Amador Granadosek agur esan dio lehiari, hogei urte baino gehiago goi mailan aritu ondoren

Argitalpen-data: 

Irekia.JPG
  • Basque Team sortu zenetik Fundazioaren beka jaso duen txirrindulariaren palmares luzean Rio de Janeiro 2016an lortutako brontze paralinpikoa nabarmentzen da

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak lagunduta, Amador Granadosek kirolari gisa goi mailari agur esan dio gaur Donostian. 

Bizitza oso bat gehien gustatzen zaionari eskainia: txirrindularitzari. Diziplina hori, hasieran, bitarteko terapeutiko eta errehabilitatzaile bat izan zen jaiotzetik zuen deformazioa arintzeko, sortzetiko ‘oin kurbatu’ izeneko gaitza sendatzeko, eta arrakasta askoren iturri bihurtu zen gerora.

Orain, 54 urterekin, Amador Granadosek amaiera eman dio eliteko txirrindulari gisa egin duen ibilbide bikainari, bi hamarkadatan maila gorenean aritu ondoren. Azken gertaerek, besteak beste Tokioko Jokoetan parte hartu ez izanak, erabakia aurreratzea eragin dute. Japoniako hiriburuko Jokoak egin aurretik, bere laugarren hitzordu paralinpikoan egoteko  borrokatu zen baina ez zuen lortu.

“Ez da erabaki erraza izan. Hiru Jokorekin eta domina batekin noa, bost hitzordutan parte hartu eta hiru irabazi behar izan nituenean. Baina pozik nago” esan du Amadorrek.

Amador Granadosen palmares nazionala oso zabala da: 13 titulu ditu kilometroko proban, bere proba gogokoenean. Pistan 20 urre ditu, 20 zilar eta 6 brontze, eta errepidean 9 urre, 13 zilar eta 9 brontze. Belodromoaren eta errepidearen artean, Espainiako txapelketetan, 77 domina ditu guztira, urre, zilar eta brontze artean.

Hala ere, estatu mailako lorpen horiei guztiei nazioarte mailan lortutako guztia gehitu behar zaie, asko baita. Balioa eman behar zaie 2014ko Aguascalienteseko (Mexiko) Munduko txapelketari, errekorra barne, eta munduko hitzorduetan lortutako gainerako dominei: hiru brontze kilometroko proban eta hiru zilar eta lau brontze taldekako abiaduran. Horrez gain, Europako txapelketetan bi zilar eta brontze bat pilatu ditu kilometroaren proban.

Aipamen berezia merezi dute Paralinpiar Jokoetan egindako parte-hartzeek. Granados hiru Jokotan lehiatu da. Atenasen, 2004an, bi diploma lortu zituen, bat  kilometroan eta beste bat jazarpen proban. 2008n Pekinetik beste diploma batekin itzuli zen, eta Rio de Janeiroko hitzorduan, 2016an, bere ametsa bete zuen, taldekako abiadura-proban brontzezko domina bat irabazi baitzuen, Eduardo Santas eta Alberto Cabellorekin batera. 

Basque Teameko beka jaso duen kirolariaren ustez, zorte handia izan du urte hauetan guztietan, eta eskerrak eman nahi izan dizkio bere inguruari.

“Nire inguru guztiari eskerrak eman nahi dizkiot eman didaten indarragatik. Beti ondo babestuta egon naiz Zuzenak Fundazioarekin, nire klubarekin, Ainhoa Artolazabal eta Emaitz Izagirre nire entrenatzaileekin eta nire bikotekide eta bizitzako lagun den Fabiolarekin. Eta, jakina, Basque Team Fundazioari eskerrak eman nahi dizkiot, ezinezkoa izango litzatekeelako kirol-ekitaldiei aurre egiteko beharrezkoa den prestakuntza izatea, beken bidez jasotako haren laguntzarik gabe. Denek zerikusi handia izan dute nire kirol-ibilbidearen egonkortasunean” baieztatu du Amadorrek.


Amador Granadosek denbora hartu behar du familiaz gozatzeko eta azken lesioetatik osatzeko iztai-hernia baten ebakuntza gainditu eta orno bat hautsi ondoren, baina, aldi berean, ez du txirrindularitzatik erabat aldendu nahi. Gipuzkoarrak Euskadiko paraziklismo hautatzaile bezala jarraituko du.


Amador Granados Basque Teami lotuta urte gehien eman dituen kirolarietako bat da, eta Fundazioaren sorkuntzatik kide izan da, 2008tik.

AMADOR GRANADOSEN PROFILA

Biografia

Kirola: Txirrindularitza egokitua

Usurbil, 1967-05-15

Familia apal batean jaio zen, orain Lasarte-Oriari dagokion baina garai hartan Andoain herriari zegokion Talokale auzoan.

Bertan bizi izan zen 10 urte bete zituen arte, orduan bere familia Usurbilera joan baitzen bizitzera, eta han hasi zen kirolean. Horregatik, Usurbilgotzat dauka bere burua, Andoiango udalerriarekiko errespetu eta maitasuna duen arren.

Kirolak garrantzi handia izan du beti bere bizitzan. Futbola da bere pasioa. Futbolari izan nahi zuen baina jaiotzetik zuen oineko deformazio batek galarazi zion.

Errehabilitazio-bide eta tresna terapeutiko gisa hartu zuen txirrindularitza. Bere aita A.D.C. Michelin talde zikloturistarekin ibiltzen zen igandero eta laster berarekin eraman zuen. Lehenengo irteerak ez ziren oso atseginak izan; 40 kilometroko distantzia luze egiten zitzaion, ia ezinezko bihurtzeraino.

Dena den, denboraren poderioz, zikloturista bat gehiago izatera iritsi zen. Berarentzat garrantzitsua zen, horrela desgaitasunik gabeko jendearekin neurtu ahal zituelako indarrak; beste bat zelako. Taldekideekin konparatzen zuten eta desgaitasuna albo batean geratzen zen, oinak berriro lurrean jarri arte, gutxienez. Jolas baten moduan hasi zena lan bihurtu zen gerora, bere bizitzaren zati bat.

Lehenengo lehiaketak heldu ziren, pistan nahiz errepidean aritu zelarik: Espainiako txapelketak, Europako txapelketak, Munduko txapelketak… eta azkenik Paralinpiar Jokoak: Atenasen (2004), Beijingen (2008) eta Rion (2016) lehiatu da, beti bere familiaz babestuta.

Horiek lagunduta, kirol-palmares inbidiagarria lortu du, eta, bertan, Europako eta Munduko txapelketetan lortutako domina ugarien gainetik, Rio 2016ko Paralinpiar Jokoetan taldekako abiadura-proban lortutako brontzea eta Aguascalientesen (Mexiko) erdietsitako Munduko titulua (munduko errekorra barne) nabarmentzen dira.

Emaitza nabarmenenak


Joko Paralinpikoak
• Atenas 2004: diploma (7. pistako banakako jazarpena)
• Pekin 2008: bi diploma (5. erlojupeko pista), (7. taldekako abiadura)
• 2016 Rio de Janeiro: brontzea (taldekako abiadura)

Munduko txapelketak
• 2006ko Munduko Txirrindularitza Txapelketa (Aigle, Suitza): Brontzea (erlojupeko km LC2 pistan), zilarra (taldekako abiadura pistan)
• 2007ko Munduko Txirrindularitza Txapelketa (Bordele, Frantzia): Brontzea (erlojupeko km pistan)
• UCI Pistako Munduko Txirrindularitza Txapelketa 2009, (Manchester, Britainia Handia): Brontzea (taldekako abiadura)
• UCI Pistako Munduko Txirrindularitza Txapelketa 2011 (Montichiari, Italia): Brontzea (kilometroa)
• Munduko Txapelketa, Los Angeles 2012: Brontzea (taldekako abiadura)
• Munduko Pista Txapelketa 2014 (Aguascalientes Mexiko): Urrea (taldekako abiadura, C1-C5)
• Munduko Pista Txapelketa 2015 (Apeldoorn, Holanda): Zilarra (taldekako abiadura, C1-C5)
• Munduko Pista Txapelketa 2016 (Monticciari, Italia): Brontzea (C1-C5 taldekako abiadura)

Europako txapelketak
• 2001eko Europako Txapelketa (Zurich - Neuchatel, Suitza): Brontzea (erlojupeko km LC2 pistan)
• Europako EPC Txapelketa 2003 (Praga - Teplice, Txekiar Errepublika): Zilarra (erlojupeko km LC2 pistan)
• 2005eko Europako Txirrindularitza Txapelketa (Alkmaar, Holanda): Zilarra (erlojupeko km LC2 pistan)