Bildarratz sailburuaren eta Nicolas Schmit Enplegu gaietarako Europako komisarioaren arteko bilera, Bruselan

2022-06-30

  • Bruselan egindako bileraren helburua Lanbide Heziketa Europako bikaintasun-zentroak sustatzeko politika europarrak koordinatzea da
  • Bi arduradunek Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasunari eta laneratzeari buruzko datuak aztertu dituzte, bai eta ETEei eta kultura ekintzaileari ematen zaien babesa ere
  • Arratsaldean, Bildarratz Joint Research Centreren zuzendari nagusiaren ondokoarekin elkartuko da, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan gertatzen ari den eraldaketa digitala azaltzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Nicolas Schmit Enplegu eta Gizarte Eskubideen Europako komisarioarekin elkartu da gaur goizean Bruselan. Sailburuarekin batera bileran izan dira, Eusko Jaurlaritzatik, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, eta Marta Marin Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria.

Bilera Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Europako ekimenaren (CoVE) baitan egin da, eta gai nagusia izan da Euskadiko Lanbide Heziketa estrategia horren baitan ematen ari den urratsak komisarioari eta bere taldeari azaltzea. Horrez gainera, aurrez aurre azaldu dizkie datorren azaroan Euskadin egitekoa den eta Hezkuntza Saila antolatzen ari den Europako Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen eta Plataformen Nazioarteko Topaketaren xehetasunak.

Hezkuntza Sailak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bitartez eta Euskadiren EBrako Ordezkaritzarekin lankidetzan, hainbat urte daramatza etengabeko elkarrizketa eta kontrastea egiten Schmit komisario europarraren Kabinetearekin, bai eta Europako Batzordeko Enplegu, Lanbide Heziketa, Berrikuntza eta Industriako Zuzendaritza Nagusiekin ere. Elkar ezagutze horri esker, euskal Lanbide Heziketaren abangoardiari eta etengabeko modernizazioari esker, eta honek Europako proiektu eta ekimen estrategikoetan duen inplikazioari esker, Euskadiko Lanbide Heziketa Europako erreferente gisa izan zen aitortua bere bikaintasunagatik, baita Europako Batzordearen inspirazio-iturri gisa ere bere, bere politiketarako.

Enplegagarritasunaren eta lehiakortasunaren Europako estrategia

Europako Batzordeak ongi definitutako estrategia bat jarri zuen abian 2018an Europako gizarteak etorkizun hurbilean beharko dituen profesionalen prestakuntza indartzeko, era horretara, aldi berean, horien enplegagarritasuna sendotzeko eta Europako enpresen lehiakortasuna sustatzeko. Estrategia horretako ekintzarik adierazgarrienetako bat Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen ekimena da (CoVE). Ekimen horretan Euskadi Europako Batzordearekin lankidetza estuan ari da lanean, Europar Batasuneko erakundeentzat erreferente bat izanik. Laurehun milioi euroko finantzazioarekin, helburua da 2021-2027 aldian Lanbide Heziketako bikaintasun-zentroen Europako ehun plataforma –lan kolaboratiborako plataformak– sortzea.

Gaur egun Euskadiko Lanbide Heziketako bi zentro dira LHko Europako Bikaintasun Zentroak.  Horietako bat Bergarako Miguel Altuna LHII da, eta bestea Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa. Tknikak Europako EXAM 4.0 eta LCAM 4.0  bikaintasun-plataformak lideratzen ditu, Fabrikazio Aurreratua 4.0 arloan. 

Europako Batzordearentzat berebiziko garrantzia du ekimen hau ezagutzera emateak eta Europako Batzordeko herrialde ezberdinetako Lanbide Heziketako ahalik eta zentro gehien animatzeak LHko Europako zentroen artean lan kolaboratiborako eredu hori bultzatu eta sendotzera. Formula honek bikaintasun-maila gorenean kokatuko baititu, ekoizpen-sektore ezberdinei erantzungo dieten plataformetan elkarlanean arituz.

2022ko azaroan, hitzordua Donostian

Europako Batzordeari Bikaintasun Zentroen ekimen honetan eta Lanbide Heziketaren inguruko estrategia globalean laguntzeko, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak datorren udazkenean, azaroan, Donostian egitekoa den nazioarteko topaketari buruzko xehetasunak azaldu dizkie Europako Schmit komisarioari eta bere lantaldeari.

Hezkuntza Sailak, nazioarteko topaketaren antolatzaileetako bat izanik, aurreikusten du Europako egungo bikaintasun-zentro eta plataformez gainera, ekimenera gehitzeko interesa duten Europako beste zentro eta antolakunde batzuk ere izango direla bertan. Helburua da Europar Batasunako 27 estatuetako zentroek parte hartzea Donostiako topaketan, era horretara 2027rako Lanbide Heziketako 100 bikaintasun-plataformatara iritsi ahal izateko.   

Donostian egingo den nazioarteko topaketaren helburuak dira:

  • CoVE ekimena ezagutzera ematea eta zentro eta herrialde gehiagok parte har dezaten lortzea.
  • Europako gobernu guztiek Europako bikaintasun-zentroak eta plataformak ezagutu, bultzatu eta babes ditzaten lortzea.
  • Europako bikaintasun-zentro guztiekin eta plataforma ezberdinekin partekatzea digitalizazioak duen ahalmen handia elkarlaneko sareetako lana indartzeko, besteak beste, eremu digital inmertsiboetan aplikatutako teknologien, eremu digital adimendun interaktiboen eta formakuntzan eta ikaskuntzan aplikatutako adimen artifizialaren bidez.

Enplegagarritasun handia

Bileran, bestalde, Bildarratzek eta bere taldeak Euskadiko Lanbide Heziketaren argazki eguneratua azaldu diote Europako komisarioari, eta, besteak beste, enplegagarritasunari, ekintzailetzari edo nazioartekotzeari buruzko datuak eman dizkiote.

Gaur egun Euskadiko Lanbide Heziketaren enplegagarritasuna, batez beste, % 87koa da. Ehuneko hori % 91ra arte igotzen da Lanbide Heziketa Dualaren kasuan. Azken urtean, gainera, 17.500 ikasle baino gehiago sentsibilizatu dira kultura ekintzailean euren ikastetxeetan, eta horren emaitza izan da 2021ean bakarrik ikasle horiek 94 enpresa sortu izana Lanbide Heziketako ikastetxeetan ezartzen diren ekintzailetza-programen bidez. 2005etik 1.041 enpresa sortu dira, eta horien % 67k gaur egun jarduerari eusten diote.

Euskadiko Lanbide Heziketaren beste ezaugarri bat ETE eta mikro ETEekin duen elkarlana da, aplikatutako berrikuntzako hainbat proiektu garatu ahal izateko. Azken hiru urte eta erdi hauetan, Euskadiko Lanbide Heziketak enpresa txiki horientzako produktu eta prozesuetan aplikatutako 1.117 berrikuntza-proiektu garatu ditu, 43 ikastetxek parte hartuta 282 irakasleren inplikazioarekin.

Nazioartekotzeari dagokionez, nabarmendu behar da Euskadiko Lanbide Heziketa bost kontinenteetako 117 herrialderekin ari dela elkarlanean hainbat proiektutan. 2021ean bakarrik Europako 81 proiektutan lan egin du eta nazioarteko 23 ponentziatan parte hartu du.

Azkenik, Bildarratzek etekin handiko zikloen (ETHAZI) alde eta Lanbide Heziketako ikaskuntza-metodologia berrien alde Euskadik egin duen apustua ere azaldu die: gaur egun ia 25.000 ikasle prestatzen dira metodologia aktibo horien bidez, eta Lanbide Heziketako 75 ikastetxetako 553 heziketa-ziklotako 2.200 irakasle baino gehiago inplikatzen dituzte.

Arratsaldean bilera JRCrekin

Gaur arratsaldean, Bildarratz sailburua Joint Research Centreren zuzendari nagusiaren ondokoarekin, Bernard Magenhann-ekin, elkartuko da. Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC) interesa erakutsi du Euskadiko Lanbide Heziketan gauzatzen ari den eraldaketa digitalaren prozesua ezagutzeko. Bildarratz sailburua eta Magenhann jauna, gainera, irakasleen eta ikasleen gaitasun digitalak egiaztatzeko JRC-k eta Tknikak elkarlanean landu duten tresna bati buruz ere arituko dira. Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan ere erabiltzeko oso tresna interesgarria. Euskadiko Lanbide Heziketaren eta JRCren arteko harreman honek datozen hilabeteotan izango du jarraipena, erakundeak Sevillan duen egoitzaren bitartez.