2023ko otsailaren 21ean, Osakidetzaren 2020, 2021 eta 2022ko Berritzeko LEPean eta 2021eko Egonkortzeko LEPean inskribatzeko epea irekiko da

2022-12-28

Eskainitako 7.639 plazak banatuta dauden 110 lanbide-kategoriak argitaratu ziren atzo EHAAn, baita merezimenduen baremoa, gaiak eta Lan Eskaintza Publikoan inskribatzeko epea ere.


Osakidetzak “LEP 2020+2021+2022+Egonkortzea” Lan Eskaintza Publikoaren oinarri espezifikoak argitaratu ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA).

Oinarri espezifikoek lanbide-kategoria bakoitzeko plazetarako deialdia arautu eta plaza horien kopuruaren eta banaketaren berri ematen dute. Ebazpen multzo batez osatuta daude (ebazpen bat 20+21+22+E Lan Eskaintza Publikoa osatzen duten 110 lanbide-kategorietako bakoitzeko).

Interesdunek beren kategoriari dagokion ebazpenean kontsultatu beharko dituzte eskainitako plaza kopurua, izangaiek bete beharreko betekizunak, sartzeko prozeduraren esleipena eta prozeduraren garapena (lehiaketako blokean zein oposizio-lehiaketako blokean). Merezimenduak bi blokeetan egiaztatuko dira, eta hautaproben ezaugarriak, gaiak eta haien bibliografia oposizio-lehiaketako blokerako zehaztu dira.

EHAAn argitaratutako kategorien artean, honako hauek nabarmentzen dira, eskaintzen den plaza kopurua dela eta: erizaintza (2.228 plaza), erizaintzako laguntzailea (1.231 plaza) eta administrari laguntzailea (727 plaza). Aipatu beharrekoak dira, halaber, zeladoreen kategoria (331 plaza) eta zerbitzuetako langileena (497 plaza). Medikuen lanbide-kategoriaren barruan, plaza kopururik handienak honako hauetan eskaintzen dira: familiako medikuntza (314 plaza), larrialdietako medikuntza (151 plaza) eta anestesiologia-bizkortzea (135 plaza).

LEParen deialdian parte hartzeko eskaera 2023ko otsailaren 21etik 2023ko martxoaren 20ko 14:00etara bitarteko epean aurkeztuko da.  

Oinarri espezifikoen argitalpenarekin, eta joan den abenduaren 19an Oinarri Orokorrak EHAAn zabaldu ondoren, osatuta geratuko da 7.639 plaza eskaintzen dituen eta 2023. urtean egingo den Osakidetzaren “LEP 20+21+22+E” Lan Eskaintza Publiko berrirako deialdiari buruzko araudiaren berri emateko prozesua.