Bizitza-luzeraren ekonomia aztergai Espainian

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

AInfografia, Espainiako bizitza-luzeraren ekonomiari buruzko 2019ko datuekin

Infografia, Espainiako bizitza-luzeraren ekonomiari buruzko 2019ko datuekin

Zahartzeari buruzko Nazioarteko Zentroak (CENIE) azterlan bat argitaratu du bizitza-luzerak Espainian duen inpaktu sozioekonomikoari eta ekonomia-balioari buruz. Oxford Economics enpresak egin du ?azterketa kuantitatiboak eta pronostiko globalak egiten aditua da enpresa?, Salamancako Unibertsitatearen Fundazio Orokorrak lagunduta, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (FEDER) Espainia-Portugalen arteko 2014-2020 (POCTEP)  INTERREG V-A programaren kofinantzaketaren esparruan.

2021eko irailean argitaratu eta aurkeztua den azterlana honek bizitza-luzeraren ekonomiak egiten dituen ekarpenak kuantifikatzen ditu, hiru ardatzekiko:

  • Espainian bizi diren 50 urtetik gorakoen gastuak eragindako inpaktu sozioekonomikoaren ebaluazioa.
  • Espainiara bisitan etortzen diren 50 urtetik gorakoek egindako ekarpen sozioekonomikoaren inpaktua.
  • Espainiako lan-merkatuan 50 urtetik gorakoek jokatzen duten rola.

Azterketa-metodologia: ikuspegia eta adierazleak

Bizitza-luzeraren ekonomiak eragindako inpaktu sozioekonomikoa ebaluatzeko ikuspegia Oxford Economics (GSM) enpresaren jasangarritasun golabalaren ereduan oinarritzen da. Horrek zehazten ditu bizitza-luzerak ekonomian izango dituen ondorio ekonomiko eta sozialak, hornikuntza-kate globala aztertuz eta kate hori jardueren bidez sustatuz, funtsezko inpaktu ekonomikoko hiru kanalen arabera: ondorio zuzenak (50 urtetik gorakoak ondasun eta zerbitzuz hornitzen dituzten enpresen jarduerekin du zerikusia, hala nola BPGari egindako ekarpena eta enpleguaren zuzeneko ekarpenak eta ekarpen fiskalak); zeharkako ondorioak (50 urtetik gorakoentzako ondasun eta zerbitzuen hornikuntza-katean sortutako jarduerak eta enplegua, haiek ondasunak eta zerbitzuak erabiltzen dituztelako) eta eragindako inpaktua (onura ekonomiko zabalagoak; 50 urtetik gorakoak ondasun eta zerbitzuz hornitzen dituzten enpesetako ?eta haien hornikuntza-kateko? langileek egindako gastuak dira).

50 urtetik gorakoek egindako gastuak ekonomian zer ondorio izan duen ezartzeko, Estatistikako Institutu Nazionalak egindako familia-aurrekontuari buruzko inkestatik jasotako mikrodatuak erabili ziren.

Halaber, azterketa kuantitatiboaz gain, kasuen azterketak ere sartu dira txostenean ?Salamancako Unibertitateak emandakoak?, eta 50 urtetik gorako biztanle-taldeetarako gako-adierazleek duten garrantzia azpimarratzen dute.

Aurrekariak

Ekonomia-mailan, Ekonomiaren Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) eta Zahartzeari buruzko Mundu Koalizioak (GCOA) 2014an bizitza-luzeraren ekonomia deiturikoari buruz adituei egindako kontsulta baten ondorioz, funtsezko gomendio batzuk eman ziren hainbat gairi buruz, hala nola zahartzearen inguruan oso errotuta dauden  aurreiritziak (adinkeria), merkatu berriak irekitzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerak, finantzaketa-eredu modernoak sortzea edota lanerako eta erretirorako esparru malguak sartzea, besteak beste, eta bizitza-luzeraren ekonomiaren testuinguruan kontuan hartu beharreko alderditzat jo ziren.

Geroago, Munduko Ekonomia Foroak (FEM), XXI. mendeko bizitza-luzerak nola sor ditzakeen merkatuak eta bultza dezakeen hazkunde ekonomikoa (2015) izeneko Liburu Zurian, XXI. mendeko bizitza ekonomiko, sozial eta politikoa osatzen duten joerarik handienetakotzat identifikatu zuen zahartzea.

Ekonomia-motor garrantzitsua den aldetik, zahartzeak eskaintzen dituen erronka eta aukerak kontuan hartuta, CENIEk eskatutako lanak sakon aztertzen du zer ekarpen egiten dien, bizitza-luzeraren ekonomiari, Espainian bizi diren 50 urtetik gorakoek eta 50 urtetik gorako turistek eta zer ezaugarri dituzten 50 urtetik gorakoek, lan-merkatuan biztanleria aktiboaren talde garrantzitsua diren aldetik.

50 urtetik gorako biztanleriak Espainiako ekonomian duen eragin sozioekonomikoari buruzko datuak

Datu hauek atera dira azterlanetik 50 urtetik gorako egoiliarren gastuaren eragin sozioekonomikoari dagokionez (eros-ahalmen handiena duen talde demografikoa da, diru-sarreren, soldaten, pentsioen, aurrezkien eta jabegoen arabera):

  • Kontsumo nazionaleko gastuaren % 60 da, gutxi gorabehera, eta horien artetik 50-54 urtekoek egin zioten ekarpenik handiena kontsumo naizonalari.
  • Europar Batasunaren testuinguruan, eskuragarri dauden datuek (2015) agerian uzten dute 60 urtetik gorakoek Espainian egindako gastua adin bereko taldeek Europako beste herrialde batzuetan egindakoarekin konpara daitekeela (Erresuma Batuko biztanleria homologoak baino % 20 gehiago, gutxi gorabehera, eta Italiako, Frantziako eta Alemaniako biztanleak baino % 4, % 7 eta % 17 gutxiago, hurrenez hurren).
  • 50 urtetik gorakoek egindako gastua nola osatzen den begiratuta, azterketak adierazten du batez ere etxebizitza, erregai eta energiara bideratzen dela. Gastu-eredu hori (% 28 da 60 urtetik beherakoetan) igotzen joaten da adinarekin batera, hamarkadako % 5 inguru, gastuaren % 46 izatera iritsi arte 80 urtetik gorakoen artean. Aitzitik, garraioan, jatetxeetan eta hoteletan egindako gastuaren joera kontrakoa da, % 4ra jaisten baita 80 urtetik gorakoen artean.
  • Urteko per capita diru-sarreren batez bestekoa aztertuz gero adin-tartearen arabera, ikusten da bilakaerak gora egiten duela, sistematikoki, adinarekin: Espainiako adineko biztanleen diru-sarrerak handiagoak dira, bi sexuetan, Europako Batasuneko batez bestekoa baino.
  • 2020an 65 eta 74 urte bitartekoen % 4,9k lanean jarraitzen du erretiro-adinetik aurrera; proportzio hori Europako batez bestekoa baino txikiagoa da (% 9,5 adin-tarte eta urte bererako) eta, horregatik, Europako enplegu-tasa baxuena du Espainiak, erretiroa hartzeko adina igaro dutenen artean.
  • Adin-taldekako soldatei buruz aztertutako zifrek adierazten dutenez (2019ko datuak), batez beste 18.000 euro baino gehiago irabazten duten 65 urtetik gorako langileak gehiago dira, 18 eta 35 urte bitarteko langileak baino, eta halaxe gertatzen da soldata handiagoa jasotzen duten 56-65 urte bitartekoekin ere. 

Horrenbestez, 50 urtetik gorakoen gastuak 60.042 milioi euroko ekarpena egin zion, balio erantsi moduan, Espainiako ekonomiari 2019an, eta 1,9 milioi lanpostu sortu ziren, 325.303 milioi euro inguruko ekarpena egin ziotenak BPGaren balio erantsiari.

Espainian, 50 urtetik gorako bisitariek (turistek) egiten duten ekarpen sozioekonomikoari dagokienez, 2019ko datuek adierazten dute 83,5 milioi pertsona hartu zirela, eta horien % 36 (30,3 milioi turista) 50 urtetik gorakoa izanik, batez beste, 1.100 euro inguru gastatu zituela adin-talde horretako turista bakoitzak. 50 urtetik gorako bisitariek egindako gastuaren zifra batzuek hauxe adierazten dute:

  • Turismo-industrietan eragindako gastuak 18.356 milioi euroko ekarpena egin dio BPGari.
  • 50 urtetik gorako turistek egindako gastuak sortu duen zuzeneko enplegua sektore jakin batzuetan biltzen da, turismo-industriarekin eta hari loturiko beste batzuekin zerikusia duena (garraioa eta logistika), nahiz eta sortutako lanaren proportziorik handiena enpresa-zerbitzuen sektorean egon (bidaia-agenteak eta turismo-operadoreak).
  • Turista-taldeen jatorria aztertuz gero, ikusten da Erresuma Batuko, Alemaniako eta Frantziako bisitariek egin zutela inpaktu osoaren ekarpenik handiena.

Laburbilduz, 50 urtetik gorako turistek egindako gastuak 35.660 milioi euroko ekarpena egingo dio ekonomiari. Turismo-jarduera horri esker, 594.600 lanpostu sortu ahal izan ziren eta 16.043 milioi euro eragin zituen diru-sarrera fiskaletan.

Azkenik, Espainiako lan-merkatuan 50 urtetik gorakoek zer rol duten aztertzen du azterlanak:

  • 50 urtetik gorakoek probabilitate handiagoa dute administrazio publikoaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sektoreetako lanpostuak betetzeko, adin-talde gazteagokoek baino.
  • 50 urtetik gorakoek betetzen dituzten lanpostuak aztertuz gero, ikusten da probablitate handiagoa dutela lanbide-kualifikazio handiagoa eskatzen duten lanpostuak betetzeko. Izan ere, 65 urtetik gorako langileen erdiak, gutxi gorabehera, lanbide-kualifikazio handiko lanpostuak betetzen ditu, eta ehuneko hori esanguratsuki handiagoa da 70 urtetik gorakoen taldean, kualifikazio handiko lanpostuetan dagoen enpleguaren % 56 baita.
  • Espezializazio handiko lanpostuetako enplegu-tasa handiagoa da, enplegu osoarekiko eta adin-taldeen arabera, 65 urtetik gorakoen taldean.
  • 50 urtetik gorakoei hobeto ordaintzen diete, lanpostu bera betetzen duten gazteagoei baino; haien produktibitatea handiagoa dela iradokitzen du horrek.

Ondorioak

Bizitza-luzeraren ekonomiaren garrantzia azpimarratzen du txostenak, jarduera ekonomikoa suspertzeko funtsezko faktoretzat jota.Erretiratuek edo erretirotik gertu daudenek ere asko laguntzen diote ekonomia horri. Izan ere, 50 urtetik gorakoen gastutik BPGri egindako ekarpenaren % 58, gutxi gorabehera, 60 urtetik gorakoen kontsumotik dator. Halaber, 50 urtetik gorakoek, kontsumitzaile gisa ez ezik, lan-merkatuaren parte-hartzaile oso produktibo gisa ere laguntzen diote ekonomia horri.

Zahartzeari buruzko Nazioarteko Zentroa (CENIE) zahartzearen arloko ikerketa eta berrikuntzarako sortu zen, nazioarteko bikaintasun-zentro gisa; eta líder izan, ezagutza sortu eta alorra ikertzea ditu zeregin. Salamancako Unibertsitateko Fundazio Orokorra, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren Fundazio Orokorra, Portugalgo Direção-Geral da Saúde eta Universidade do Algarve gidari direla, helburua da oinarriak ezartzea, errealitate sozial berri horren aurrean, Espainia eta Portugalen artean ikuspegi komun bat eraikitzeko, zahartzaroko bizitza esperientzia aktiboago, osasungarriago, parte-hartzaileago eta oparoagoa izan dadin.

Txosten osoa ikusi nahi izanez gero, jo ezazu hona: "Estudio de la economía de la longevidad en España, Informe para el CENIE (septiembre 2021)".