AIReFek Eusko Jaurlaritzaren 2023rako aurreikuspen makroekonomikoak abalatu ditu

2022-10-13

Zerga Erantzukizuneko Agintaritza Independenteak (AIReF) Eusko Jaurlaritzaren 2023rako aurreikuspen makroekonomikoak abalatu ditu, Ekonomia eta Ogasun Sailera bidalitako txostenean jaso duenaren arabera.  Legez, administrazio publiko guztien aurrekontu-proiektuek AIReFen txostena behar dute, abalatzen dituen adieraziz.

Azkeneko aurreikuspenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak BPGren % 2,1eko igoera kalkulatzen du datorren urterako. AIReFen ustez, aurreikuspen hori “autonomia-erkidegoetako analisten adostasunaren estimazio tartearen barruan dago, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrekin batera aurkezten den koadro makroekonomikoan aurreikusitakoaren antzekoa da. Baldintzatzaile horiek kontuan izanda, AIReFen ustez, autonomia-erkidego honek 2023rako aurkeztu dituen aurreikuspenak bideragarriak dira, eta horrela abalatu ditu”.