Abian da HANDITU INNOVA programa, eta bost milioi euroko zuzkidura du nekazaritza-ekoizpenean berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handiak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2022-9-27)

fotoconsejo.jpg

2022-09-27

  •  Lehen sektoreari laguntzeko tresna da, berrikuntza teknologikoaren ekimen handiekin lotuta
  • Milioi bat eurotik gorako inbertsioak finantzatuko dira goi teknologiako instalazioetan, ekipamenduetan eta azpiegituretan, berrikuntza-proiektu global baten barruan 

Eusko Jaurlaritzaren Batzordeak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindua onetsi du: haren bidez, nekazaritza"ekoizpenean berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzen deialdiaren oinarriak arautzen dira 2022an (HANDITU INNOVA programa). Guztira 5 milioi euroko zuzkidura du, eta helburuak dira nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna eta efizientzia hobetzea, berrikuntza teknologikoa sustatzea sektoreko trakzio-elementu gisa, ingurumen-eragina murrizten laguntzea eta energia-efizientzia handitzea.

Garapen teknologikoa eta berrikuntza herrialdeen ekonomiaren garapenaren adierazleak dira, baita funtsezko faktoreak ere produktibitatean, lehiakortasunean eta hazkunde jasangarrian. Uste horrekin, Eusko Jaurlaritzak enpresei laguntzeko zenbait plan estrategiko jarri ditu abian, negozioa sortzeko helburuarekin, laguntza-programen, finantza-tresnen eta beste jarduketa-ildo batzuen bidez, jarduera ekonomikoa eta ekoizpen- eta teknologia-aktibo berrietako inbertsioak sustatzeko.

Testuinguru horretan, nahiz eta gaur egun I+G+b-ri buruzko laguntza-programa bat dagoen elikaduraren eta zuraren balio-kateari zuzenduta eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak sustatuta, proiektu pilotuei buruzkoa, ez zegoen lehen sektoreari laguntzeko tresnarik berrikuntza teknologikoaren ekimen handiekin lotuta, ekoizpen-kostu zuzenak murrizteko eta lan"produktibitatea hobetzeko, eta tokiko eta eskualdeko arloetan ekonomia sortzeko gaitasun handiarekin. 

Horregatik finkatu da HANDITU INNOVA programa, honako helburu hauekin: 

  • Nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna eta efizientzia hobetzea ekoizpen"ratioetan, eta berrikuntza teknologikoa sustatzea Euskadiko ekoizpen-sektorearen trakzio-elementu gisa.
  • Ingurumen-eragina murriztea, energia-efizientzia handitzea, ura aurreztu eta araztea eta EAEko nekazaritza-ustiategietako hondakin eta azpiproduktuak aprobetxatzea.

Laguntza-ildoak 

Aginduak laguntza-ildo bakarra finkatu du, nekazaritza-ekoizpeneko berrikuntza teknologikoekin lotutako inbertsio handietara bideratuta.

Inbertsio horiek milioi bat eurokoak edo handiagoak izan beharko dira, eta goi teknologiako elementu, instalazio, ekipamendu eta azpiegiturekin lotuta egon behar dira, berrikuntza teknologikoko proiektu global baten barruan.

Oro har, dirulaguntzaren xede izango dira makineria berria, instalazio"elementuak eta ekipamenduak erostea edo erosteko aukerarekin alokatzea, produktuaren merkatu-baliora arte, teknologia eta berrikuntza handikoak. Halaber, ondasun higiezinen erosketa edo eraikuntza, programa informatikoak, eta abar finantzatu ahalko dira.

Aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, helbide hauen bidez:

https://www.euskadi.eus/servicios/1220401 -Programa Handitu Innova

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220401 - Handitu Innova Programa

Inbertsio-eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko lau pertsonak osatuko dute.