Bi milioi euro nekazaritzako elikagaien eta basogintzako enpresen digitalizaziorako (Gobernu Bilera 2022-7-26)

fotoconsejo.jpg

2022-07-26

  •  Konponbide automatizatuen eta sistema robotikoen diseinuak, datuen tratamendua, plataforma digitalen garapena edo zibersegurtasuneko konponbideak finantzatuko dira, besteak beste
  • Berritasun gisa, hirugarren ildoa diseinatu da, elikadurari eta zurari lotutako balio-katean eragin handia duten proiektuentzat 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, bere azken bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantza Tapiaren agindua onetsi du. Horren bidez, digitalizazioko eta 4.0 teknologia txertatzeko proiektuen gastuak eta inbertsioak finantzatzeko laguntzen deialdia egiten da, Euskadiko elikakatearen eta zuraren lehiakortasuna hobetzeko eta baliabideak optimizatzeko. 2022 ekitaldirako zuzkidura bi milioi eurokoa da.

Laguntza horiei esker, elikadurari eta zurari lotutako balio-kateko enpresen lana errazten da; izan ere, enpresa horien tamainaren ondorioz, teknologia eta prozesu berriak txertatzeko prozesuak beste sektore industrializatuagoetan baino motelagoak dira, eta digitalizaziora egokitu behar dira.

Digitalizazioa, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza herrialdeen garapen ekonomikorako adierazleak dira, eta produktibitaterako, lehiakortasunerako eta hazkunde jasangarrirako funtsezko faktoreak. Euskadik azken hamarkadetan baterako ahalegin publiko-pribatua egin du espezializazio adimentsuko eta ezagutzaren gizartearen sustapeneko oinarrietan, eta, kasu honetan, laguntza honen argitalpenari esker, bi balio-kateak sustatuko ditu (elikadura eta zura). 

Laguntza-ildoak 

Hiru laguntza-ildo ezartzen dira:

  • Enpresei digitalizatzen hastean laguntzeko. Salto bat eman nahi duten eta sistema digitalak gehitu nahi dituzten pertsonak.  Aukera izango dute zenbait zerbitzu finantzatzeko, hala nola digitalizazio-plan integralak, edo enpresaren jarduera-esparruetarako (kudeaketa, ekoizpena edo merkaturatzea, besteak beste) tresna digitalak txertatzeko.

Diruz lagundu ahal diren jarduerak izango dira, besteak beste, konponbide digitalak txertatzeko xedea duten diagnostikoak garatzeko jarduerekin, kudeaketa aurreratuko sistemak txertatzearekin, produktu bakoitzaren bizi-zikloa kudeatzearekin, merkataritza elektronikoa ezartzearekin, telelana sustatzearekin eta abarrekin lotutakoak.

  • Digitalizazioko fase aurreratu batean dauden eta 4.0 teknologian sartu nahi duten enpresei laguntzeko.

Diruz lagundu ahal diren jarduerak izango dira, besteak beste, enpresen digitalizazio-egoeraren diagnostikoa eta azpiegituren garapena (hala nola biltegiratzeko, kontrolatzeko, alertak eragiteko, negozioaren analisirako eta txostenak sortzeko oinarrizko funtzionalitateak dituzten plataforma integratuak; zibersegurtasun-instalazioak eta lortutako tresnak martxan jartzeko beharrezko prestakuntza-jarduerak).

  • Euskal Autonomia Erkidegoan elikadurari eta zurari lotutako balio-katean eragin handia duten digitalizazio-proiektuak sustatzeko

Digitalizazioko eragin handiko proiektu estrategikoak finantzatzen dira, balio-kateen hainbat kate-mailak parte hartzen dute, eskalagarritasun-maila dago eta 4.0 teknologiak txertatzen dira.

Aurkezteko epea

Eskaerak egiteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta eskuragarri dagoen eredu normalizatuari jarraituz aurkeztuko dira:

https://www.euskadi.eus/servicios/1207201