Azpiazu sailburuak Bilbon azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak hazkunde inklusiboko eta giza garapen jasangarriko eredu baten aldeko apustua egiten du

2022-10-07

"Human Capital Outlook" jardunaldiaren hirugarren edizioaren irekieran, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk gaur Bilbon honako hau azpimarratu du: “Euskal Autonomia Erkidegoak hazkunde inklusiboko eta giza garapen jasangarriko eredu baten aldeko apustua egiten du, eta eredu hori lan-indarrean parte-hartze handiagoarekin eta jendea lan-merkatura erakarriko duten enplegu emankor eta atsegingarriagoekin baino ez da posible izango”.

Horretarako, Azpiazuk aukera-berdintasuna indartzeko beharra planteatu du, jatorri sozioekonomikoa lan-merkatuko arrakastaren eragile nagusi bihur ez dadin.

Sailburuaren ustez, eta “langile guztiak ekonomia berde eta digitalerako trantsizioa menderatzeko gai izango ez direnez”, hori posible egiteko neurriak hartu behar dira: “Segurtasun-sareak indartu behar ditugu, aldaketa horiek eragindako enplegu-galerak kaltetutako pertsonei laguntzeko”, planteatu du irekiera-ekitaldi honetan.

“Lan-merkatuari pultsua hartzen” izenburu orokorrarekin, lan-munduarekin zerikusia duten gaiak jorratu dira jardunaldi honen esparruan, Iberdrola Dorreko auditorioan parte hartu duten pertsona ospetsuen ikuspegi eta iritzi desberdinekin.