Arriola sailburuak eta Zumarragako alkateak alokairuko 30 zuzkidura-bizitoki eraikitzea hitzartu dute

2022-01-28

  • Iñaki Arriolak eta Mikel Serranok erakundeen arteko lankidetza nabarmendu dute, herritarren etxebizitza-eskaerari erantzuteko funtsezko tresna baita
  • Operazio horri gehitu behar zaizkio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila Eizaga Berriko hiru partzelatan eraikitzen hasiko den alokairuko babes ofizialeko 108 etxebizitzak

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta Zumarragako alkate Mikel Serranok lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Gipuzkoako udalerri horretan alokairu sozialerako 30 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko. Akordio hori sinatuta, indartu egiten da Zumarragako herritarrek etxebizitza eskuragarria jaso dezaten bi erakundeek hartutako konpromisoa.

Hitzarmenaren arabera, Udalak Faustino Orbegozo Fundazioaren adinekoentzako egoitza zaharra doan lagako du. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eraikina eraitsiko du eta beste bat sustatuko du, alokairuko 30 zuzkidura-bizitoki hartuko dituena. Era berean, beheko solairuan, 475 m2-ko azalera izango duen espazio bat sortuko du Udalaren zuzkidura sozialetarako.

Apartamentuak aldi baterako errentamenduan esleituko zaizkie, gehienez ere bost urterako, etxebizitza-premia berezia duten kolektiboei, hilero kanon bat ordaintzearen truke. Kanon horrek ez du gaindituko bertan biziko direnen errentaren % 30. Esleipendunek Etxebiden indarrean dauden baldintzak bete beharko dituzte; besteak beste, 3.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak izan beharko dituzte eta ez dute euren jabetzako etxebizitzarik izan beharko. Zumarragan gutxienez hiru urtez erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna.

Gainera, esleipenean lehentasuna izango dute 36 urtetik beherako gazteek eta, bereziki, 70 urtetik gorako pertsonek, baldin eta etxebizitza bat badute baina etxebizitza horrek beren premiak asetzen ez dituela uste badute eta Alokabideri uzten badiote Bizigune programan sartzeko. Horrela, bizitokian mugarik gabe egon ahal izango dira, betiere bizitoki horrek euren autonomia pertsonalaren mailarako egokia izaten jarraitzen badu eta Alokabideri lagatako etxebizitzak programa horretan sartuta jarraitzeko baldintzak betetzen jarraitzen badu.

Alokairuko 108 etxebizitza

Hori ez da Iñaki Arriolaren Sailak etxebizitza arloan Zumarragan egiten duen jarduketa bakarra. Izan ere, aurreikusita dago laster alokairu babestuko 108 etxebizitza (36 erregimen berezikoak eta 72 erregimen orokorrekoak) hartuko dituzten hiru bloke eraikitzen hastea Udalak Eizaga Berri auzoan lagatako partzelatan.

Etxebizitzek kalifikazio energetiko gorena izango dute. Berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistema erabat elektrikoa izango dute, emisiorik gabea, iturri berriztagarriko euskarri batekin, estalkietan eguzki-panel fotovoltaikoen blokeak instalatuta. Gainera, Udalak 716 m2-ko lokal bat izango du udal-erabilerarako; lokal hori auzo-mugimenduaren beharrei erantzuteko eta adinekoentzako gizarte-etxe gisa erabiliko da.

Gaur egun, Zumarragan etxebizitza bat eskatzen duten 311 pertsona daude Etxebideren zerrendetan. Horietatik, 213 herrian erroldatuta daude, eta gehienek, ia % 80k, alokairuan lagatzea eskatzen dute. Alde horretatik, Arriola sailburuak erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen arteko ahaleginen batasunari balioa eman die, pertsona guztiek etxebizitza duina eskura izan dezaten. Era berean, eskertu egin du “Zumarragako Udalak ahalegin horretan elkarrekin lan egiteko erakutsi duen jarrera bikaina”.

"Benetan uste dut —gaineratu du— gaur sinatu dugun hitzarmenarekin irmoki egiten dugula aurrera Zumarragako herritarrei, batez ere zailtasun handienak dituztenei, etxebizitza eskuragarria edukitzeko bidea errazteko helbururantz".   

Mikel Serranok, bere aldetik, honako hau esan du: "Faustino Orbegozo geriatriko zaharraren eraikuntza eragin zuen espirituari leial eusten diogu, batez ere adineko pertsonei zerbitzua emateko orduan".

Gaur egun, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 39 etxebizitza kudeatzen ditu Alokabideren bitartez, guztiak hutsik dauden etxebizitzak atzemateko Bizigune programakoak. Halaber, 2021eko azken hiruhilekoan, herriko 35 gaztek bat egin dute Udalak 36 urtetik beherakoei alokairua hilero ordaintzeko ematen dizkien emantzipaziorako laguntzekin, eta 13 gaztek Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programa aukeratu dute.