Diru-Sarrerak Bermatzeko Sistemaren Lege berria EB-k eskatzen duenera egokitzen dela nabarmendu du Lehendakariordeak

ENTREVISTA_RADIO_POPULAR_2210131.jpg

2022-10-13

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Lege berria Europako Batzordeak gutxieneko errentei buruz Batasuneko herrialde guztiei eskatu dienera egokitzen dela, bai erreferentziazko adierazleari dagokionez (errenta ertainaren % 60), bai ibilbide pertsonalizatuak sustatzeari dagokionez, errenta horiek eskuratu nahi dituztenentzat, enplegua aurkitu nahi dutenentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat.

Radio Popular-Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Mendiak Legearen edukiak azaldu ditu. Izan ere, Legearen idazketan estaldura hobea aurreikusten zen sortu diren errealitate sozial berrientzat, eta orain 18 urtetik aurrerako kalteberatasun-egoeretara ere zabaltzen dira, betiere bizitza independenteko proiektu bat egiaztatuta badago; izan ere, "DSBE ezin da inola ere emantzipazio-errenta gisa ulertu".

Lehendakariordeak, DSBEak enplegagarriak ez diren pertsonak ere artatzen dituela gogorarazi ondoren (pentsiodunak direnak eta osasun- edo gizarte-arrazoiengatik lan-bitartekaritzatik salbuetsita daudenak, esaterako), baztertu egin ditu errenta hori eta enplegua aurrez aurre jartzen dituzten argudioak, eta lege berria osorik irakurtzeko eskatu du, baina baita Enpleguari buruzko hurrengo Legea eta Lanbideren prozesu eraldatzailea ere, DSBE eta EGB jasotzen duten pertsonekin laneratzeko proiektuak garatzen ari dena. "Lege berriak saritu egiten du lan egiten duena, baina, gainera, inork ezin du justifikaziorik gabe lana utzi, ezta eskaintza egoki bati uko egin ere, orduan prestazioa galtzen baita", adierazi du.

Mendia pozik agertu da Elkarrekin Podemosekin Legerako akordioak zabaltzeagatik, eta aurreratu du Lan eta Enplegu Sailak gainerako taldeek aurkeztutako zuzenketak aztertuko dituela, aurrerapen ekonomikoarekin batera joango diren elkartasunera eta kohesio sozialera bideratuta ote dauden.