Artolazabal: "Justizia Errestauratiboaren aldeko sustapenak beste urrats bat gehiago ekarriko du EAE-ko bizikidetzaren hobekuntzan"

JUSTICIA_RESTAURATIVA-AQUIY_AHORA_1.jpg

2022-06-09

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ‘De ‘Maixabel’ a la Justicia Restaurativa’ dokumentalaren aurrestreinaldian izan da; dokumentala gaur gauean emango da, ETB2ko ‘Aquí y Ahora’ programan
  • Lanak biktimen eta biktimagileen zenbait lekukotza jasotzen ditu, eta topaketa errestauratibo batera bertaratu da
  • Hala osatzen da EAEko espetxe-ereduari buruz ‘Historias de la cárcel’ eta ‘De víctimas a supervivientes’ dokumentalekin hasitako trilogia

Bilbo, 2021/06/09

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, De ‘Maixabel’ a la Justicia Restaurativa dokumentalaren aurrestreinaldian izan da; lana Aquí y Ahora programako taldeak egin du, eta Eider Hurtado kazetariak zuzendu du. Gaur gauean emango da, 22:30etik aurrera, ETB-2n. Dokumentalak, biktimen, biktimagileen eta zuzenbideko, epailetzako eta bitartekaritzako profesionalen bidez, prozesu errestauratiboak zertan dautzan eta nola garatzen diren erakusten du.

De ‘Maixabel’ a la Justicia Restaurativa dokumentalaren bidez, itxi egiten da Historias de la cárcel dokumentalarekin hasitako trilogia; hartan, Arabako espetxearen barruko bizitza jasotzen da. Lehen dokumental horren ondoren, De víctimas a supervivientes eman zen, eta, hartan, biktimek sekuela fisiko eta psikologikoak Biktimentzako Laguntza Zerbitzuaren laguntzarekin gainditzeko egin behar duten ibilbide gogorra erakusten da.

“Moduren batean, dokumental horien ildo nagusia da pertsona guztiok bigarren aukerak izateko eskubidea izan behar dugulako uste osoa. Gure ustez, eragindako kaltea konpontzeak elementu egituratzailea izan behar du, biktima gure jarduketa guztien erdigunean jartzen duen eta erkidegoan gizarteratzea sustatzen duen zigorren betearazpen-ereduaren elementu egituratzailea”, azaldu die Artolazabalek bertaratutakoei.

Hori horrela, sailburuak esan du ziur dagoela “justizia errestauratiboaren sustapenak beste urrats bat gehiago ekarriko duela EAEko bizikidetzaren hobekuntzan”.

Bizkaiko Abokatuen Elkargoa izan da dokumentala emateko aukeratu den lekua. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Justiziako Sailburuordetzako ordezkariak izan dira, bai eta Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanordea eta Pedro Ibarreche Praktika Juridikorako Eskolako ikasle batzuk ere.

“Aurkezpen hori Justizia Errestauratiboaren EAEko estrategia abiarazteko fasean sartzen da; hura, oraindik, kontrasteen fasean dago. Haren helburuetako bat da operadore juridikoen artean balio eta tresnak ezagutzera ematea; zalantzarik gabe, Zuzenbideko profesionalen artean zabaltzea ezinbestekoa da”, esan du sailburuak.

Artolazabalek indarkeria terrorista eten ondoko errealitate berriaz hitz egin du. “Gaur, zorionez, ETA desagertu dela kontuan hartuta, justizia errestauratiboa sendabidea izan daiteke gure bizikidetzan urrats berriak emateko.  EAEko estrategia horrek preso guztiengana iritsi nahi du, iraupen luzeko kondenak dituzten barnekoak barne”, esan du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak berriro ere esan du “borondatezkotasunez, konfidentzialtasunez eta zuhurtziaz” jardun behar dela prozesu errestauratiboan, eta berriro ere azpimarratu du inolaz ere ez dakarkiela borondatez parte hartzea erabakitzen duten presoentzat “espetxe-onurarik”.

“Justizia errestauratiboaren ahalmen eraldatzailea EAEko gizarte osoari heltzea gustatuko litzaiguke. Gure konpromisoa da biktimak aurretik informatuta egotea, espetxe-transferentzia egin zenetik egin dugun bezala”, esan du.

2022-2025erako Justizia Errestauratiboaren Estrategia

De ‘Maixabel’ a la Justicia Restaurativa dokumentalean zenbait biktimaren lekukotza jasotzen da: borroka batean semea galdu duen ama bat; ziberjazarpenaren biktima bat; ikasle baten mehatxupean dagoen irakasle bat; paziente baten erasoa jasan duen pediatra bat; ETAko biktimak, Maixabel barne… Halaber, biktimagileak daude, hala nola borroka batean lagun bat hiltzeagatik kondenatutako gazte bat; erasoagatik kondenatutako beste gazte bat; lapurreta bat egin duen emakume bat…

Eta, azkenik, dokumentalean justizia errestauratiboarekin zerikusia duten zenbait pertsonak parte hartu dute, besteak beste, abokatutzako profesionalek, Berriztu Hezkuntza Elkarteko bideratzaileek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuak berak –2018an sortu zen–.

Dokumentalean jasotzen diren eta 2021eko Zigor Memoriatik ateratako datuen arabera, ekitaldi horretan 1.302 espediente itxi ziren, eta, haietatik, 712 justizia errestauratiboaren programan jaso ziren. Haietatik, % 99 bitartekaritzaren bidez itxi zen.