Astekonomia programak higiezinen merkatuaren bilakaerari eta langabezia-tasaren jaitsierari erreparatzen die

2022-10-28

Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpenak higiezinen merkatuaren bilakaera jasotzen du gaur, etxebizitzen salmentan eta hipoteken kopuruan zentratuta. Bi adierazleek gorakada handia izan zuten abuztuan. Bestalde, Estatistikako Institutu Nazionalak langabezia-tasari buruz egin duen azken inkesta Eustatek joan den astean adierazitakoaren antzekoa da, hau da, urteko hirugarren hiruhilekoan behera egin du.

Abuztuan, etxebizitzen salmenta % 20,8 igo zen Euskadin, aurreko urtearen aldean. Lehenengo zortzi hilabeteetako metatua saldutako 16.600 etxebizitzetatik igaro da, 2007tik izandako kopururik handiena, Atzeraldi Handia eragin zuen higiezinen krisia piztu aurretik.

Etxebizitzen salmentaren gorakadari lotuta, abuztuan sinatutako etxebizitzen gaineko hipoteken kopurua % 18,3 hazi zen aurreko urtearen aldean. Urteko lehen zortzi hilabeteetan 15.600 hipoteka baino gehiago formalizatu ziren, azken hamaika urteetako kopururik handiena, baina aurreko garaietan erregistratutakoetatik urrun.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, langabezia-tasa puntu erdi jaitsi da Euskadin hirugarren hiruhilekoan, % 8,3ra. Beheranzko bilakaera hori Eustaten BJAk aurreko astean iragarri zuenaren oso antzekoa da, kasu honetan sei hamarren murriztu baita % 7,9ra arte. EINen inkestan, gizonen langabezia-tasa % 8,2koa da eta emakumeena % 8,4koa.

Asteko laburpen hau, Ekonomia Zuzendaritzak "Astekonomia" izenarekin egina, minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren zabalkundea eta jarraipena errazteko.