Barakaldo izango da nazismoaren biktimak Stolpersteine harriekin omentzen dituen Euskadiko lehenengo hiri handia

2022-10-01

  • Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Alazne ikastetxearen ordezkariek eta biktimen familiartekoek kontzentrazio-esparru nazietan egon ziren 12 barakaldarrak gogoratzen dituzten galtzada-harri alemaniarrak bisitatu dituzte

Julián Aparacio. Luis Arranz. Emilio Cuevas. José Luis Mazo. Gerardo Moro. Martín Veiga. Félix Urrutia. Nicolás Martín. Juan Arregui. Demetrio Morales. Eugenio Alarcia. Segundo Rubianes. Horiexek dira nazismoaren biktima izan ziren 12 barakaldarren izenak. Eta horiexek dira gaur goizean Stolpersteine harrien aurkezpenarekin omendu dituzten 12 pertsonak. Stolpersteine  harriak kontzentrazio-esparruetan egon ziren pertsonak gogoratzeko Gunter Demming artista alemaniarrak diseinatzen dituen urre-koloreko galtzada-harriak dira. Horrela, Barakaldo izango da Memoria Historikoarekin lotutako arte-mugimendu horren parte izango den Euskadiko lehenengo hiri handia.

Amaia del Campo alkatea izan da omenaldiaren buruan Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin, ekimena sustatu duen Alazne ikastetxeko lantaldearekin eta Holokaustoaren biktimen familiartekoekin batera.

Hain zuzen ere, Alazne Ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleek proposatu zioten Udalari Stolpersteine ekimenarekin bat egitea, kontzentrazio-esparruetara deportatu zituzten eta bertan hil zituzten pertsonen memoria berreskuratzeko helburuarekin. Ekimena Udaleko osoko bilkuran aurkeztu ondoren, herritarren laguntza eskatu zuten holokausto nazia jasan zuten barakaldarren zerrenda osatzeko. 12 izenekin eta horien historiarekin, Gunter Demming artista alemaniarrak orain Barakaldon jarrita dauden 12 galtzada-harriak diseinatu ditu. Zehazki, La Siebe, Pometxeta, Lutxana, Anbia, Foruak, Autonomia, San Juan, Ibarra, Florida, Arrandi eta Andikollano kaleetan ikus daitezke.  

Lehenengo Stolpersteine harria Alemaniako Kolonia hirian jarri zuten 1992ko abenduaren 16an. Gaur egun Bartzelonan, Madrilen, Menorcan, Toledon eta Kordoban… ere badaude.

NAZISMOAREN BIKTIMA IZAN ZIREN 12 BARAKALDARREN ZERRENDA

1.- JULIÁN APARICIO BARANDA

La Siebe kalea, 9

Stalag XII-Dn egon zen preso. Gero Gusengo esparrura deportatu zuten.
1941eko azaroaren 21ean hil zen.

2.-LUIS ARRANZ IZQUIERDO

Pormetxeta kalea, 30

Touluseko Stalagen egon zen preso. Handik Buchenwaldeko esparrura eraman zuten 1944ko abuztuan. Azkenean askatu egin zuten.

3.- EMILIO CUEVAS ALONSO

Olaetxea apezpikuaren kalea

Compiègneko Stalagen egon zen preso. Gero Neuengammeko esparrura deportatu zuten, eta handik Fallersleben-Laagbergeko esparrura. Azkenean askatu egin zuten.

4.-JOSÉ LUIS MAZO SAMANO

Anbia kalea, 38

Fallinbosteleko Stalag XI-Bn egon zen preso. Handik Mauthauseneko esparrura eraman zuten, eta 1942ko apirilaren 16an hil zen.

5.-MARTÍN VEIGA UZCATI

Autonomia kalea, 22

Verneteko kontzentrazio-esparruan (Frantzia) egon zen, eta handik Dachaura eraman zuten.

6.-FÉLIX URRUTIA

Lutxana kalea, 3

Fallinbosteleko Stalag XI-Bn egon zen preso. Handik Gusenera deportatu zuten 1941eko urtarrilaren 27an (87.193 preso-zenbakia). 1941eko irailaren 23an hil zen.

7.-NICOLÁS MARTÍN GONZÁLEZ

San Juan kalea, 22

Stalag XI-An (Altengrabow) egon zen preso. Handik Mauthausenera eraman zuten 1941eko apirilaren 26an (4.335 preso-zenbakia). 1941eko irailaren 4an hil zen.

8.-JUAN ARREGUI OLANO

Ibarra kalea, 12

Barakaldon bizi izan zen. Mauthausenera 1942ko irailaren 12an deportatu zuten (12.864 preso-zenbakia). Askatu egin zuten.

9.-DEMETRIO MORALES MORALES

Florida kalea, 14

1914ko azaroaren 29an jaio zen. Barakaldon bizi izan zen. 1941eko urtarrilean Gusenera eraman zuten. Askatu egin zuten.

10.-EUGENIO ALARCIA OBREGÓN

Arrandi kalea, 38

Stalag IX-Bn (Fallingbostel) egon zen preso. Handik Mauthausenera deportatu zuten 1941eko urtarrilaren 27an, 5805 preso-zenbakia izan zuen. 1942ko urtarrilaren 02an hil zen.

11.- SEGUNDO RUBIANES CASTROVIEJO

Andikollano kalea, 33

Stalag IX-An egon zen preso. Handik Gusen-Mauthauseneko esparrura deportatu zuten 1941eko apirilaren 29an, eta 1941eko abenduaren 9an hil zen.

12.- GERARDO MORO

Foruak kalea, 14

Mauthausenera deportatu zuten. 1942ko apirilaren 16an hil zuten.