta kuantikoki hobetutako sentsore inertzial eta magnetiko berriak eginez. 

2018tik, MPCk teknologia kuantikoen puntako laborategi bat garatzea lortu du, eta horrek nazioarteko enpresa handien arreta erakarri du Euskadin garatzen ari den ikerketara. Teknologia kuantikoen laborategi hori, gainera, teknologia kuantikoetako ikertzaileentzako eta mikroskopia optikoko eta pintza optikoetako ikerketentzako tresna bihurtzen ari da. 

Ekipamendu berriak eskuratzea beharrezko da, beraz, laborategiak bizkortze-prozesuan jarrai dezan, proiektu berriak abian jarrita eta lehendik dauden proiektuak finkatuta.