Arriola sailburuak Topoaren Antxoko zubibidea kentzeko erabakia helarazi dio Pasaiako alkateari

Reunion_Pasaia_2.jpg

2022-01-11

  • Arriola sailburuak eta Izaskun Gomez alkateak iragarri dutenez, Altza eta Galtzaraborda arteko tartea martxan jarri eta segidan eraitsiko da azpiegitura
  • Joan den azaroan, ETSk Herrera eta Irun arteko metro bateko zabalerako merkantzien trenbide saihesbidearen alternatiben azterlana esleitu du

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak gaur goizean iragarri duenez, Altza eta Galtzaraborda arteko bidaiarien garraiorako trenbide saihesbidea martxan jartzen denean, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Pasaiatik igarotzen den Topoaren bidezubia kenduko du. Saihesbide horren obrak laster hasiko dira. “Bidaiarientzako saihesbidearen lanak forma hartzen hasi dira eta Pasai Antxo bitan banatzen duen trenbideko lubakia kenduko duen merkantzien garraioari behin betiko soluzioa bilatzeko pausoak ematen ari gara”, zehaztu du.

Akordio horrekin, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak egindako eskaerari erantzun dio Garraio sailburuak, joan den astean bidezubia ahalik eta lasterren eraitsi behar zuela jakinarazi baitzion Eusko Jaurlaritzari.

Biek bilera izan dute gaur goizean Lakuan, eta bertan, bere sailak herriko trenbideko garraioa hobetzeko dituen planak azaltzeko aukera izan du Arriola sailburuak.

Testuinguru horretan, datozen asteetan ETSk Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide saihesbidearen obren logistika-lanei ekingo die, Antxoko barrutian, zehazki Gure Zumardiaren azpian, lurpeko geltoki berria eraikitzea barne. Hilabete honetan bertan, Pasaian, Euskal Trenbide Sareko teknikariek lanen nondik norakoak azalduko dizkiete antxoarrei.

Izaskun Gomez, bestalde, pozik agertu da sailburuak erakutsitako “sentsibilitatearengatik” eta Altza-Galtzaraborda tartea ireki eta “ahalik eta lasterren” bidezubia kentzeko hartutako erabakiarengatik. Antxotik igarotzen den topoaren egungo trazadura zeharkatzen duten trenbideak barrutia zatitzen duen hesi fisikoa dira. Bidezubia kentzea “funtsezkoa da Pasai Antxoko hiri-berroneratzerako”, alkateak azpimarratu duenez. Era berean, Izaskun Gomezek azpimarratu duenez, “bikoizketak eta geltoki berriak pasaitarren bizi-kalitatean mugarri izango den mugikortasun berria ekarriko dute”.

Trenak 7,5 minutuz behin

Altza (Donostiako udalerrian) eta Galtzaraborda (Errenterian) arteko bi kilometroko luzera duen tartea eraikitzeko 64,1 milioi euroko aurrekontua dago, eta obra zibilerako 46 hilabeteko egikaritze epea. Ondoren, beste 14 hilabete beharko dira instalazioak hornitzeko eta zerbitzu-probak egiteko. Horrekin, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara trenbide bikoitzean eraman zuen trenbide saihesbidea osaturik geratuko da.

“Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea –adierazi du sailburuak– Pasaiako garraio-zerbitzua hobetzen duen obra da, oso garrantzitsua Errenteria eta Altzatik Donostiara doazenentzat”. Izan ere, ibilbide horien erabiltzaileek 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute hiriburuaren erdigunera joateko. Gaur egun, maiztasun hori Herrerako geltokiraino baino ezin da eskaini.

Bestalde, joan den azaroan, ETSk Herrera eta Irun arteko topoaren tartean, metro bateko zabalera duen merkantzien trenbide saihesbidearen alternatiben azterlana esleitu zuen. Eta amaitzen ari da Pasaiako portura metro bateko zabalerako trenbidea sartzeko eraikuntza-proiektua.

Altza eta Galtzaraborda arteko Topoaren obrak abian direla eta esleitutako merkantzien trenbide saihesbidearen alternatibak aztertzen ari direla, Iñaki Arriolak adierazi du egungo bidezubia kendu ahal izango dela bidaiarien adar berria zerbitzuan jarri eta portura sartzeko obrak egin ondoren.

Merkantzien saihesbide berria abian jarri arte, Sailak zero isuriko garraioetan oinarritutako soluzio alternatiboak emango dizkie Irunen jatorria eta helmuga duten trenbideko zirkulazioei.