Azpiazu Sailburuak, ELGA-k gonbidatuta, parte hartu du "Tokiko garapenerako estrategiak berraztertzea, Covid-19a kontuan hartuz" konferentzian, Trenton

Azpiazu_OCDE_reunion_Paris.JPG

2022-05-12

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua gonbidatu du maiatzaren 17an Trentoko Probintzia Autonomoan (Italia) egingo den “Tokiko garapenerako estrategiak berraztertzea, COVID 19a kontuan hartuz” konferentzian parte hartzera. Jardunaldi horretan hausnartuko da eskualde-garapena nola egokitu daitekeen etorkizunera, eta, bertan, aditu akademikoak, eskualde-liderrak eta legegileak bilduko dira, egoera aldakorrak eskualdeetan zer ondorio dituen eztabaidatzeko.

Ekitaldi hori ELGAren Garapen Ekonomikorako eta Tokiko Enplegurako Programaren (LEED) 40. urteurrenaren esparruan egin da. Izatez, 1970az geroztik, gobernu nazionalentzat eta azpinazionalentzat eragin handiko politikak garatzen ari da, betiere enpleguaren hazkundea eta trebetasunen garapena, enpresa-espiritua eta gizarte-berrikuntza sustatze aldera. 

Konferentzian parte hartuko dute: Maurizio Fugatti Trentoko Probintzia Autonomoko presidenteak; Yoshiki Takeuchi ELGAren alboko idazkari nagusiak; Mariastella Gelmini Italiako Eskualde Gaietarako eta Autonomietarako ministroak; eta Elisa Ferreira Kohesio eta Erreformako Europako komisarioak. Zehazki, Azpiazuk “Tokiko eta eskualdeko garapen-politikak: etorkizunerako egokiak?” mahai-inguruan parte hartuko du, eta harekin izango dira: Mario Tonina, Trentoko Probintzia Autonomoko presidenteordea eta Hiri Plangintza, Ingurumen eta Lankidetzako kontseilaria; Lamia Kamal-Chaoui, ELGAren Ekintzailetzarako, Enpresa Txiki eta Ertainetarako, Eskualdeetarako eta Hirietarako Zentroko zuzendaria; Jim O'Neill, Erresuma Batuko Northern Powerhouse Partnership erakundeko presidenteordea eta Chatham House erakundeko presidentea; eta Flavia Terribile, Italiako Azpiegitura Jasangarri eta Mugikortasuneko ministroaren ekonomia-aholkularia eta ELGAren Eskualde Garapeneko Politiken Batzordeko presidentea.