Azpiazuk adierazle ekonomikoek euskal ekonomiako hiru sektore nagusien hazkunde nabarmena aditzera ematen dutela azpimarratuz eman dio amaiera FVEMren Batzarrari

2022-05-04

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eman dio amaiera gaur arratsaldean Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioaren (FVEM) Batzar Nagusiari. Bizkaiko siderurgiaren eta metalurgiaren industriako enpresak biltzen dituen elkarte hau 830 enpresak baino gehiagok osatzen dute, eta Bizkaian 33.000 langiletik gora dituzte.

Azpiazuk batzarrari amaiera emateko eman dioten aukera eskertuz hasi du bere esku-hartzea, “ohore bat da niretzat, euskal industriaren benetako bihotza eta motorra baitzarete, eta orain ditugun ongizatea eta babes soziala eraikitzeko oinarriak ezarri baitituzue”, esan die.

Sailburuak gogoratu du Eusko Jaurlaritza “aitzindaria” izan zela eta dela oraindik ere “Estatuan eta Europan, industriari eta enpresari, oro har, laguntzeko programetan. Lankidetza publiko-pribatu horrek lehenbizi industriaren birmoldaketari aurre egiteko aukera eman digu; gero lehiakortasunaren eta nazioartekotzearen aldeko apustua egitekoa; eta, azkenik, I+G arloan erreferentea izatekoa”.

Ekonomiaren egungo testuinguruari dagokionez, Azpiazuk aitortu du hainbat elementuk baldintzatzen dutela, eta, nabarmenenen artean aipatu ditu konfinamendu zorrotzen bidez pandemia kudeatzeko Txinaren bidea, prezioen igoera, diru-politikaren normalizazioa (interes-tasak jada ari dira gora egiten AEBn), Ukrainako gerra, energiaren eta lehengaien merkatuetako tirabirak eta hornigaien entregan izaten ari diren atzerapenak.

“Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak martxoan eguneratu zituen 2022rako eta 2023rako aurreikuspenak. Aurreikuspen berri horren arabera, BPGk aurten % 4,5 egingo du gora eta datorren urtean % 4,1”, eta onartu du aurreikuspen horien ziurgabetasuna handia dela, hain zuzen ere, aipatutako testuinguru horren ondorioz.

Hala ere, sailburuaren ustez, “pixkanaka” Espainiako ekonomiari buruzko aurreikuspenak % 4 eta % 5 artera mugatzen ari dira, “eta gure aurreikuspena, beraz, ez dago Espainiarentzat beste erakunde batzuek egindako kalkuluetatik oso urruti”, adierazi du.

Sektore makroekonomikoei dagokienez, badirudi hazkunde nabarmena izango dutela euskal ekonomiako hiru sektore nagusiek, eta dinamismo handiagoa izango dela zerbitzuetan, hain zuzen ere, gerrak eragindako arazoek ez dutelako hainbesteko eraginik sektorean eta pandemia garaian ezarritako murrizketak erretiratu izana lagungarria zaiolako.

Ekonomiaren bilakaera horrek enpleguan izango duen eragina, sailburuaren ustez, esanguratsua izango da. Horrela, 26.300 lanpostu inguru sortuko dira eta 16.600 pertsona gehiago arituko dira lanean, Azpiazuk mahai gainean jarri dituen kalkuluen arabera.

“Planetaren erronkei anbizioz eta ausardiaz egin behar diegu aurre, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza estuan. Eta Jaurlaritzak benetan sinesten du lan egiteko modu horretan”, esanez amaitu du esku-hartzea.