4,16 milioiko ezohiko laguntzak arrantza-sektoreari lehiakortasunari eusteko Ukrainako krisiaren aurrean (Gobernu Bilera 2022-12-07)

20090302_01_0176.jpg

2022-12-07

Gasolio-litro bakoitzeko 0,30 euroko dirulaguntza emango zaie egoitza-portua Euskadin duten ontzi-armadoreei, erregai horren prezioen igoera leuntzeko. 

Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jo du gerra-gatazka tarteko sektoreak jasandako inpaktua minimizatzea eta egungo krisiaren aurrean sektorearen bideragarritasuna babestea. 

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak proposatuta, arrantza-sektoreari ezohiko laguntzak ematea adostu du lehiakortasunari eusten laguntzeko eta Ukrainako gerratik eratorritako ondorio ekonomikoak arintzeko. Ezohiko laguntza horren gehieneko zenbatekoa 4,16 milioi eurokoa izango da, eta, zehazki, gasolio-gastuak finantzatzera bideratuko da. 

Eusko Jaurlaritzak uste du funtsezkoa dela Ukrainako gatazka dela-eta Euskadiko lehen sektoreak jasandako inpaktua minimizatzen ahalegintzea eta egungo krisiaren aurrean sektorearen bideragarritasuna babestea. Horregatik, 2022ko apirilaren 12an, akordio bat egin zuen, eta horren bitartez, aurrekontu-arloko neurriak hartuko dira gerra horren ondorio ekonomiko eta sozialekin lotuta. Zehazki, funts ekonomiko bat sortu zen, 142,9 milioi eurokoa, Errusiak Ukraina inbaditzeak euskal ekonomia-ehunean eragindako ondorioei aurre egiteko; orain aktibatu den kopurua zenbateko horren barruan dago. 

Onuradunak 

Gasolio-litro bakoitzeko 0,30 euroko dirulaguntza emango zaie egoitza-portua Euskadin duten ontzi-armadoreei, 2021eko kontsumoak erreferentziatzat hartuta. Sektoreko ordezkarien arabera, erregai-kostuak kostu osoen % 25 izatetik (prezioa: 0,40€/litro) % 60tik gorakoa izatera igaro dira (prezioa: 1 €/litro). 

Laguntza horien onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira, Arrantza Ontzidiaren Erregistro Orokorrean alta emanda daudenak, baldin eta egoitza-portua Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta zerga-betebeharrak egunean badituzte. 

Gasolio-kontsumoa kuantifikatzeko erreferentzia 2021ean EAEn egoitza-portua duten arrantza-ontzidiaren kontsumoen azterlan bat izango da. Hori oinarri hartuta, ontzi bakoitzeko gasolioaren batezbesteko kontsumoaren hainbat modulu ezarri dira, funtsean ontziaren edukiera (GTak) kontuan hartuta, garatzen duen arrantza-jardueraren eta arrantza egiten duten kalen arabera moduluetan banatuta. 

Baldintzak 

Onuradun gisa akreditatzeko, 2022ko gasolio-fakturak aurkeztuko dira, urtarriletik urrira bitartekoak. Faktura horiek erakutsiko dute Ukrainako inbasioaren ondoriozko erregaien prezioaren igoeratik eratorritako eragin ekonomikoa, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zigorren edo Errusiak hartutako kontraneurrien ondoriozkoa. Dirulaguntza faktura horiek aurkeztu ondoren ordainduko da. 

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza arduratuko da laguntza horien ondoriozko espedienteen kudeaketaz, laguntzok amaitu arte.