Abian da "Berdintasuna kalitate-elementu gisa euskal etxeen kudeaketan" ikastaroaren bigarren edizioa

Berdin_2022.jpg

2022-05-13

Iaz Argentinako 25 euskal etxerekin egindako esperientzia arrakastatsuaren ondoren, 2022an "Berdintasuna kalitate-elementu gisa euskal etxeen kudeaketan" izeneko ikastaroaren bigarren edizio egingo da, Erdialdeko eta Hego Amerikako gainerako euskal etxeetara zabalduta. Hori dela eta, joan den larunbatean, maiatzaren 7an, Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak hasiera eman zion edizio berri honi. Bertan 7 herrialdetako 43 euskal etxek hartuko dute parte: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Peru, Uruguai eta Venezuelakoak.

Onartu berri den Euskadi-Basque Country 2025 Estrategiak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako 2020-2023 aldirako Erakunde Ekintzako Lau Urteko Planak, baita EMAKUNDEren EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak eta Lehendakaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2022-2024 Plana berak ere honako helburu hauek ezartzen dituzte, besteak beste:

Kanpo Ekintzaren eremuan berdintasuna sustatzera bideratutako jarduerak, kanpoan diren Euskal Gizataldeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzearekin zerikusia dutenak nabarmenduz, emakumeak ahalduntzeko eta balioak aldatzeko laguntza-egiturak garatuz, bai eta kanpoan den Euskal Komunitatean euskal berdintasun-politikak zabalduz eta sustatuz ere.

 

Berdintasunerako eskola

Ildo horretatik abiatuta, joan zen urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eskola ekimena jarri zen abian, euskal etxeetako kideentzat, berdintasunaren inguruko prestakuntza eta sentsibilizazio gune gisa. Ekimen horren bidez, Argentinako euskal etxeekin lehen prestakuntza jardunaldiak antolatu ziren. Jardunaldi horiei esker, hausnarketarako eta iritziak trukatzeko gune bat sortu zen, baita ere gai horretan erronka berriak planteatzeko.

Hausnarketa horren ondorioz, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, Euskal Berdintasunerako Etxeak – Berdintasunerako Eskola webgune berria aurkeztu zen, berdintasunerako tresna, eta lotuta euskaletxeak.eus web atariari "munduan diren euskal etxeen eta euskal etxeentzako Interneteko gunea". Atari hori kanpoan den Euskal Komunitatearentzako da, eta bere baitan hartzen duen Berdintasunerako Eskolak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko edukiak eta informazioa eskaintzen ditu.

Bigarren edizio honetan, EMAKUNDEren, Lehendakaritzako Berdintasunerako Unitatearen eta Eusko Jaurlaritzak Mercosurren, Mexikon eta Txile-Kolonbian dituen ordezkaritzen lankidetza izango dute.

Laburbilduz: Xedea da kanpoan den Euskal Komunitate osoa kontzientziatzea euskal etxeetako prozesuetan genero-ikuspegia txertatzearen garrantziaz; ezagutzarako, hausnarketarako eta esperientziak trukatzeko espazio bat emanez, eta horrela emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko.