287 pertsonak (% 24,5) gainditu dituzte suhiltzaileen EPEko ezagutza- eta gaitasun-probak

OPE_FICOBA_26-11-2022__2_.JPG

2022-11-29

  • Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiek guztira 114 plaza eskaintzen dituzte, 46 eta 68, hurrenez hurren, eta gehiago izan daitezke foru-erakundeek hala erabakitzen badute

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur arratsaldean jakinarazten ari da Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko lehenengo hautaketa- eta formakuntza-prozesu bateratuko ezagutzak eta gaitasunak neurtzeko proben emaitzak.

Joan den larunbatean, azaroaren 26an, FICOBAn egin ziren azterketetara aurkeztu ziren 1.170 pertsonetatik 287k (% 24,5) gainditu dituzte bi probak, 269 gizonek (% 93,7) eta 18 emakumek (% 6,3), eta hautaketa-prozesuan jarraituko dute Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiek eskaintzen dituzten 114 plazetako bat betetzeko. Horietako 46 Araban eskaintzen dira eta 68 Gipuzkoan, eta gehiago ere izan daitezke foru-erakundeek hala erabakitzen badute.

Datozen asteotan, lehenengo bi azterketa horiek gainditu dituzten izangaiek hautaketa-prozesuko nortasuna ebaluatzeko probak eta proba fisikoak egingo dituzte, eta biak dira baztertzaileak.  

Proba guztiak gainditu ondoren, nahitaezko aldi akademikoa izango dute, eta Akademian bertan egingo da horretarako diseinatutako Ikasketa Planari jarraituz, eta hori ere ebaluagarria izango da. Prozesuaren fase hori gaindituta, izangaiek praktikaldia egingo dute formakuntza osorako zentro edo egoitza egokietan, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da.

EPE hau gainditzen duten baina plazarik lortzen ez duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan-poltsa batean sartuko dira, hala eskatzen duten erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.