Atxuri eta Bolueta arteko tranbiaren luzapena martxoaren 25ean jarriko da martxan

2022-03-21

  • Iñaki Arriola Sailburuak eta Juan Mari Aburto Alkateak gaur goizean egin dute iragarpena, aldez aurretik 2,3 kilometroko ibilbide berria egin ondoren

Bilboko tranbiaren Atxuri eta Bolueta arteko luzapena datorren ostiralean, martxoaren 25ean, jarriko da martxan. Iragarpena gaur goizean egin dute Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Bizkaiko hiriburuko metro arinaren sareari beste bi geltoki gehitzen dizkion tarte berriko tranbian 2,3 kilometro egin ostean.

Ostiraletik aurrera, Bilboko tranbiak 8 kilometroko ibilbidea izango du eta 16 geltoki guztira Bolueta eta Casilla artean. Tranbia Boluetaraino luzatzeko 5,2 milioi euroko inbertsioa egin da, Eusko Jaurlaritzak % 65 eta Bilboko Udalak % 35 finantzatuta.

Tranbia Boluetaraino luzatzeak, azken urteotan hirigintzaren ikuspegitik garapen nabarmena izan duen auzoaren geltoki berritik gertuen dagoen eremuan bizi diren hiru mila pertsona ingururi egingo die mesede.

ABUSU

Abusun eraikiko den geltoki berria da trazadura berriaren berritasun nagusia. Mirafloresko tunelaren irteeran dago, Boluetako noranzkoan, Abusu Ikastolaren ondoan. Irisgarritasuna hobetzen du eta ikastetxearen eta Abusu inguruaren arteko lotura indartzen du. Horrek oinezkoen igarotze-fluxua handituko du mendiaren aldeko espaloitik.

Hori errazteko, espaloiaren alde honetatik igarotzeko sekzio erabilgarria handitu egingo da, egungo 2 metroetatik 3 metrora pasatuz, geralekuari jarraipena emanez eskola-esparrura sartu arte.

Geltoki berriaren soluzioa trenbidearen alboetan dauden alboko bi nasek osatzen dute. Nasa horiek trenbide pasagune batekin daude lotuta. Espaloitik sartuko da bertara, arrapalen bitartez.

Antolaketa horrek esku-hartze txikia eskatu du aldez aurreko trenbide trazaduran, trenbideak oso gutxi lekualdatu behar izan direlako, altueran kotari eutsiz. Geralekuak 30 metro luzeko bi nasa ditu, 3 eta 5 metro arteko zabalera aldakorrarekin itsasadarraren aldean eta 3,6 metrokoa mendiaren aldean.

Nasa bakoitzak markesina bat du. Markesina horrek, eguraldi txarretik babesteaz gain, igarotzea kontrolatzeko eta txartelak erosteko behar diren elementu guztiak izango ditu (balioztatze eta salmenta makinak), instalazioen armairua eta informazio- eta publizitate-errotuluak.

Boluetan geltokia tranbiaren ezaugarrietara eta eskakizunetara egokitu behar izan da, eta Atxurin, berriz, geltokiak betiko lekuan jarraitzen du. Ehun urte baino gehiago dituen geltokiko trenbideen zabalgunean, mantendu egin dira tailerretara eta kotxetegietara sartzeko dauden desbideratzeak, tranbia-zerbitzuarekin bateragarriak direlako eta trenbidea mantentzeko lanetan aritzen diren unitateen maniobra ahalbidetzen dutelako. Halaber, nasaren kota jaitsi egin da eta egokitzeko beste obra txiki batzuk egin dira.

GERALEKU BERRIA

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, gainera, Arriolak eta Aburtok iragarri dute bi erakundeek akordioa lortu dutela tarte horretan beste geraleku bat egiteko. Geraleku hori Miraflores etorbideko biribilguneak Indalecio Prieto etorbidearekin bat egiten duen lekuaren parean egongo da.

Geraleku berriak igogailu bat izango du Miraflores etorbidearekin lotzeko. Igogailuak zerbitzua emango die Santutxuko behealdean bizi diren pertsonei eta Los Caños pasealekuan tarteko geralekua izango du. Modu berean, Ibaizabal ibaia inguratuz, Los Caños pasealekua Zamakola kalearekin lotzen duen pasabideraino joango den bide bat prestatuko da. Aurreikuspenen arabera, eraikuntza-proiektua uda baino lehen lizitatu ahal izango da, eta orduan zehaztuko dira jarduketaren kostua eta epea.