Azpiazuk aurreratu du Euskadik zuhurtziaz eta arretaz egingo diola aurre testuinguru ekonomikoari, egoera ekonomiko sendo batetik

2022-07-29

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Euskal Ekonomiaren 2021 Urteko Txostenaren aurkezpenean, aurreratu du Euskadik zuhurtziaz eta arretaz egingo diola aurre ziurgabetasun ekonomikoari, eta inflazioak herritarrengan dituen eraginak arintzen saiatuko dela, betiere egoera ekonomiko sendo batetik.

Ziurgabetasun handia dagoela onartuta —are gehiago Errusiako gasaren Europarako hornidura eten daitekeela kontuan izanik—, Azpiazuk adierazi du Eusko Jaurlaritza beharrezko neurriak hartzen ari dela hori gertatuko balitz ahalik eta baldintzarik onenetan egoteko. “Euskadik garrantzi handiko azpiegitura bat du, Bahía de Bizkaia Gas, munduko edozein lekutatik gasa inportatzeko aukera ematen duena. Horrek malgutasun handia ematen digu; Errusiako gasarekiko mendekotasuna oso txikia da, edo beste edozein herrialdetatik datorren gasarekin ordezka daiteke. Horrek gas-hornidura bermatzea ahalbidetzen digu”, adierazi du.

Punturik kezkagarriena inflazioa da, euskal gizarteak aurrean duen arazo handiena baita. Eskura ditugun azken datuek, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren Indizea % 9,6an kokatzen dute, Espainiakoa, gaur ezagututako datua, uztailean % 10,8an eta Eurogunekoa % 8,6an. “Oso ehuneko handiak dira eta ez dago argi sabaia jo duten”, gaineratu du. Gorako joera horretan prezioen igoera eragin zuten indarrek (lehengaiek eta energiak) hilabete batzuk daramatzate merkatzen, eta hori gainerako produktuetara hedatuko da, baina ez da prozesu azkarra izango. Egia da oraindik ez dela bigarren txandako ondorio garrantzitsurik izan.

Txostenek adierazten dutenez, 2023an inflazioa % 3,1ekoa izango da urteko batez bestekoan, eta hurrengo urtearen amaieran Europako Banku Zentralaren helburutik gertu egongo da tasa (% 2,0). Inflazioari aurre egite aldera, erakunde horrek aurreko astean iragarri baino gehiago igo zituen interes-tasak, eta horrek ondorioak izango ditu familietan eta enpresetan. “Espero da interes-tasen igoerak eskaria arintzea eta, horrekin batera, Barne Produktu Gordina arintzea”, eman du aditzera sailburuak.

Ziurgabetasuna eta inflazioa handiak badira ere, lan-merkatuak etengabe egiten du hobera. Batetik, Gizarte Segurantzako afiliazioak % 2,5 egin zuen gora lehen hiruhilekoan eta % 2,4 bigarrenean. Bestalde, biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestak islatzen duenez, okupazioak % 2,5 egin zuen gora bigarren hiruhilekoan, eta % 3,1 lehenengoan.

Horrenbestez, Euskadiko ekonomiak lanpostuak sortzeko duen ahalmenak oso handia izaten jarraitzen du.

Aipatutako tasen ondorioz, 963.100 landun inguru daude, hau da, aurreko urtean baino 23.400 landun gehiago; 2008. urtetik hona izan den kopururik handiena, hain zuzen ere.

Horri gehitu behar zaio langabezian dauden pertsonen kopuruak erritmo onean jarraitzen duela murrizten, eta % 8,5eko langabezia-tasara iritsi dela (2009tik izan den tasarik txikiena), euroguneko batez besteko tasatik bi puntutara baino gutxiagora (% 6,6 maiatzean).

2022an Eurogunerako espero den hazkundea % 2,6koa da, eta % 1,6koa 2023rako. Europako balizko Barne Produktu Gordina % 1,5 ingurukoa izango da. “Botila erdi betea ikusten dugunok uste dugu, ziurgabetasun hori guztia gorabehera, Europak bere potentzialetik gertu gora egin dezakeela datorren urtean”, adierazi du.

Euskal ekonomiari dagokionez, joan den astean ezagututako datu multzoa oso positiboa izan da, ia salbuespenik gabe.

Sarrera ekonomiko horren ondoren, Azpiazu sailburuak Iñaki Barredo sailburuordeari eman dio hitza, eta sailburuordeak adierazi du epe ertainera Euskadik erronka jakin batzuei aurre egin beharko diela, hala nola energia-erronka ekologikoari, erronka teknologiko digitalari eta erronka demografiko sozialari.

Lehenengoari dagokionez, emisio-murrizketaren arloan hobetzeko tarte handia dago; “oraindik ere ahalegin handia egin behar da, Euskadin zein mundu osoan, berotze globala geldiarazteko” adierazi du Barredok.

Bestalde, digitalizazioa abian da dagoeneko, eta “etorkizunean, produktibitate-irabaziak lortzeko garatu beharreko tresnetako bat izango da. 2021ean, abiapuntuko posizioa ona da, eta funtsak iristeak eraldaketa digitala lortzen lagunduko du”.

Erronka horiei erronka demografiko soziala gehitu behar zaie; arreta berezia eskaini behar zaio biztanleriaren zahartzeari, aukera ematen baitu “zilarrezko ekonomiari lotutako jarduera berriak garatzeko —erosteko ahalmen handia duten 55 urtetik gorako pertsonekin lotzen direnak”— edo, soldata-arrakala ezabatzera begira, lanean jarraitzeko eta berdintasunean aurrera egiteko.