Artzain Eskolak mende laurdena bete du artzaintza modernizatu, gaitu eta gaztetzearen alde lanean

_R010597.jpg

2022-06-23

• Gaur amaitu da ikasturtea, eta 10 gaztek diploma lortu dute beren lanbidea gorantz doan merkatu-nitxoan garatzeko. Izan ere, gero eta gehiago eskatzen dira kalitatezko elikagaiak.

• Aurten prestakuntza-eskaintza zabaldu da, eta ordu teoriko gehiago eman dira, modulu berriak eransteaz gain, besteak beste, honako gai hauetan: digitalizazioa, ekoizpen ekologikoa edo terapia alternatiboak. Hala, lehenengoz bederatzi hilabeteko iraupenera iritsi da.

Artzain Eskolak artzainen hogeita bosgarren prestakuntza ikastaroa amaitu du ikasketak bukatu dituzten 10 ikasleri diplomak eta makilak emateko ohiko ekitaldiarekin. Eskolak mende laurdena bete du, eta Estatu-mailan erreferente bihurtu da ahuntzen eta ardien arloko ikasketari dagokionez. Hezkuntza-eredua berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarritzen da, eta produkzio-prozesuek ingurumenarekiko arduratsuak dira.

Arantzazuko eskolak Euskadin artzaintza bizia mantentzeko eta Latxa ardia arraza kontserbatzeko helburuz lanean dihardu. Horretarako, etorkizunean beren lanbidea ahuntzen eta ardien sektorean garatu nahi duten pertsonei urtero prestakuntzarako modulu teorikoak eta baserrietan nahiz ustiategietan landutako alderdi praktikoa eskaintzen die. Aurten prestakuntza-eskaintza zabaldu da lehenengoz prestakuntza bederatzi hilabeteetara iritsi arte, eta behar berriei erantzuteko moduluak erantsi dira. Horrez gain, gailurrean egon nahi da, besteak beste, honako gai hauetan: digitalizazioa, ekoizpen ekologikoa edo terapia alternatiboak.

Hezkuntza-eredu honen bidez 300 pertsona baino gehiago trebatu dira, eta arrakastak bultzatuta, aurten Behizain Eskola sortu da. Eusko Jaurlaritzak HAZIren bidez jarri du abian kalitatezko irakaskuntzan oinarrituta esne-behien jarduera suspertzeko. Artzain Eskola artzaintzari eta lehen sektoreari buruzko hausnarketa-gunea da, eta prestakuntza enpirikoan oinarritutako hezkuntza-eredua eskaintzen du. Etengabe egiten da praktika baserrian, prozesu guztiak oso-osorik (animaliatik esnekiak saldu arte) ezagutzen dira eta lanbide-bizipenak, eraginkortasuna eta elkarlana transmititzen dira.

Ikasleen profila

Jorge Garbisu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak eta Peli Manterola HAZIko zuzendariak entregatu dizkiete aurten Artzain Eskolan prestakuntza-zikloa amaitu duten 10 ikasleei diplomak eta makilak. 8 mutilek eta 2 neskak aukeratu dute etorkizuneko lanbide hori, eta eskuratu duten ezagutza merkatuak eskatzen duenari erantzuteko erabiliko dute, hain zuzen, lurraldearekin lotuta, goi kalitateko elikagaiak ekoiztea.

Gaur diplomak jaso dituzten 7 pertsona 31 urtetik beherakoak dira, eta 4k oraindik ez dituzte 20 urte bete. Zifra horiek beste urtebetez Arantzazuko eskolak Euskadiko ardi eta ahuntz sektorea gaztetzeko eta belaunaldi-aldaketa ziurtatzeko betetzen duen zeregin garrantzitsua bermatzen dute. Izan ere, bigarren hori izan zen arrazoi nagusietako bat zentroa duela 25 urte abian jartzeko. 6 ikaslek artalde propioa dute.

Ikastaroko ikasleen jatorriari dagokionez, 3 Bizkaikoak dira, 2 Arabakoak, 1 Gipuzkoakoa eta 4 pertsona Arantzazuko eskolara beste autonomia-erkidego batzuetatik hurbildu dira.

Diploman entregatu ondoren, Miguel Maiztegi artzainari omenaldia egin zaio, artzaintzaren aldeko zeregin garrantzitsuarengatik eta Artzain Eskolarekin lankidetzan jarduteko azaldu duen prestutasunarengatik. Halaber, Jaime Zubia kazetariaren ibilbide luzea aintzatetsi da. Gaur egun Onda Vasca irratian Baserria irratsaioa zuzentzen du, eta bere lanarekin artzaintzak jarduera ekonomikoan eta beste alderdi batzuetan, hala nola lurraldea, paisaia eta kultura nahiz gastronomia ondarea mantentzean, duen garrantzia aditzera ematen du.