4,7  milioi euro Euskal Hezkuntza sisteman mentore digitalak prestatzeko (Gobernu Bilera 2022-11-02)

logoconsejo.jpg

2022-11-02

Laguntza hauen helburua da itunpeko ikastetxeen sarean mentore digitalak hautatu eta trebatzea

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, indarrean dagoen hezkuntza-ituna duten ikastetxeetako federazio eta elkarteei zuzeneko dirulaguntzak ematea. Ikastetxe horiek Euskal Hezkuntza Sistemaren mentoria digitaleko #CompDigEdu programan parte har dezaten erabili beharko dira. 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako zuzeneko dirulaguntza horien kopuura 4.739.416 eurokoa da. 

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Euskadin Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, DBH edo Batxilergoa eskaintzen duten itunpeko ikastetxeen federazio edo elkarteak. 

Hezkuntzako gaitasun digitala hobetzeko #CompDigEdu programaren azken helburua da ikasleen konpetentzia digitala garatzea eta ikaskuntzan teknologia digitalen erabilera hobetzea. Gai horri, baina, irakasleen gaitasun digitala garatuz heltzen dio – banakakoa zein kolegiatua –, eta ikastetxeak digitalki eskumena duten hezkuntza-erakunde bihurtuz. Programa hori Next Generation funts europarrez hornitzen da, eta denboran zein helburuetan bat dator Hezkuntza Sailak abian jarritako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planarekin. 

#CompDigEdu programak hiru helburu nagusi ditu:

  • Ikastetxe guztiek beren hezkuntza-proiektuan integratutako Plan Digital bat izan dezaten lortzea. Plan horrek modu kolektiboan hasitako antolaketa eta ikasketa-estrategiak egituratuko ditu, ikastetxea digitalki eskumena duen hezkuntza-erakunde bihurtzeko.
  • Irakasleei gaitasun digitala garatzea erraztea, ziurtatutako prestakuntza-jardueren bidez.
  • Irakasleen gaitasun digitalaren maila egiaztatzea.

Helburu horiek lortzeko, garrantzi berezia hartzen du ikastetxeetako mentore gisa jardun beharko duten pertsonen taldea hautatu eta prestatzeak, bai ikastetxeko plan digitalak egin eta garatzeko, bai ikastetxe horietako irakasleen hezkuntza-gaitasun digitalari buruzko prestakuntza antolatzeko. Beraz, mentore digitalak liberatzeko eta prestatzeko erabili beharko dituzte jasotako dirulaguntzak itunpeko ikastetxeetako federazio eta elkarteek. 

Sare publikoan ere bai

Irakaskuntza publikoan, aurreko ikasturtearen amaieran, mentoria digitaleko #CompDigEdu Gelan programan parte hartzeko deialdia egin zitzaien Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeei. Deialdiaren ebazpena eman da jada, eta 2022-2023 ikasturtearen hasieratik hautatutako mentoreak mentoretza digitaleko lanak egiten ari dira beren ikastetxean eta inguruko beste ikastetxe batzuetan. Guztira 54 mentore aukeratu dira sare publikoan. 

Ikastetxe itunduetan, diruz lagundu beharreko zenbatekoa eta mentore kopurua zehazteko, sare publikoko ikastetxeei esleitutako irizpideen antzekoak erabili dira. Aholkulari baten ratioa ezarri da 300 irakasleko, eta 55.464 euroko zenbatekoa itunpeko ikastetxeen elkarte edo federazioari esleitutako aholkulari bakoitzeko, 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetako bakoitzeko. Horrela, itunpeko sarean 42 aholkulari finantzatuko dira. 

Irakasle mentoreen zereginak

Aholkulari digital izendatutako pertsonak, besteak beste, honako eginkizun hauek beteko ditu esleitzen zaizkion ikastetxeetan:

  • Irakasleen gaitasun digitalaren mailaren diagnostikoa egiten laguntzea
  • Ikastetxeei aholku ematea Ikastetxeko Proiektu Digitala diseinatzeko eta estrategia digitala ezartzeko.
  • Mentore digitalentzako prestakuntza-jarduera espezifikoetan parte hartzea.
  • Ikasgelan irakatsi eta ikasteko prozesuen aldaketa metodologikoa erraztuko duten teknologia, material eta baliabide digitalen erabilera bultzatzea.
  • Irakasleei irakaskuntzako gaitasun digitalak eskuratzeko eskaintzen zaien prestakuntza tutorizatzea eta dinamizatzea.
  • Irakatsi eta ikasteko prozesuan hezkuntza-material eta baliabide irekiak egitea, eta horiek ikasgelan erabiltzea sustatzea.