Azpiazuk nabarmendu du Jaurlaritza oposizioarekin akordioak lortzen saiatuko dela 2023ko aurrekontuaren tramitazioan

2022-10-17

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak gaur Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean onartuko du 2023rako aurrekontuaren proiektua. Aurreikuspen horien arabera, urriaren 28an, ostirala, entregatuko zaio Eusko Legebiltzarrari, Legebiltzarreko izapideei ekiteko, behin betiko onarpena eman ahal izateko.

Sailen arteko banaketa eginda dago. Osasun eta Hezkuntza sailak handiagoak dira, aurrekontu hauek 2022an baino zabalagoak izango direla oinarri hartuta, nabarmendu du Azpiazuk Faktoria programan, eta gaineratu du Jaurlaritza oposizioarekin akordioak lortzen saiatuko dela eta, ahal bada, ondo. Baina ez dezagun ahaztu gehiengo osoa dugula.

Espainiako aurrekontuetan aurreikusitako kupoari dagokionez, Azpiazuk argitu du behin-behinekoa dela, baina gure kalkuluetara hurbiltzen ari dela, eta azpimarratu du aurrekontu horiek Euskadin aurreikusi dituzten inbertsioak ez direla nahikoak.

Fiskalitateari buruz irekitako eztabaidari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, beste behin, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, horri buruzko erabakiak hartu aurretik: Zuzeneko negoziazioaren zain egongo gara, ea zer eskatzen diguten. Ez da zergak jaisteko unea, ezta igotzeko ere. Ekonomia moteltzen ari da eta zuhur jokatu behar da. Zergak igotzen badira, kaltegarria izan daiteke. Fiskalitateari buruzko hausnarketa eta azterketa sakona egin behar dugu.

Azalpenaren ildo horretan, deflaktazioak herritar gehienei eragiten diela nabarmendu du Azpiazuk. Neurri unibertsala da, eta gogorarazten du ez dela Euskadin hartutako neurri bakarra. 200 €-ko kenkaria dago 30.000 €-tik beherako errentetan.

Zerga berriak ezartzeko aukerari dagokionez, elkarrizketa honetan aitortu du oraindik ez dakitela zein izango duten behin betiko. Horregatik, komeni da itxarotea eta nola lurreratzen diren ikustea, horiek adostu ahal izateko.

Ekonomiaren egoeraren argazki bat ematerakoan, orokorretik partikularrera, Azpiazuk aitortu du Alemaniako ekonomiaren eraginak eragina duela Euskadin eta Europan. Hala ere, berretsi du Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenek % 2,1eko hazkundea aurreikusten dutela 2023an.

Testuinguru horretan, argitu du atzeraldia eta krisia ez direla gauza bera, eta zehaztu du atzeraldia dela bi hiruhilekotan jarraian hazkunde negatiboa izan dela. Horregatik, Azpiazuk azpimarratu du gure ekonomia, oraingoz, ez dagoela atzeraldian eta enplegua sortzen ari garela. Espero dugu inflazioak jaisten jarraitzea eta horri eusteko EBZren politikak bere ondorioak izaten jarraitzea, 2023rako inflazioaren datua jakitea zaila bada ere.

2023rako hitzarmenen negoziazioen atarian, Azpiazuk uste du soldatak ez direla inflaziora egokitu behar. Oso zirkulu kaltegarria litzateke. Garrantzitsua da enpresen eta langileen arteko lankidetza. Esparru horretan, pertsona kalteberentzako laguntzak funtsezkoak dira.