Behizain eskolak esnetarako behien azpisektorea biziberritzeko bideari ekin dio kalitatezko prestakuntzaren bidez

2022-06-06

  • Jarduera honek dituen zailtasunei aurre egiteko sortu da ekimena, berrikuntzaren bidez, ekimen berriak sustatuz eta esnetarako behien arloan sortzen diren joera berri guztietara egokituz
  • Eredu pedagogikoa duela 25 urtetik ardi sektorean gazteak prestatzeko eta trebatzeko Artzain Eskolan arrakastaz ematen den ereduan oinarritzen da

Gaur goizean, Aretxabaletan (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzak HAZIren eta Gomiztegi kooperatibaren bidez bultzatutako prestakuntza-ekimen berri bat aurkeztu da. Behizain Eskola da, kalitatezko prestakuntzaren bidez esnetarako behien azpisektorea biziberritzeko bere ibilbidea hasten duen zentroa. Artzain Eskolaren esperientzia du oinarri, duela 25 urtetik urtero ikastaro bat ematen baitu ardien sektorean profesionalki aritu nahi duten gazteak trebatzeko, eta zentro berriak eredu pedagogikoa behien behar espezifikoetara egokituko du.

Ustiategien errentagarritasunik ezak, herritarrek ingurumenean duten eragina zalantzan jartzeak edo belaunaldien arteko erreleborik ez izateak esnetarako behien egoera nahasia eragin dute. Behizain Eskola abian jartzen da egoera horri aurre egiteko eta jarduera biziberritzeko, ingurumenarekin arduratsuak diren ekoizpen sistemetan eta kateko eragileen arteko lankidetzan oinarritutako kalitatezko irakaskuntza eskainiz.

Areantzako (Aretxabaleta) Etxebarri baserrian Behizain Eskolaren prestakuntza-ekintzak burutuko dira. Julen eta Agustin Abasolo anaiek urte askotako esperientzia dute sektoreko profesional gisa eta haiek kudeatuko dute ikastaroa. 260 abelburu, 80 hektarea lursail, larre mekanizagarriak (siloak lortzeko) eta artzaintzarako larre soilak dituzte. Esparru horretan aritu, elkarrekin bizi eta lan egingo dute ikastaro honetan sartzea erabakitzen duten pertsonak, baserrien eta esnetarako behien sektorean aritzen diren enpresen eguneroko errealitatera hurbilduz.

Kontzeptuak eta ezagutzak hainbat bideren bidez transmitituko dira: ekoizpen-, kudeaketa-, plangintza-, eraldaketa- eta merkaturatze-prozesu osoa hartzen duten jarduera teorikoak; esperientzia interesgarrien ezagutza; hainbat puntutan kokatutako praktikak, hainbat formatu eta errealitaterekin; ikasleen arteko zeharkako ezagutza-fluxua; eskola/enpresan bertan benetako jarduera-esperientzia bizitzeko aukera, eta jardueran garatzen diren arlo guztietan banakako laguntza.

 

 

Eskola laborategia

Abeltzain Eskolak ikasgelan eta laborategian (ukuilua, gaztandegia, jezteko eta merkaturatzeko gela) eman beharreko prestakuntza integraltzat hartzen du, sektore horretako heziketa baserrien/enpresen errealitatearekin oso lotuta baitago. Horregatik, prestakuntza ez da eskola-ordutegiarekin amaitzen. Ikaskuntza-prozesua nabarmen hobetzen duen planteamendu horretan, eskolaz kanpoko orduetako bizitza ere barne hartzen du (guneak, lan"erritmoak, jardueraren eskakizunak, arazoak, bizikidetza-kontuak, antolaketa…). Helburua da ikasleek jakitea zein den esne-ekoizpeneko, eraldaketako eta animaliak zaintzeko enpresa baten logika eta dinamika.

Berrikuntza, bilakaera eta egokitzapena

Garrantzitsua da eskola bat ekoizpen-prozesuen, teknologiaren, joera berrien eta abarren buruan egotea; beraz, Abeltzain Eskolak elementu horiek bere baserri-eskola-enpresan txertatuta izango ditu. Prestakuntza-proiektu honen xedea, azken batean, gure erkidegoan dagoen profesionalen sarea mantentzea eta indartzea da, betiere berrikuntzari, bilakaerari eta esnetarako behien arloan sortzen diren joera berri guztietara egokitzeari begira. Erreferentziazko eta bateratzeko gune bat sortzea, kateko eragileen arteko lankidetza"ekimenak sustatzeko: nekazaritzako eta abeltzaintzako beste esperientzia batzuetako bizipenak, praktika profesionalak, sektore horren beharrei buruzko hausnarketa edo ekimen berrien sustapena. Jardueran landu behar dituzten alderdi guztiak orientatzeko gune bat. Hori guztia eskolako langileen eta gainerako eragileen bitartez egingo da, esnetarako behien arloan balio-kateko katebegi guztien arteko interakzioa errazteko.