Artolazabalek erakundeen arteko lankidetza funtsezko elementu gisa nabarmendu du adingabeak babesteko programak garatzeko

PHOTO-2022-05-27-12-29-12.jpg

2022-05-27

  • Artolazabalek “Psikologia Kalean” hitzaldi eta tailerren zikloa inauguratu du Bilbon; jardunaldia Bizkaiko Psikologia Elkargoak antolatu du

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Bilbon, EAEko erakundeek eremu soziosanitarioan egiten duten baterako lana eta, bereziki, haiek haur eta nerabeekiko babes-sistemarekin duten konpromisoa nabarmendu ditu.

Artolazabalek “Psikologia Kalean” hitzaldi eta tailerren zikloa inauguratu du Bilbon; jardunaldia Bizkaiko Psikologia Elkargoak antolatu du, eta, haren bidez, Psikologia normalizatu nahi da eta pertsonei hurbildu nahi zaie. Inaugurazio-ekitaldian, era berean, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan dira, besteak beste.

Sailburuak erakundeen arteko lankidetza aipatzean, honako hau nabarmendu du: “aldundiak, udalak eta Eusko Jaurlaritza ildo berean ari gara lanean, gure eskumenen erantzukizunarekin, zeinak Gizarte Zerbitzuen Legean oinarrituta egoki banatuta baitaude”.

Sailburuaren iritziz, eremu soziosanitarioan esku hartzen duten eragile guztien lanari esker, arrakastaz egin dira zenbait ekimen, besteak beste: Zeuk Esan adingabe eta gazteentzako doako arreta-zerbitzu anonimoa; zahartze aktiboari buruzko estrategia; adinkeriaren aurkako borroka; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzu espezializatua, eta Biktimei Arreta emateko Zerbitzua, oraintsu genero-indarkeriaren biktimei laguntza emateko “Zurekin” programaren bidez sendotu dena.

Oraintsu, pandemian, “Betirako” programa aktibatu da, dolu traumatikoei arreta emateko. “Orain, laguntza psikologikoko programa berria aktibatu dugu, Ukrainako gerraren ondorioz lekualdatutako pertsonei eta hilabeteetan zehar Txernobyleko eskualdeko harrerako seme-alaben inguruko albisterik izan ez duten EAEko familiei harrera egiteko”, nabarmendu du Artolazabalek.

Sailburuak balio handiko tresna gisa kalifikatu ditu psikologia herritarrei hurbiltzea eta prebentziorako egiten den lana. “Lan horri esker, gero eta nabarmenagoa da gizartean osasun mentala zaintzea eta oreka psikologikoa bilatzea pixkanaka gero eta normalizatuago dagoela, hura baita asmoa”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.