Beatriz Artolazabalek adinekoenganako tratu txarrak ikusarazteko beharra aldarrikatu du, "gizarte eta osasun publikoaren arazo bat baita"

2022-06-07

 

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak XLVIII 'Adinekoen aurkako tratu txarrak eta abusuak sentsibilizatu, zabaldu eta prebenitzeari buruzko jardunaldia' itxi du
  • Topaketa Bilboko UPV/EHUko Esperientzia Gelan izan da 

Vitoria-Gasteiz, 2022/06/07

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Bilbon, XLVIII 'Adinekoen aurkako tratu txarrak eta abusuak sentsibilizatu, zabaldu eta prebenitzeari buruzko jardunaldia' itxi du. Jardunaldia UDPk (Espainiako Pentsiodun eta Erretiratuen Batasun Demokratikoa) eta Nagusiak-Bizkaiko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak sustatu dute.

Sailburuak, UPV/EHUko Esperientzia Gelan, eskerrak eman dizkio antolaketari, “hamarkadetan zehar, ezkutuan izan den kontu bat ardatz hartzeagatik eta lehen arazo pertsonaltzat eta etxeko arazotzat jotzen zena orain benetan den arazo gisa birdefinitzeagatik: gizarte eta osasun publikoko arazoa”.

Artolazabalek bere saila ildo horretatik garatzen ari den zenbait programaren xehetasunak eman ditu. Esaterako, 2022ko Agenda Nagusirenak. Programa horrek edizio hau adinkeriari eskaini dio; hura adinagatik diskriminatzeko modu bat da, eta, “sarritan, eta kontziente izan gabe ere, horretan erortzen gara”, esan du sailburuak. 

Modu berean gogorarazi du 2015etik Eusko Jaurlaritzak tresna berezi bat duela, “diziplina anitzeko profesionalen talde batek garatutakoa, 65 urtetik gorakoetan kalte eta lesio fisiko eta ekonomikoak detektatu eta prebenitzekoa; arreta berezia eskaintzen zaie mendekotasun-egoeran dauden, komunikatzeko zailtasunak dituzten edo gizarte-baliabideetara jotzeko zailtasunak dituzten adinekoen kasuei”.

Artolazabalek, era berean, BetiOn telelaguntzako zerbitzu publikoa aipatu du; hark “tratu txarren biktima diren edo tratu txarrak jasotzeko arriskuan dauden adinekoei arreta emateko protokolo berezia” jasotzen du. Halaber, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatua (SATEVI) ere aipatu du.