Abian da 2022ko euskararen gaitasun-proben egutegia

Argitalpen-data: 

  • Euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko aurtengo udaberriko azterketaldiari martxoaren 28an emango zaio hasiera.
  • HABEk hiru deialdi jarriko ditu martxan hurrengo egunotan.

HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, urteroko egiaztatze-proben egitarauari ekingo dio hurrengo astean.

Martxoaren 28tik apirilaren 5era, HOBE deialdian parte hartzeko matrikula-epea irekita egongo da. HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) deialdia Gasteizen soilik eskainiko da udaberriko azterketaldian (gehienez ere 225 leku C1 maila egiaztatzeko eta 45 leku C2 maila egiaztatzeko). Deialdi horretako entzumeneko, irakurmeneko eta idazmeneko probak apirilaren 25ean, 26an eta 27an egingo dira EJIEren Gasteizko egoitzan.

Bestalde, apirilaren 4tik 12ra zabalik egongo da euskaltegietako ikasleentzako deialdian edota deialdi irekian matrikula egiteko epea. Bi deialdietan B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira.

Bi deialdiotako probak maiatzaren 4an, 5ean eta 6an egingo dira Barakaldoko BECen, Irungo Ficoban eta Gasteizko BAKHen. Deialdi irekian Madrilen eta Bartzelonan ere izango da probak egiteko aukera.

Aurreikusten da euskaltegi bidezko deialdian gutxi gorabehera 11.000 azterketarik hartuko dutela parte (1.500ek B1 mailan, 3.700ek B2 mailan, 5.200ek C1 mailan eta 600ek C2 mailan). Deialdi irekian, aldiz, 6.500 matrikula inguru aurreikusten dira (500 B1 mailan, 1.550 B2 mailan, 4.200 C1 mailan eta 250 C2 mailan).

Deialdiotako mintzameneko probak ekainaren azken astean eta uztaileko lehen bi asteetan egingo dira eta behin betiko emaitzak uztailaren 20an emango dira argitara.

Azterketari bakoitzak hiru deialdietako batean eta maila bakarrean egin ahal izango du matrikula. HOBE deialdian edo deialdi irekian matrikula egiten duen azterketariak 80 euro ordaindu beharko ditu eta euskaltegiko ikasleentzako deialdian matrikula egiten duenak 40 euro.