Arratiako 24 enpresek konpromisoa hartu dute arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko

Argitalpen-data: 

Irekia.jpeg
  • Enpresek, Gorbeialdea landa garapeneko elkarteak eta Zulaibar Lantegi Ikastegiak hitzarmena sinatu dute Errota fundazioarekin; trukean, eusGara-k eskaintzen dizkien doako zerbitzuez baliatu ahalko dira euskararen presentzia handitzeko.
  • 24 enpresa horietan 1.300 beharginek egiten dute lan. Tartean daude 100 langiletik gorako hiru enpresa: Batz, Ilunbe eta Ormazabal.
  • Bi pilotaje abiatu dituzte 2022an: turismoa euskalduntzeakoa bata, eta Lanbide Heziketako ikasleen praktikak euskaraz izan daitezen bermatzekoa bestea.

Arratiako 24 enpresek konpromisoa hartu dute arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko, eta helburu hori lortzeko, datozen bi urteetan eusGara zerbitzuak eskaintzen dizkien tresnak baliatuko dituzte. Doako zerbitzua da, eta bere helburua da Arratiako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzea. Enpresen esku jartzen dituzte honako baliabideak: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak. Enpresa handi zein txiki, arlo ugaritan diharduten lantegiek egin dute  bat eusGara komunitatearekin, eta denen artean, 1.300 behargin baino gehiagori ematen diote lan. 

Errota fundazioak kudeatzen duen zerbitzua da eusGara, eta gaur goizean sinadura ekitaldia egin dute Igorren. Euskararen erabilera handitzeko konpromisoa hartu duten 24 enpresetatik hamahiru enpresek hartu dute parte bertan. Zerbitzua diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. 

Arratiako udalak ere presente egon dira ekitaldian, Errota fundazioaren parte diren heinean. Sei herritako alkate edo udal ordezkari egon dira Igorreko ekitaldian: Igorre, Lemoa, Dima, Artea, Areatza eta Bedia. Euskalgintzatik, bestalde, AEK euskaltegia eta Begitu hedabidea gerturatu dira, eta sindikatuen aldetik ELA. 

eusGara proiektuaren helburuak gogora ekarri ditu Iratxe Goikoetxeak ekitaldian: “Duela lau urte ikusi genuen garrantzitsua zela lan munduaren garapena euskararekin lotzea. Lurraldearen garapenak euskaraz izan behar zuela ikusi genuen”. Azken batean, euskarak balio erantsia ematen diolako lan munduari, bere esanetan. Arratiako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko, erakunde, enpresa eta eragileen arteko elkarlana goraipatu du. “Arratiako lan eremuak euskalduna izan behar duela sinistuta gaude; enpresa hauek guztiek gurekin bat egiteak helburu hori lortzen lagunduko digu”. 

Lorea Bilbaok ere hitz egin du sinadura ekitaldian, lan munduan euskarak duen garrantziaren inguruan: “Funtsezkoa da lanerako saltoa ez izatea eten bat euskarari dagokionez. Eskolan, institutuan, lanbide heziketan edo unibertsitatean euskaraz ikasi ondoren behar-beharrezkoa dugu horri segida ematea lanean ere. Euskara gizarte alor guztietan eta adin-tramu guztietan erabiltzea da gakoa, guztiontzat eta egoera guztietarako”. 

Miren Dobaranen arabera, “euskararen iraunkortasunari begira, inozko aukerarik onenean gaude hizkuntza politikan eremu ekonomiko pribatuan pauso ausartak emateko”. Horregatik esan du eusGara proiektua erabat dela estrategikoa hizkuntza politikaren ikuspegitik. Eta erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren balioa goraipatu du: “Balioa eransten dio erakunde desberdinak elkarrekin lanean jartzen gaituen heinean. Balioa eransten dio, halaber, ulertzen duenean euskaratik ardatz litekeen jarduera ekonomiko sistematizatuak eratu eta egonkor litezkeela. Ibili dabilenaren jakintzaren mezua baliagarria zaigu etorkizuneko jarduera ekonomikoa bestela irudikatzeko. Euskaratik ere irudikatzeko”. 

100 langiletik gorako hiru enpresa  

eusGara zerbitzuarekin bat egin duten enpresak arlo ugaritakoak dira. Sektore hauetakoak, hain justu: enpresa industrialak, hornitzaileak, banaketa enpresak, lehen sektorekoak, auto tailerrak, inprentak, ostalaritza, zahar egoitzak eta garbikuntza. 

Enpresa gehienak ertainak edo txikiak dira, baina zerbitzuarekin bat egin duten hiru enpresek 100 langile baino gehiago dituzte: Batz, Ilunbe eta Ormazabal. Hiruren artean 1.000 langile ingururi ematen diote lan. 

Hauek dira gainerako 19 enpresak: Ormaurre, Comecaran, Industrias Galarza, Behingoz, Tresnak, Arbegui, Lur 2000, Autos Kastrexana, Carrocerias Usansolo, Autos Varela, Carrocerias Joseba, Zuloaga Motor, Graficas Arratia, Rotulos Usansolo, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Amorrortu ostatua, Arratiako egoitza eta Limpiezas Arratia. Horiez gain, Zulaibar Lanbide Ikastegiak eta Gorbeialdea landa garapeneko elkarteak ere bat egin dute eusGararekin. 

Batzek bi hamarkada daramatza euskararen erabilera handitzeko lan egiten, 2001ean lehen euskara plana onartu zutenetik hain justu. eusGara zerbitzua sortu zenean sustatzaileetako bat izan zen horregatik. Ilunbe eta Ormazabal dira, ordea, 2022ko berritasun nagusiak. Ilunberekin lanketa egiten duela zortzi hilabete inguru hasi ziren eusGarako teknikariak, eta hizkuntza kudeaketa hobetzeko proiektua onartzekotan da zuzendaritza egun. Zerbitzua abiatu zenetik lanketa egiteko prest agertu da beti Ilunbe, baina urratsa aurten eman du, eta horregatik aurrerapen hori nabarmendu dute. 

Ormazabalek bestalde, pasa den astean konfirmatu zien eusGarako teknikariei zerbitzuarekin bat egingo zutela. 

Bi pilotaje martxan 

Arratiako arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko orain arte egindako lanketari bi ildo berri gehitu dizkio aurten eusGarak. Izan ere, bi pilotaje abiatu ditu turismo sektorean eragiteko, eta Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten. Horrez gain, 2020an auto tailerrekin abiatu zen kanpainaren ondorioz bat egin zuten tailer batzuek ere jarraitzen dute zerbitzuarekin. 

Turismo pilotajea Gorbeialdea landa garapeneko elkartearekin batera jarri da martxan. Elkarrekin bilera egin ostean, kezka bat partekatu zuen elkarteak: Arratia eskualde euskalduna izanik, eta bertara doazen bisitarien ehuneko handi bat euskal herritarra izanik, turismo arloko establezimendu askotan gaztelera asko ikusten zela. Hizkuntzak turismoari balio gehigarria ematen diola ulertu zen, eta lekuaren beraren ezaugarriak transmititzen laguntzen duela. Horregatik pentsatu zen pilotaje bat abiatzea, ikustea zelako erantzuna izan dezakeen 2022. urtean, eta emaitzaren arabera 2023an turismo arloko establezimendu gehiagotara zabaltzea. Zuhaintz Etxeak eta Etxegana hotel & spa establezimenduek interesa erakutsi dute. 

Beste pilotajeari dagokionez, Zulaibar Lantegi Ikastegiarekin hartu-eman ugari izan dituzte eusGara zerbitzuko teknikariek, eta bertatik ateratzen diren ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten pilotajea abiatu da. Horretarako, praktikak egitera joan diren ikasleei motibazio saioak eman zaizkie, jakin dezaten enpresa arloan hizkuntzak zelako garrantzia duen. Horrez gain, Arratiako Egoitzarekin jarri dira harremanetan eurengana praktikak egitera doazen ikasleekin lanketa nola egin ikusteko: ikasleek praktiketan izaten duten bidea detektatu, eta zein euskarri euskaratu behar den jakin. Ostera, gainerako enpresekin ere lanketa hori modu orokortuagoan egingo da.

Komunitate izaera indartu 

eusGara proiektuarekin bat egin duten enpresekin egin den lanketa orain arte banan-banakakoa izan da, baina Igorren gaur egin den ekitaldiarekin Arratian euskara bultzatzeko prest dauden enpresen komunitatea sortuko da. Elkar ezagutzeko parada eduki dute, eta urtean zehar hainbat kanpaina eskainiko zaizkie: telefonoa euskaraz hartzeko ikastaroak, e-mailak idazteko euskarazko ikastaroak, .eus domeinua sustatzeko kanpaina, Euskaraldian parte hartzeko kanpaina... Hau da, euskararen alde egiteko prest dauden enpresen komunitate hori trinkotu nahi da halako egitasmoekin.