Artolazabalek iragarri du musika-sustatzaileekin batera protokolo bat landu dela kontzertu eta ekitaldi handietan eraso sexistarik izan ez dadin

2022-05-27

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du datorren astean egingo den prentsaurreko batean aurkeztuko dela dokumentua
  • Euskal Encounter ekitaldiko antolakuntzak dokumentu hori eskatu dio Sailari, BEC aretoan egingo duten hurrengo ekitaldian aplika dadin
  • Iragarpena Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean egin du. Elkarrizketa horretan, prostituzioari, Ukrainatik iritsitako pertsonen egoerari edo justizia errestauratiboari buruz ere hitz egin da, besteak beste

Bilbo, 2022/05/27

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur jakinarazi du bere sailak eta Kultura Sailak jarduketa-protokolo bat aurkeztuko dutela datorren astean, formatu handiko ekitaldietan eta kontzertuetan eraso sexistarik izan ez dadin. Artolazabalek ez du zehaztasun gehiago eman, baina adierazi du protokoloak “askotariko jazarpenak jasan ohi dituzten” emakumezko langileak eta artistak barne hartuko dituela.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean egin ditu sailburuak adierazpen horiek. Elkarrizketa horretan aditzera eman du, halaber, Euskal Encounter ekitaldiko antolakuntzak Sailera jo duela “protokolo hau eskatzeko, hurrengo edizioan abian jarri nahi baitute” —ekitaldi hori udan egin ohi dute BECen—.

 “Kultura Sailarekin eta Euskadiko sustatzaile nagusietako ordezkariekin batera lan egin dugu; izan ere, gai horrekin oso sentsibilizatuta daude, eta badakite zenbait egun iraun dezaketen formatu handiko ekitaldi horietan sexu-erasoak gertatzen direla eta sexu-eraso horien ondoriozko salaketa ugariei aurre egin behar zaiela. Artikulu batean irakurri dut emakumeen % 43k diotela jaialdiren batean sexu-jazarpena jasan dutela. Eta hori beldurgarria da”, adierazi du.

Herriko jaiei begira, Artolazabalek udalei zuzendutako antzeko gida bat ere aipatu du. “Gida horretan oso gustuko dudan esamolde bat dago, jende guztia betaurreko moreak janztera gonbidatzen duena; jaiak antolatzen dituztenak zein horietan parte hartzen dutenak. Argi dago jaiak eta alkoholak ez dutela justifikatzen errespetuan oinarritzen ez den jarrera. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen” ohartarazi du.

Bestalde, Euskadira iritsi diren Ukrainako pertsonen egoerari dagokionez, sailburuak onartu du iritsierak “egonkortu” direla eta batzuk itzultzen ere hasi direla. Escrivá ministroaren Ministeriora bidalitako etxebizitza-parkearen erabilera desblokeatzeko akordio-proposamenari dagokionez, bere ustez “sintonia dago eta laster iritsiko gara akordio batera, bide berean baikaude, hau da, sistema ofizialean dauden ukrainarrei zein, sistema ofizialetik kanpo, euskal familien etxeetan dauden ukrainarrei laguntzea”.

Espetxe-politikari eta topaketa errestauratiboen prozesuari buruz galdetuta, Beatriz Artolazabalek argi utzi nahi izan du Justizia Errestauratiboa borondatezkoa dela eta biktimarioari ez diola inolako onurarik ekartzen. “Eta hori argi geratzea nahi dut, espetxe-onurekin lotu nahi duten ahotsak isilarazteko. Zigor judiziala betetzearekin paralelo doan prozesua da”, eman du aditzera.

Horrez gain, “hasi gara espetxeetan lehen bilerak egiten, eta parte hartzeko interesa agertu duten pertsonei prozesua azaltzen ari gara. Askotariko profilak dituzten presoak dira” erantsi du.

Sailburuari prostituzioaren inguruko eztabaidari buruz ere galdetu diote. Horri dagokionez, adierazi du Euskadik errealitate horri buruzko azterketa eta gogoeta lasaia egin behar duela, eta prostituzioan aritzen direnak askatasunez mundu horretatik atera ahal izateko tresnak eskaintzearen alde egin du. Aditzera eman duenez, “prostituzioa ez da lana, esplotazioa baizik”.